Hala Bedi 30 urte, bazkide kanpaina berria eta mahai-inguru zikloa

hirinet 2013ko mai. 10a, 14:54

hala-bedi-bazkide-kanpaina1983an hasi zuen bere ibilbidea Hala Bedi irratiak eta hortaz, aurten 30 urte beteko ditu. Denbora luze honetan, irrati libre eta autogestionatuen eremuan, erreferente bilakatu da eta Hala Bediko kideen esanetan, “hori bada ospatzeko modukoa”. Hori dela eta, hainbat eta hainbat ekitaldiz betetako egitaraua eskaintzen ari dira 2013an zehar.

Hasieratik, autogestioa, asanblada eta partaidetza oinarri izan ditu Hala Bedi irratiak. “Jende ugariren borondatezko lanari esker egiten dugu egiten duguna. Informazio kritikoa eta eduki propioak sortzeaz eta komunikazio-bide alternatiboak plazaratzeaz gain, harro gaude gure antolaketa-ereduaz ”, diote kideek.

Eredu horri tinko eutsiz begiratzen diote etorkizunari, izan ere, ideia eta proiektu berriak badituzte Hala Bedin, esaterako, Halabideoak atala, webgunea eta sare sozialak. Baina guztiaren gainetik, emisio bakarretik bira pasatzeko helburu irmoa dute: orain arteko emisio elebiduna mantendu eta euskara hutsezko emisioa izango duen HBI-2 martxan jarri.


Proiektua “ez da hutsaren bidez mantentzen” eta hori dela eta herri mugimenduaren laguntza ezinbestekoa du irratiak. “Izaera eta egitasmo librea” mantendu ahal izateko, Hala Bedik laguntza behar du eta bazkide-kanpaina berria jarri du martxan, “Egin zaitez Halabelarri, izan zaitez Hala Bedi!” lemapean. Helburua, egungo 666 bazkidetik 999 bazkidera iritsi. Halabelarri izateko informazioa Hala Bedi tabernan, irratian bertan eta halabelarriak@gmail.com helbidean aurki dezakezu.


Mahai-inguru zikloa


30.urteurrenaren ospakizunen baitan Hala Bedik mahai-inguru ziklo interesgarria prestatu du maiatzerako. Hirugarren urtez jarraian, gaurkotasunezkotzat jotzen dituzten gaiak jendarteratzeko asmoz hiri mahai inguru antolatu dituzte:


Maiatzak 15: “Hedabideak Euskal Herrian. 30 urte eta gero zer?”

Parte hartzaileak: Aritz Agirre (Euskadi Irratiko albistegien zuzendaria), Gorka Bereziartua (Argiako kazetaria), Agus Hernan (Antxeta irratiko zuzendaria) eta Alberto Barandiaran (Hekimeneko zuzendaria).

Gaia: Azken hogeita hamar urteotan euskal hedabideetan eman den bilakaera eta gaur egungo egoera ikuspuntu ezberdinetatik eta modu kritikoan aztertzea da asmoa.


Maiatzak 22: “¡Que vienen los vascos!”

Parte hartzaileak: Patxi Baztarrika (Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politikarako sailburuordea), Zigor Etxeburua (Gipuzkoako Aldundiko euskara zuzendaria), Jon Sarasua (kulturgile eta

irakaslea) eta Ramon Etxezarreta (PSEko kidea).

Gaia: Azken 30 urteotan euskararen inguruan ezagutu ditugun politikak eta euskalgintzatik egindako lana izango dituzte eztabaidagai. Euskararen egungo egoera aztertu eta aurrera begirako estrategia ezberdinen inguruan arituko dira. Gazteleraz izango da mahai-ingurua, eta nabarmendu nahi dute hori: “euskararen afera euskal hiztunen komunitatetik kanpo zabaldu nahi dute, jendarte osoari eragiten dion gaia dela uste baitute.

Maiatzak 29: “Alternativa popular a las instituciones, ¿existe?”

Parte hartzaileak: Mikel Zuloaga (herri mugimenduko kidea eta idazlea), Hasier Arraiz (Sortuko presidentea), Jasone Mitxeltorena (Auzolana ekimena) eta David Fernandez (CUP).

Gaia: Kasu honetan, euskal politikagintzan nazio eraikuntzari eta aldaketa sozialari begira azken urteotan egindako lana eta egungo paradigma aldaketaren aurrean zabaltzen diren aukera berriak eta zalantzak izango dituzte eztabaidagai.


Lekua: Ignacio Aldekoa kultur-etxea

Ordua: 19.30ean

 

Informazio gehiago: www.halabedi.org

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide