Garoñaren luzapena eskatzeko epe berria eman diote Nuclenorri

hirinet 2013ko mai. 20a, 17:13

garonaSegurtasun Nuklearreko Kontseiluak epe berria eman dio Nuclenorri Garoñaren luzapena eska dezan. Erabakia hartzeko lau bilera egin ditu kontseiluak eta, azkenik, PPko bi kontseilariek eta CIUkoak aldeko botoa eman dute; PSOEko kontseilariek, berriz, kontra azaldu dira.

 

Iragan azaroan Nuclenorrek berak Garoñako zentral nuklearra ixteko plana Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari (CSN) aurkeztu bazion ere, oraingoan, nuklearraren jarduera beste urtebetez luzatzeko eskatu eta onartu egin diote. Zentrala 2019 urtera arte martxan izateko, 2012ko irailaren 6 baino lehenago eskatu behar zuen baimena Nuclenorrek, Iberdrolak eta Endesak osatzen duten enpresak, baina halakorik ez zuen egin orduantxe Espainiako Kongresuak zerga berriak onartu behar baitzituen eta zerga berri horiekin Arabatik kilometro gutxira dagoen nuklearra ez zelako ekonomikoki bideragarria izango.


Horiek horrela, Tobalinako haranean kokatutako zentralaren bizitza uztailaren 6an bukatuko zela aurreikusten zen. Orain bi aste, aldiz, nuklearraren etorkizuna berriro ere zalantzan jarri zen, izan ere, martxan izateko baimena (elektrizitaterik ekoiztu gabe) beste urtebetez luzatzea eskatu zioten Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari. Eta, lau egunez aritu dira aukera hau eztabaidatzen.


Zentzu honetan, Nuclenorrek Garoñaren jarduera beste urtebetez luzatzea lortuko balu denbora irabaziko luke aurrerantzean nuklearrarekin zer gertatuko den erabakitzeko. Madrilgo Gobernuak energia arloko erreforma berria aurkeztuko du hemendik hilabete gutxira eta, antza denez, ezarriko diren baldintzak arinduko dira. Araba Garoñarik Gabe plataformak zein zenbait alderdi politikok kezka agertu dute zentrala kudeatzen duen enpresaren azken mugimendu honen aurrean. Bestalde, oso bestelakoa izan da Espainiako Industria ministroa den José Manuel Soriaren iritzia, bere ustetan oso albiste ona izan baita Nuclenorrek hartutako erabakia.

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide