Salburua auzoko familiak, Errekabarri eraikitzeko zain

hirinet 2015ko ira. 21a, 02:00

200 haur Zaramagako Candido Ruiz de Garibay ikastetxera joan behar dira egunero, behin-behineko eraikin zaharrera.

Salburuko Errekabarri eskolak Zaramagan ekin dio ikasturte berriari. Eraikin berria ezean, Candido Ruiz de Garibay ikastetxe zaharrean ikasten jarraituko dute, hirugarren urtez, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikasleek: aurten, dagoeneko, 230 ume dira, bi eta bost urte bitartekoak, hamabi ikasgelatan banatuta.

 

"Urtero maila bat gehiago eskaintzen du Errekabarri eskolak eta, martxa honetan, eraikin berria altxatu baino lehen Zaramagako ikastetxe zaharra txiki geratuko zaigun beldur gaude", dio guraso elkarteko presidenteak, Igor Lopez de Ondategik.

 

Iliada pasealekuan hutsik jarraitzen duen partzelaren aurrean mintzo da: "Hasieran, datorren urteko abenduan zentro berria estreinatuko genuela  esan ziguten, baina epea atzeratu da". Lanak  datorren urtarrila-apirila bitartean hasiko direla hitz eman die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak. Hartara, 2017-2018 ikasturterako bukatuta egongo lirateke, lanak egiteko gehienezko epea urte t'erdikoa delako.

 

 

Lopez de Ondategiren hitzetan, "okerrenean jarrita, litekeena da makinak apirila arte lanean ez hastea; beraz, bizpahiru urte barru egingo genuke lekualdatzea, segur aski 2017-2018 ikasturtean". Iraila horretan bertan nahiko lukete auzoan egon, eta horretan "tematuko" dira; hori posible ez izatekotan, mudantza ikasturtearen erdian egiteko prest daude.  Hori nahiago dute, 2018ko irailera arte itxaron baino.

 

Bi urtekoak, kotxez

"Eragozpen eta deserosotasun ugari" eragiten dizkie familiei behin-behineko egoera honek, honezkero hiru ikasturte beteko dituena. Zaramagatik bi eta  lau kilometro bitarteko distantziara bizi dira gehienak, eta kotxea edo autobusa behar izaten dute haurrak eskolara eraman eta ondoren jasotzeko. Hiru urtetik gorakoentzat badago autobus zerbitzua; ez, ordea, bi urtekoentzat: "Seme-alaba bat baino gehiago duten familientzat nekagarria da, nagusia autobus geltokian utzi eta, presaka, txikiena kotxez eraman  behar izaten dutelako askok".

 

Garraio publikoa ez da euren beharretara moldatzen, guraso elkarteko presidenteak zehaztu duenez: "Gehienek 6. linea hartu behar dute,  ondoren 2. lineara autobus-aldaketa egin eta, bukatzeko, hamar minutu ibili; hori, jakina, autobusean tokia lortzen baldin badute, bi haur-aulki baino ezin direlako igo ibilgailu publiko bakoitzeko".

 

Oraingoz, bi urteko haurrentzat autobusa jartzeko eskakizunari ezezkoa eman dio Hezkuntza sailak. Eguerdian garraio zerbitzua emateari ere uko egin dio, "haurrak jantokian geratu daitezkeela argudiatuta". Hori bai, Udaletxeak Zaramagako ikastetxearen atean "bus geltoki duina" jartzea lortu dute gurasoek bi urteko borrokaren ondoren, "iaz arte errepidean jaitsi behar izaten zirelako umeak".

 

Bestelako aldarrikapenak ere badituzte familiek. Esaterako, kiroldegia ondo garbitzeko eskatu diote Udalari, asteburutan boteiloia egiten dutelako gazteek bertan; horretarako, udal-gobernuaren konpromisoa lortu dute. Bitartean, aldarrikapentsu, hutsik jarraitzen duen partzelan lanak noiz hasiko zain jarraituko dute.

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide