Animalien inguruko araudia Gasteizen: ikuskizunetan gatibu dauden animalia basatirik ez eta txakurrak solte eramateko lekuen murrizketa

hirinet 2013ko mai. 8a, 13:32

zirkua gasteizGasteizera etortzen diren zirku eta ikuskizunetan gatibu dauden animalia basatiak erabiltzea debekatuko du udalak, Bildu, PSE eta EAJ udal taldeek onartu duten zuzenketa aurrera ateratzen bada. Egun berritzen ari diren animalien inguruko ordenantzan debeku hau sartzea eskatu zuen Bildu udal taldeak, elkarte ekologistek zein animalien aldekoek eskatuta. Modu honetan, tigreak, elefanteak, krokodiloak, narrastiak eta sugeak ez dira ikusgai izango hirian egiten diren ikuskizunetan, bai, ordea, astoak, zaldiak eta bestelako animalia etxekotuak. Izan ere, aipatutako zuzenketa honek ez du zezenketetan eraginik izango, PSEk eta EAJ, ez baitute horrela ikusten. Gainera, udal gobernuaren ustez, zezenketen eskuduntza Eusko Jaurlaritzarena da.

Esan bezala, araudi honek ez ditu animalia etxekotuen erabilera debekatzen eta hortaz, blusek urtero antolatzen dituzten asto lasterketek edo abuztuaren 5ean egiten diren idi proba erakusketek bere horretan jarraituko dute.

Hortaz, antza denez, eta PSE eta EAJ udal taldeek ez badute atzera egiten, aipatutako debekua ezarriko da.


Txakurrak hirian


Animalien inguruko ordenantza berri honetan txakurren gaineko arauak ere aldatuko dituzte. Printzipioz, txakurrak eguneko 24 orduetan solte eramateko aukera egongo da, baina bakarrik leku konkretuetan. Leku hauek umeentzako parkeetatik eta hiritarrek erabiltzen dituzten guneetatik kanpo egongo dira.  Hortaz, txakurrek solte paseatzeko lekuak mugatuak izango dira, Eraztun Berdean edo Salburua eta Armentiako zelaietan, esaterako. Izan ere, industrialdeko gune berdeetan eta hiriko hainbat orubeetan txakurrak aske eramatea baimenduta egongo da. Gune hauek batez ere Lakua, Salburua eta Zabalgana auzoetan aurkitzen dira eta erdigunean, esaterako, Senda pasealekuan dagoen lursailean.

Udal taldeek egin duten zuzenketaren arabera, leku hauetan ez da ordutegirik egongo eta txakurrak eguneko 24 orduetan solte eraman ahal izango dira. Ez ordea, beste lau puntu hauetan, non soilik gauez baimenduta egongo den: Judimendi parkea, Aranbizkarra parkea, Iparraldeko parkea eta Katedral berriaren atzean dagoen parkea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide