Salburuko oreinen marrualdia zuzenean ezagutzeko jarduerak antolatu dira Atarian

hirinet 2014ko urr. 9a, 02:00

Udazkena heldu da eta horrekin batera oreinen araldia.

 

Horregatik, Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroak marrualdiarekin lotutako jarduera ugari antolatu ditu astebururako. Ostiralean marrualdia hobeto ezagutzeko eta zuzenean behatzeko ‘Marrualdiaren gaua’ ekintza eskainiko du, arratsaldeko 20.00etatik 23.30era. Jarduera honek gastronomia eta zientzia uztartuko ditu, parte hartzaileek oreinen eztarriko hotsez, afari goxoaz eta aditu baten hitzaldiaz gozatzeko aukera izango dutelako. Jardueraren prezioa 20 eurokoa izango da, eta 14 urtetik gorakoei zuzenduta dago.

 

Horrekin batera, marrualdia gertutik ezagutzeko natur ibilbideak antolatu dira. Batetik, gazteei zuzendutako ibilbidea egingo da. Izan ere, Xtracluben eskutik “Zatoz marrualdira eta Salburua gauez ezagutuko duzu” jarduera eskainiko zaie 12 eta 18 urte bitarteko gazteei. Helburua, Atarian gau bat ematea da, iluntzen  duenean hezeguneak zer eskaintzen digun ezagutzeko. Jarduera larunbatean hasiko da, 18:30ean Judimendiko gizarte etxetik abiatuta, eta igandeko 13:30ean bukatuko da, leku berean. Guztira, 20 leku eskainiko dira.

 

Bestetik, publiko orori zuzendutako ‘Marrualdia’ natur ibilbidea, berriz, Atarian izango da, larunbatean, 19:30etik 21:00etara. Izena ematea beharrezkoa da.

 

Informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide