Aurrerapausorik ez Vitalquilerreko kaltetuentzat

hirinet 2013ko mai. 22a, 11:55

vitalquiler-kontzentra“Iruzur baten biktimak” sentitzen dira Vitalquiler programan parte hartzen duten lagun askok eta halaxe adierazi du Adi Vitalquiler plataformak ohar baten bitartez. Hilabeteak aurrera doaz eta alokairuzko etxebizitzen programa honen onuradunek gaur-gaurkoz oraindik ez dakite datorren urtean beren etxetan jarraitu ahal izango duten, ekimen honen jabe den Kutxabank entitateak diru-laguntzak desagerrarazteko asmoa azaldu baitzuen urte hasieran.


Babes ofizialeko 1000 etxebizitza inguru hartzen ditu 2004an abian jarri zen Vitalquiler programak eta erabiltzaile batzuek diru laguntzak jasotzen dituzte errenta ordaindu ahal izateko. Plataformak eragindako presioa dela-eta, laguntza ekonomikoak urte honetan zehar luzatzea lortu dute, baina 2013tik aurrera zer gertatuko den zehazteke dago. Zentzu honetan, onuradunek jasotako gutunetan argi geratzen da diru-laguntzaren iraupena aurtengo abenduan bukatzen dela. Irtenbideak bilatze aldera, zenbait elkarretaratze burutu dituzte Kutxabank zein Adania etxe sustatzailearen egoitzen aurrean. Gatazka honetan inplikatuta dauden arduradunekin ere bildu egin dira.


Denbora honetan izandako bileretan, aldiz, “promesa asko” entzun dituzten arren, aurrerapausorik ez dela eman salatu dute oharrean. Orain arte, Gasteizko Hirigintza zinegotziarekin, Miguel Garnicarekin; Adaniako presidente den Julian Esteban Lizarragarekin; eta Fernando Aranguiz, Vital Kutxa eta Gizarte Ekintzako arduradunarekin elkartu dira eta aurrerapausoak emateko konprometitu diren arren idatziz ez diete ezer aurkeztu.


Adi Vitalquilerrek adierazten duen moduan, alokairuaren gehienezko prezioa ezarri du Vitalquiler enpresak eta honela, gehienez, 425 euro (logela bakarreko etxebizitzetan), 475 euro (bi logela) eta 525 euro (hiru logela) ordaindu beharko dute errentagatik. “Honekin apurrak ematea besterik ez dutela bilatzen” eta ez dela nahikoa salatzen dute. Aurreko prezio honi Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) gehitu behar zaiola-eta, azkenean, merkatu libreko alokairuak baino garestiagoa suertatzen zaie babes ofizialeko etxe hauetan bizitzea. Abaletarako eskatzen zaien diru kopurua zein kontratuetan agertzen diren baldintzak “gehiegizkoak” direla irizten dute eta gaineratzen dutenez, “ordaintzen dugun diruarekin ez dute etxebizitzen mantenimenduan inbertitzen”.


Horiek horrela, Vitalquilerreko errentak Eusko Jaurlaritzak 2010ean babes ofizialeko etxebizitzetarako ezarritako baremoetara egokitzea eskatzen du plataformak, baita programa beraren iraupena ere, Kutxabank-eko Gizarte Ekintzaren babesarekin ez bada ere, beste entitate publiko zein pribatuen laguntzarekin.


Irudia: @pisovitalquiler

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide