Hagin minez (II)

hirinet 2013ko urr. 21a, 09:53

hagin1Mendietako haginak alde batera utzi, eta Gasteizko kale edo lorategietan ikus daitezkeen haginetan jarriko dugu arreta.

 

Hemen ere bi multzo egin daitezke: bata ia oharkabean pasa liteke, alegia, heskai edo setoetarako erabiltzen den hagin-landare trinkoa, itxia, mozketa gogorrak jasan ditzakeena. Bestea izango litzateke gora eta zabalera hazten den hagina, urteen poderioz oso itxura ederra hartzeraino, Florida parkeko haginak, kasurako.

 


hagin2

Hagina, Florida parkean


Hagina zuhaitz dioikoa da, esan nahi baita generoak banatuta dituela: oin batzuk arrak dira eta beste batzuk emeak. Uste izatekoa da emeek estimazio handiagoa dutela, fruitua heltzen denean oso itxura polita hartzen duelako, hostaje berde ilunean dena pinporta gorriz ziprintinduta. Baina honetan ere usteak erdia ustel, zeren eta, antza denez, ale batzuk hermafroditak baitira (arrak eta emeak batera), eta beste batzuk aldi batez genero batekoak dira, eta beste aldi batez beste generokoak. Honetan ere bide polita metaforetarako, irudimena pixka bat astinduz gero…


 

hagin3

Arriaga parkean


Dena den, nik metafora eta irudirik ederrena lagun batek oparitutako liburu batean topatu nuen. Leon probintziaren iparraldeko haginez ari dela honela dio (libreki euskaratuta):


Hagina: oinez dabilen zuhaitza

«Zuhaitzak ez omen dira mugitzen. Ondo dator hori jakitea; etengabe aldatzen ari den gure munduan, zuhaitzak beti kieto. Ala ez?

Hagin batzuek bereizgarritasun bitxi bat dute beren hazkundean, basoan barrena aurrera egiteko bidea ematen diena: “adarren apaldura” deitu liteke. Adinean sartuxe, adar zaharrenak lurra ikutzeraino makurtzen dira, horrela metro batzuk aurrera eginez enbor nagusitik. Behin lurra ukituz gero, bertan itsatsi, eta erroak egingo ditu adar abailduak, zuhaitz “berri” bat sortuz. Adar-zubi hori hainbat urtez egon liteke indarrean, zuhaitz zaharraren eta berriaren arteko elikagaiak garraio, biak ala biak berdin-berdinak baitira genetika aldetik. Toki zelai eta egoki batean, zuhaitz zaharrak familia moduko zerbait osatuko luke bere ingurumarian, denak haren kopia peto-petoak izanik ere.»

 

Gasteizen haginak ikusteko tokirik onena, nire ustez, Santa Isabel hilerri zaharra da. Zuhaitzaren sinbologia teluriko-funebrea ezin hobeto uztartzen da hilerriko panteoien artean.

hagin4

hagin5



Hilerritik aparte ere, Florida parkean edo Arriagakoan ez dira falta hagin ederrak. Eta seguru nago han eta hemen beste asko daudela deskubritzeko ditudanak. Irakurleak ba al daki bateren baten berri?


Egilea: Martin Rezola

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide