Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko eguna ospatzeko ekintza anitz Gasteizen

hirinet 2013ko mai. 7a, 17:54

bidezko-merkataritza-kartelMaiatzaren 11an izango den Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko eguna ospatzeko ekintzaz betetako aste beteko programazioa antolatu dute hirian aritzen diren hainbat GKEk eta elkartek (Setem, Medicus Mundi Araba, Intermon Oxfam, Corazonistas, Serso San Viator eta Misiones Diocesanas). 'Goxotu zure bizitza, aukeratu bidezko merkataritza" lelopean, produktuen dastatzeak, gozoki eta pintxoen ibilbidea eta emanaldi artistikoak antolatu dituzte hiriko txoko ezberdinetan. Aurten ospakizun hauen ardatza azukrea izango da. Antolatzaileek emandako datuen arabera, produktu honek 70.000 milioi dolar sortzen ditu merkatu konbentzionalean, halarik ere, ateratzen diren etekinak ez dira beti sortzen dutenen eskuetara heltzen. Alternatiba moduan, Bidezko Merkataritzaren azukrearen produkzioak %9 egin du gora azken urtean, guztira 140.000 tona ekoiztuz.

Programatutako ekintzen artean, Bidezko Merkataritzaren taberna eta gozotegien ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute gasteiztarrek, hiriko 25 lokal ezberdinetan. Honekin batera eta aurtengo berritasunen artean, Bidezko Merkataritzaren Gozogintza Lehiaketa antolatu dute, non gutxienez osagai bat bidezko merkataritzaren produktua izan behar duen.


Esan bezala, maiatzaren 11an egun handia ospatuko da eta bi izango dira ospakizunak gauzatzeko guneak: goizean Probintzia plazan haurrentzako ekintzak, Bidezko Merkataritzari buruzko erakusketa, txokolatada eta manifestuaren irakurketa izango dira. Arratsaldean, aldiz, Hor Dago tabernara mugituko da  jai giroa eta 18.00etatik aurrera honako ekintzak egongo dira: graffitiak, Ecojusta sukaldaritza tailerra, Yokerendan antzerki taldearen antzezlana eta Berriketan eta La Pulgaren aktuazioak.


Gasteizen ez ezik, Arabako beste hainbat guneetan ospatuko da Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko eguna: Dulantzi (maiatzak 12), Amurrio (maiatzak 15 eta 23), Kanpezu (maiatzak 25), Laudio (maiatzak 26), Araia (maiatzak 23), Laguardia (maiatzak 11 eta 12) y Agurain (uztailak 6).


Informazio gehiago: Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko eguna – Programa osoa

 

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide