Alberto Schommer argazkilari gasteiztarra hil da

hirinet 2015ko ira. 11a, 02:00

Alberto Schommer argazkilari ezaguna atzo hil zen Donostian, 87 urte zituela. Gasteizen jaioa, Albrecht Schommer Koch, medikua eta argazkilari alemanarraren semea izan zen.

 

Gazte zelarik, Alberto Schommer pintatzen hasi zen, baina zinemaren eta argazkilaritzaren inguruko interes handia ere bazuen garai hartan. Ondoren, argazkilaritza ikasi zuen Alemanian eta Frantzian. Bere obra nazioarte mailan erakutsi da eta hainbat dira bere bizitzan zehar jaso dituen sari garrantzitsuak. Duela bi urte, esaterako, Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala jaso zuen. 1994ean Arabako Urrezko Domina jaso zuen, Arabako Foru Aldundia ematen duen saririk garrantzitsuena.

Erretratuak dira argazkilariaren lanik ezagunenak, El Pais egunkarian egiten zuen kolaborazioari esker publikora zabaldu zirenak. Erretratu hauek batez ere pertsonaia publiko eta ezagunei egindakoak izan ziren, hauen artean, Andy Warhol artistari egindakoa dago. Argazkilaritza mota hau lantzeko zuen modu bereziak oihartzun handia izan zuen 70. eta 80.hamarkadetan eta bere argazkiak Trantsizioaren kronika bisuala bilakatu ziren.

Gasteizko Adurtza auzoan bere izena duen kalea aurkitzen da eta Florida pasealekuan, aldiz, monolito bat.

 

Gasteizko Udalak zein Arabako Foru Aldundiak argazkilari gasteiztarraren heriotza deitoratu zuten atzo. "Argazkilaritza garaikidearen arloko izen nagusienetakoa izan da Alberto Schommer, artearekin konpromiso sakona frogatu duen gizona. Argazkilaritzaren historiara egin duen ekarpena, baita Gasteizko hiriarekin beti izan duen lotura, nahiko arrazoi dira Udal honen eskerrik beroena transmititzeko", azaldu zuen Udalak ohar baten bidez. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiaren esanetan, "galera hau oso triste uzten gaitu. Bakarra izan zen bere lanean eta unibertsalki eman zen ezagutzen, hala ere ez zuen inoiz bere lurraldea ahaztu. Schomerren aztarna bizirik jarrituko du arte eta kulturan erreferentzia bezala".

 

 

Alberto Schommer argazkilariaren web gunea: www.albertoschommer.com

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide