Marian Castellanos zinegotziaren aurkako gaitzespen ofiziala onartu du oposizioak

hirinet 2013ko mai. 15a, 20:53
marian-castellanos-gaitzespEAJk, PSOEk eta Bilduk botoak elkartu dituzte eta Marian Castellanos zinegotziaren aurkako gaitzespen ofiziala onartu dute osoko bilkuran; bertan PP izan da aurka bozkatu duen bakarra. Oposizioaren ustez, Castellanosek “gezurra” esan zuen elurteei aurre egiteko planaren balantzea egin zuenean. Apirilaren 22an zinegotziak Elurrari Aurre Egiteko Plana aurrera eramateko 319.367 euro gastatu zirela adierazi zuen. Izan ere, gerora jakin zen gastua 590.000 euro ingurukoa izan zela. Castellanosek “nahastu” egin zela esan zuen, 2013ko datuak eman beharrean 2012koak eman zituela.

 

Oposizioak, aldiz, Elurteei aurre egiteko Planaren datuak emateko orduan “datuak faltsutzea” eta “informazioa ezkutatzea” leporatzen dio zinegotziari. Gasteizko Udalean gaitzespen ofizial bat egiten den lehen aldia da. Hala ere, osoko bilkuran onartu den gaitzespen ofizial hau ‘zigor sinboliko” bat besterik ez da, ez du ondoriorik edukiko eta Castellanosek ez du bere karguari uko egin beharko. Javier Maroto alkateak Castellanos babestu du eta Idoia Garmendia zinegotziak, bere aldetik, gaitzespen hau “neurrigabea eta arrazoirik gabekoa” dela adierazi du. “Castellanosek lau aldiz eskatu zuen barkamena eta ez du gezurrik esan”, esan du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide