Gorka Belamendia, Ataria interpretazio zentroa: “Oraindik ezusteko ugari emango dizkigu Salburuak”

hirinet 2015ko uzt. 27a, 02:00

Hegaztiak behatu, oreinen marruma entzun edota landare espezieak ezagutzeko asmoz, ehunka lagunek bisitatzen dituzte egunero Salburuko hezeguneak; parkearen eta Ataria zentroaren arduradun nagusia da Gorka Belamendia.

Salburuko hezegunea bisitatzen duen lehena izaten da, goizero, Gorka Belamendia Ataria naturaren interpretazio zentroko arduraduna. Parkean osteratxoa egiten du, egunsetiarekin batera, dena behar bezala dagoela ikusi eta lanean hasteko. "Sorpresa ugari izaten da parke honetan eta halakorik badago nik izan nahi dut jakiten lehena".

 

Ezustekoen artean, botulismoak jotako hainbat hegazti aurkitu zenituzten orain egun batzuk.

Zorionez, Ingurumen sailetik laginak egiten hasi ziren lehendabiziko botulismo kasua baieztatu aurretik. Ikusirik iaz ustekabean harrapatu eta kolpatu gintuela botulismoak, inork ez zuelako halakorik espero, aurten ekaina amaierarako hasi ziren jarraipena egiten. Alerta neurri horien ondorioz lehendabiziko kutsatutako kaio bat jaso zuten eta lau egun beranduago Neiker laboratorioetan baieztatu zuten; gaur egunera arte 37 jaso dituzte. Horrek, noski, kezka eragin du.

 

Beharrezko neurriak hartu al dituzue?

Gogoratu behar dugu botulismoa izateko arrazoi nagusietako bat infekzio bidezkoa dela, eta neurriak hartzea zaila da; hildako animaliek toxina bat sortzen dute, bertatik elikatzen dira larbak eta horiek, era berean, beste animalia batzuek jaten dituzte, ahate edo zikoinek tartean. Hortik aurrera, olioa uretan bezala barreiatzen da. Kutsatutako animaliak jasotzearekin, aurten, iaz izan genuen kutsadura gunea murriztea lortu dugu.

 

Neguan ere hainbat orein agertu ziren hilik, hotzaldiaren eraginez. Hurrengo urtean berdina gerta daiteke?

Dudarik gabe deigarria eta kezkagarria izan zen guretzat, bat batean hainbeste orein hilik ikustea. Baina gertaera zehatz baten moduan ulertu behar da, elurte handiak izan genituela eta, harekin batera, tenperatura baxuak. Hotzaldia ikusita animaliei jaten ematea erabaki genuen baina neurria ez zen aski izan; esperientziarik gabeko orein gazteak jatekora heltzeko zailtasunak izan zituzten eta zaharrak ahultasunez hil ziren. Orein menderatzaileek janariaren gunea hartu zuten eta besteak janaririk gabe utzi; eta gainera, hausnarkariak izanik, ez dakite asetutakoan jateari uzten eta indigestioz hil ziren batzuk guk emandako janari osagarriaren ondorioz. Salburuko hildako kopuru hori, halere, Gorbeian, Nafarroan eta beste hainbat lekutan jazo zen; egoera klimatikoak ezin dira aurretik ezagutu eta beraz zaila da erabakiak hartzea, baina honek erakutsi digu beharbada arinago eman beharko dugula janaria eta hainbat gunetan banatu beharko dugula hurrengoan. Ikasi dugu, batez ere, Salburuak harrera gaitasun mugatua duela oreinen kopuruari dagokionez, oreka mantentzen duela, eta nolabait naturak gure lekuan jarri gaituela.

 

Ataria gunean zer lan ari zarete jorratzen une honetan?

Orain arte zabalkundea, komunikazioa eta sentsibilizazioa izan dira lan ildo nagusiak, baina azken hiru urteetan beste ildo estrategiko bat hasi dugu: parte-hartzea. Uste dugu zientzia demokratizatzeko garaia dela, herritarren parte-hartzea bermatuz, herritarrak zientifiko eta administratzaileen eskutik lan eginez abian diren egitasmoetan. Hala, eurek egindako lana, bildutako datuak baliagarriak izan daitezkeela erakutsi nahi dugu, partaide izan daitezkeela biodibertsitatearen kontserbaziorako kudeaketa hobetzeko egitasmoetan. Herritarren sare hori etengabe ari da handitzen, eta dagoeneko 85 lagunek parte hartzen dute natura proiektu horietan. Atariatik abiatuta, udalerri osorako egitasmoak ari dira lantzen.

 

Orkideak izan ziren lehendabiziko egitasmoko protagonista, ezta?

Bai, denok ezagutzen ditugu lore eder horiek, baina ez genuen ezagutzen udalerrian ditugun espezieak, katalogazioa edota egutegi fenologikoa, noiz eta non loratzen diren...

Herritarren sarearen bitartez lortu dugu gure espazio berdeen kudeaketa egokitzea, eta hiriko lorategi eta inguruko larreetan orkideen loraldien arabera lanean jartzea. Belar-mozte kopurua noiz eta non egitea zehaztea lortu dugu, esate baterako. Kontuan izan behar da, gainera, orkidea kopuruaren arabera, lehentasunezko habitat naturalak direla belardi horiek, Europak zehaztutakoaren arabera, eta beraz babes handiagoa dutela gune horiek.

 

Burruntzien inguruko egitasmo bat ere baduzue martxan.

Bai, odonatuen inguruko programa bat dugu, libelula eta sorgin-orratzen ingurukoa. Egitasmo horren bitartez gure urmael eta putzuetako biodibertsitatea hobetzea da, espezieen kopuruari dagokionean. Libelulak dira biodibertsitatearen neurtzaile onenetakoak eta guk ia ez ditugu hiri barruko urmaeletan, Arriagan eta San Martinen esaterako. Azterketaren ondoren badakigu zer dugun eta laster neurriak hartzen hasiko gara, landare egiturak paratuz, parke hauen harrera gaitasuna hobetzeko helburuarekin. Egitasmo hauen bitartez jakin dezakegu zer dugun gure inguruan, udalerri guztian, eta ingurugiro sailak zer neurri har ditzakeen.

 

 

 

Haurrentzako egitasmoak badituzue?

Bai, garrantzitsua da txikitatik gure ingurua ezagutu eta arakatzen ikastea. Uda honetan, esate baterako, ingurunea aztertu eta deskubritzeko udalekuak prestatu ditugu, euskara ardatz, baina gaztelania eta ingelesa ere tartekatuta. Jende guztiarentzako moduko programak prestatzen saiatzen gara.

 

Bisitari kopuruak nabarmen egin du gora azken urteetan; Gasteizko gunerik bisitatuena da. Ez al du horrek arriskurik parkearentzat?

Bai, egia esan, ikaragarria da Gasteizko Eraztun Berdea zenbat lagunek bisitatzen duten, bi  milioi lagunek urtean, eta Salburua da bisitatuena, milioi bat ingururekin... Dena den, datuek erakusten digute, Gasteizen datu demografikoak batera joan direla espezieen kopuruarekin; alegia, beste hiri batzuetan demografiak gora egiten duenean espezie kopuruak behera egiten du inbasioagatik. Baina, Gasteizen azken hogei urteetan bestelakoa izan da joera, paralelo joan da herritar kopurua eta espezie kopurua. Dudarik gabe kezka da guretzat, "arrakastaren eraginez" halako gune bat akabatzea, baina ez da arriskurik.

 

Ondo bizi dira animaliak hirigunetik gertu, beraz?

Are gehiago, aurten bertan bi espezie kume berri aurkitu ditugu hezeguneetan, bi lertxun espezie berri; Betoñun daude, urmael erdian, sahats batzuetan, etxe batetik 500 metrora..Horrek esan nahi du hezeguneak harrera gaitasun bikaina duela, eta herritarrek eragiten dituzten trabak ez direla oso handiak; hain zuzen,  hegazti hauek nahiko bereziak dira eta trabarik izanez gero ez lirateke  gerturatuko. Halakoek ilusioa berpizten digute eta erakusten digute oraindik Salburuko hezeguneek ezusteko ugari emango dizkigutela.

 

Egilea: Anakoz Amenabar

Argazkiak: Peter M. eta Leire Sanchez

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide