Radio Vitoriako 10 langile kaleratu nahi ditu EITBko zuzendaritzak

hirinet 2013ko mai. 22a, 09:48

sos-radio-vitoriaEITBko zuzendaritzak Radio Vitorian murrizketak egitea erabaki du eta 10 langile kaleratzeko asmoa duela salatu dute irratiko beharginek, hau da, langileen %25 inguru. Hasiera batean, Maite Iturbe EITBko Zuzendari Orokorrak Radio Vitoria “mantenduko eta zainduko” zutela esan arren, aipatutako langileek “kontraesanetan” erori dela salatu dute.

Murrizketa honek “gaur ezagutzen dugun irratia aldatuko luke”, diote langileek. Datorren urtean 80 urte beteko ditu irratiak eta aldarrikatu duten moduan, “arabarren irratia da, gertukoa, anitza, konprometitua eta berehalakoa; beti egoten da Arabako gertakari guztietan”.

Aurreikusten dituzten 10 kaleratze hauek “irratiaren programazioan eta adierazpen askatasunean” eragina izan dutela adierazi dute. Horrez gain, arabarrek “zerbitzu publiko bat” galduko dutela diote eta “Arabako gizarteak ez du hori merezi”.


Albistea ezagutzera eman denetik, gasteiztarrek ehundaka mezu bidali dituzte irratia babesteko eta langileei elkartasuna adierazteko. Gasteiztarrak Radio Vitoriaren programazioa mantentzearen aldekoak dira eta askoren ustetan, EITBk  Araba kaltetu nahi du Bizkaiaren mesedetan, izan ere, Radio Vitoriak Radio Euskadiren programazioa aireratuko du ordu askotan eta hortaz, Gasteizko albisteetan murrizketa emango litzateke.


Gasteizko udaleko alderdi guztietako ordezkariak murrizketa hauen aurka agertu dira, hala nola, Javier Maroto alkatea, Gorka Urtaran (EAJ), Patxi Lazcoz (PSE) eta Kike Fernandez de Pinedo (Bildu).


Radio Vitoriaren lana aldarrikatzeko eta arabarren elkartasuna jasotzeko SOS Radio Vitoria izeneko profilak zabaldu dituzte sare sozialetan.


SOS Radio Vitoria Facebook 

SOS Radio Vitoria Twitter 

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide