Estitxu Villamor, Fracking EZ: “Agindutakoa benetan betetzen duten gertutik jarraituko dugu"

hirinet 2015ko uzt. 10a, 02:00

Fracking-a mugatuko duen araudia onartu berri du Eusko Legebiltzarrak; herri mugimenduaren borrokaren "emaitza" txalotu du Estitxu Villamor Arabako Fracking Ez plataformako kideak.

Haustura hidraulikoa mugatuko duen araudia onartu zuen joan den astean Eusko Legebiltzarrak, EH Bilduren, PSEren eta PPren botuekin; fracking-aren debeku zuzenik ezarri ez badu ere, babeserako hainbat muga adostu dituzte. Arabako Fracking Ez plataformak abiatutako sinadura bilketak eman ditu lehendabiziko fruituak Estitxu Villamor (Gasteiz, 1987) kidearen arabera.

 

Pozik zaudete Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakiarekin?

Bai, pozik, ikusi delako herri mugimenduaren borrokarekin posible dela gauzak lortzea, erabaki politikoak hartzea. Oso eskertuta, taldearen izenean, sinatu zuten 103.000 lagun horiei. Horrek ez du esan nahi, halere, orain erlaxatuko garenik, agindutakoa benetan betetzen duten gertutik jarraituko dugulako; Hidrocarburos de Euskadiren baimenak bertan behera geratzen diren adi jarraituko dugu. Legeek batera eta bestera egin dezakete eta kontuz ibili beharra daukagu.

 

Espainiako epaitegiek araudia bertan behera uzteko aukera dago?

Guk hasiera batean lege sinpleena proposatzen genuen eta horrek bazuen arriskua, Kantabria edo Errioxan gertatu den moduan, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zezakeelako. Kataluniako eredua erabili dute azkenik, Konstituzionalaren oniritzia izan duena, eta nolabait hiru muga jartzen dituena; besteak beste, uraren legea kontuan izango da eta horren arabera ezin da akuiferoak dauden guneetan haustura hidraulikorik egin eta, bestetik, fracking-a egin nahi den zonalde osoko ebaluazio bat eskatuko da eta ez putzuz putzukoa, orain arte eskatu den moduan. Neurri hauek nahikoak dira, antza denez, Konstituzionalak atzera botatzeko aukerarik izan ez dezan, halere atzean egon daitezkeen trikimailuak ez dakizkigu.

 

EAJko kide batzuek, tartean Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, diote eraginkorragoa dela bost urteko moratoria bat, bost urtez behintzat frackinga geldiarazteko. Epaitegiek hori bertan behera uzteko aukera gutxiago dagoela diote.

Gu, egia esan, ez gara sartu baloratzera zein den legalki formularik onena, horretarako egon baitira lanean alderdiak eta euren aholkulariak. Guk ahalik eta adostasun handiena lortzea nahi genuen eta, horri dagokionez, EAJk alde batera geratu nahi izan du. Beste alderdi guztiek, hain zuzen, kontrakoa diote, alegia moratoria ez dela batere eraginkorra; Andaluzian izan zen luzamendu bat Konstituzionalak atzera bota zuena eta hori hemen ere oso erraz gerta daiteke. Alderdiek egin dituzten proposamenak banaka bozkatu dira eta EAJk bazuen aukera hauetako baten alde bozkatzeko; fracking-a debekatzearen alde baldin badago ez dugu ondo ulertzen zergatik jokatu duen horrela.

 

Zer helburu du datorren astelehenean hasiko den Frackanpadak?

Hainbat helburu ditu. Borroka honetan mundu zabalean dauden pertsonak elkartu nahi ditugu eta jende berria ere erakarri nahi dugu; nazioarteko hainbat talde izango dira euren esperientzia kontatzeko. Borroka sinboliko bat ere izango da, hain justu akanpada egingo den lekuan (Subilla Gasteiz) gasa erauzteko lehenengo putzuak daudelako. Fracking-arekin batera beste hainbat borroka ere bilduko ditu akanpadak: lurraren aldeko borroka edota ekonomia eta energia sistema honen aurka borrokan dabiltzanak, Kurdistan edo Chiapaseko lagunak...

 

Antolatutakoaren artean, zer nabarmenduko zenuke?

Larunbatekoa. Subillatik Gasteizera ibilaldia egingo dugu, hiria ere fracking-arekin "busti" nahi dugulako. Arratsaldean, ibilaldiaren ostean, Irrien Lagunak izango dira eta harrizko eguzkilore bat egingo dugu putzuak dauden tokian; parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.

 

Energia eredu berria beharrezkoa da?

Bai, noski. Halako teknikek erakusten dute erabateko menpekotasuna daukagula hidrokarburo fosilekiko; izan fracking-a edo Kanadan hondar bituminosoak lortzeko erabiltzen ari diren teknika, esaterako. Alternatiba autogestiora jotzea izan behar dela uste dut, ahalik eta energia gutxien gastatzea, eta gastatzen duguna energia berriztagarrietatik jasotzea; hauek ere badute menpekotasuna petroleoarekiko eta hauen bitartez ezin da mantendu gaur egun daukagun energia kontsumo maila, inondik inora, horregatik bilatu behar dira moduak kontsumo hori nabarmen gutxitzeko.

 

Frackanpada

 

Uztailak 13, astelehena

 

08:00-12:00: Ongi etorria

17:00: Akanpadaren aurkezpena

19:00:  Lurraren defentsarako borrokak Euskal Herrian

22:30: Antzerkia: Monstrenko

 

Uztailak 14, asteartea

12:30: Mahai-ingurua: Kantabria eta Burgosko borrokak

22:30: Dokumentala eta solasaldia

 

Uztailak 15, asteazkena

09:30: Mendi irteera. Urari buruzko mahai ingurua eta tailerra

17:00: Elikadura burujabetzari buruzko hitzaldia

 

Uztailak 16, osteguna

22:30: Kontzertuak eta antzerkia: Amaia Zubiria eta Detritus Teatrus

 

Informazio guztia: frackanpada.org

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide