Munduko liga oneneko jokalari bikain bat “Buesa Arena” berrituan ikusteko aukera itzela suertatu zen, eta bere kalitateak ekarpen oparoa egingo zionaren ideia lau haizeetara zabaldu zen, batik bat komunikabideei esker.
Gisa honetan, ilusioa piztu zen Baskoniaren jarraitzaileen artean eta halako batean bere debuta iritsi zen eta honekin batera jokatzen ikusteko aukera. Halaber, bere distirarik distiratsuena ikusteko paradarik ez da izan, eta ondorioz sortu zen ilusioa apur bat itzali egin da, are gehiago azken aste honetan jakin dugun berriaren ondoren. Izan ere, lesio baten erruz bi hilabete jokatu ezinik egongo da, eta bere errekuperazioa Estatu Batuetan burutuko du.
Hala eta guztiz ere, bere hitzak oso hunkigarriak izan dira eta eskerrak eman nahi izan dizkie gasteiztarrei eta klubari, hauek erakutsi dioten babes eta laguntza paregabeari, benetan maitatua sentitu omen da eta. Dena den, bere Baskoniako bidaia hemen amaitu ez dela esan du, egun Baskoniari ordezkatzen diola eta errekuperatzen denean Gasteizera itzuli eta bertako ikusleei erakustaldi aparta eskaini nahi dielako.
Gauzak horrela, sortu zen ilusioa apur bat ahuldu den arren, etorkizun batean berriro ere hemen izango dugunaren ilusio zein esperantzara kondenatuak egon beharko dugu. Bitartean, inoiz baino argiago eta ozenago: AUPA BASKONIA!
Egilea: Mikel Villarrolain