Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .eus domeinua onartu dute

hirinet 2013ko eka. 17a, 09:45

puntuEUS_PRENTSAURREKOA02Urteetako lana eta pazientzia eskatu duen prozesuaren emaitza iritsi da, izan ere, urtebete oso bat ebaluazio fasean eman ondoren, ICANN erakundeak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .eus domeinua onartu du.

“Euskararen herriaren nazioarteko aitortza” lortu da aurrerapauso honekin, .eus lehen mailako Interneteko domeinu bat baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako “tresna global bat”, adierazi dute prentsa agerraldian.



Proiektua jaio zenetik sei urte pasa dira, eta lau urte PuntuEus Fundazioak proiektua aurkeztu zuenetik. “Euskara eta euskal kultura Interneten ikusgarri bilakatzea eta Interneteko presentziari, izanari, izena jartzea” hartu zuten erronkatzat lehenengo momentutik. Prozesuak hala eskatuta, ia isilik mantendu da PuntuEus Fundazioa proiektua aurkeztu eta hurrengo lau urtetan.


Prozesua luzatu eta atzeratzearen arrazoi nagusia, eska zitezkeen domeinu kopurua eta hauen izaera ziren. Prozesua gTLD (Generic Top Level Domain) domeinuei dagokie, hau da, lehen mailako domeinu orokor guztiei. Horregatik eskatu ahal izan dira .fiat edo .epson. Edo .helsinki edo .paris. Edo .blog edo .wiki. Edo .com arabieraz, japonieraz, korearrez, txineraz edota errusieraz. Baita .eus, .gal, .bzh eta .scot ere. Izen orokor guztiak ziren domeinu potentzialak eta, hortaz, eskari kopurua eta eska zitezkeen izaera ezberdinetako domeinu guztientzat baldintza eta ebaluazio irizpide berdinak definitzeak, eztabaida sakon eta luzeak sortu ditu bidean. Hori guztia ondo definitu arte ez zuen ICANNek gTLD berrien prozesua ireki eta hori 2012ko urtarrilean jazo zen.


Hurrengo urratsa, PuntuEus Fundazioa sortzea izan zen, domeinua eskatzen zuen erakundea izango baita, etorkizunean, domeinua administratu, kudeatu eta kontrolatuko duena. Horregatik, 2012ko martxoaren 6an, PuntuEus Elkarteak sortutako PuntuEus Fundazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen erregistroan sartu zen. Hasiera honetan, PuntuEus Elkartearen sortzaile izan zirenek osatzen dute patronatua, baina Fundazioaren estatutuetan agertzen den moduan, bi urtean behin aldatu egingo da eta, beraz, PuntuEus Elkarteko kide guztiek izango dute lekua.


Hurrengo hilabeteetan, PuntuEus Fundazioak ICANNekin kontratua sinatuko du, PuntuEus Fundazioari .eus domeinuaren administrazioa, kontrola eta kudeaketa delegatuko zaizkiolarik. Eta ondoren, ICANNekin proba teknikoak egin behar dituzte, .eus martxan jarri daitekeela ziurtatzeko. Azkenik, .eus domeinuaren bigarren inflexio puntua etorriko da, non webguneak .eus domeinuarekin erregistratu ahal izango ditugun. Hori 2014ko apirila inguruan gertatuko da eta bitartean, PuntuEus Fundazioak egutegi, urrats eta aukera guztien berri emango du.logo_eus


Esan bezala, PuntuEus Fundazioak egin zuen eskaria baina .eus domeinua lortu bada, ez da PuntuEus Fundazioaren lanari esker soilik izan. .eus domeinua onartzea milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoagatik izan da posible: egunero-egunero euskarazko Internet posible eta errealitate egiten duten horiei guztiei esker; Interneten euskaraz aritzen diren horiei guztiei esker; euskarazko tresnak eta denetariko aplikazioak sortzen eta erabiltzen dituzten horiei guztiei esker. “Horiek gabe, ez dago Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitaterik sarean eta beraiei esker, .eus domeinuak esanahia eta zentzua du”, adierazi dute.


.eus txoko guztietan ikusteko eguna gero eta gertuago dago, “jada, euskararen herrian badugulako datozkigun erronka berriei erantzuteko tresna bat gehiago”. Eta ez edonolakoa: .eus domeinua komunitate oso bat elkarlotzeko gaitasuna duen tresna baita. Eta hau guztia ospatzeko, datorren ostiralean, ekainaren 21ean, PuntuEus ekitaldi bat antolatu du EHUko Paraninfoan, Bilboko Abandoibarran, 13.00etan hasita.


Une honetan, hauek dira patronatuan ordezkaritza duten erakundeak:

Euskaltzaindia

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua

Euskal Konfederazioa

Euskal Idazleen Elkartea

Euskal Herriko Unibertsitatea

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa

Ikastolen Elkartea – Partaide IEP

Euskal Irrati Telebista

Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoa

Euskadiko Informatikako Ingeniarien Elkargo Ofiziala

PuntuEus Elkartea (fundazioaren sortzailearen izenean)

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide