Kike Amonarriz: "Hizkuntza bat lantzeko eta hobetzeko modu bakarra hitz egiten hastea da"

hirinet 2013ko api. 16a, 12:18

kike-amonarrizDatorren apirilaren 19an, ostiralean, Hirinet-ek bere lehen urtea beteko du eta hori ospatzeko Andra Maria Zuriaren enparantzan egingo duen festan Kike Amonarriz aurkezle eta soziologoak ‘Gazte hizkerak eta hizkera gazteak. XXI.mendeko euskara’ hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko 18.30ean. Hitzaldiaren nondik norakoak aurreratu dizkigu Kikek ondorengo elkarrizketan.


Gazte hizkerak eta hizkera gazteak... nola hitz egiten dugu, bada?

Normalean guztiok hitz egiten dugu dakigunaren eta gure inguruak dakien eta hitz egiten duenaren arabera.  Ezin dugu hitz egin dakiguna baina hobeto eta ezin dugu erabili ez dakiguna. Horretarako, norberak bere euskara-maila landu eta aberastu egin behar du. Zabaldu, beste hitz batekin esanda.

Bestalde, gehienetan, inguruan hitz egiten den bezala hitz egiten dugu. Pertsona baten inguruan denek erdaraz egiten badute, normalean pertsona horrek erdaraz egingo du. Bikote batean, lagunartean, familian edo lantokian hizkuntzaz aldatzea kosta egiten da. Horretarako, gaiaz hitz egin behar da, aldaketari beldurra galdu eta kontziente izan, lehen egunetan egoera arraroa gertatuko dela eta zailtasunak gerta daitezkeela.

Bestalde, oso jatorri linguistiko desberdinetako euskaldunak gaudenez, are gehiago Gasteiz bezalako hiri batean, erabiltzen dugun euskara, esplizitatu gabe bada ere, “hitzartutako” euskara bat dela esan genezake, denetik duena, eta denen “gutxieneko izendatzaile komun” gisa adostu dena.


 

Alde handia dago gaur egungo gazte hizkeraren eta lehengo gazteen hizkeraren artean?

Bai, noski! Hemen eta munduko edozein bazterretan. Aurreko belaunaldia fianbrerekin joaten zen lanera, txikitoak hartzen zituen, erromerietako dultzemeneoan “kortejatzean lotsatzen zen”… Gaur egun jendea “taperrekin” (ez tuperbareekin) joaten da lantokietara, poteatu egiten du eta txosnetan ligatu edo dragatu egiten du…

Gasteizen bertan, 1975ean oso gutxi ziren euskaraz eroso egin zezaketen bertako gazteak eta gaur egun kopuru hori asko handitu da. Nik neronek urte horretan, erabat erdaraz egiten nuen Tolosako nire lagunekin.


Euskara jendartearen aldaketa erritmora egokitu dela esan dezakegu?

Hizkuntzak beti egokitzen dira pertsonen beharretara. Gizarteak aldatzen diren neurrian hizkuntzak ere aldatu egiten dira. Hizkuntzen beraien barne-egiturak eta elementuak aldatzen dira, baina hizkuntzak ere alda daitezke, batzuk indartuz eta besteak ahulduz edo desagertuz. Zenbat hizkuntza desberdin entzun zitezkeen Gasteizko Alde Zaharrean duela 30 urte? Eta zenbat gaur egun? Zenbat euskara orduan? Eta orain?


Komunikatzeko erak ere aldatu dira teknologia berriei esker, zentzu honetan, non kokatu behar dugu euskara?

Datu bakar bat emateagatik. Munduan 7.000 hizkuntza inguru daude. Twitter 36 hizkuntzatan erabil daiteke, eta horietako bat euskara da.


Askotan entzun dizugu euskañolari esker gazte asko mintzatzen direla euskaraz...

Horrekin esan nahi dudana da, esate baterako, Gasteizko gazte batek gaur egun ezin duela euskara erabili XIX. mende amaieran Aulestiko edo Aramaioko gazte batek zerabilen bezala.

Gaur egun, gazte euskaldun gehienen familiak erdaldunak direla jakinik, eta gazte horietatik gehienak euskara oso gutxi erabiltzen den eremuetan bizi direla, garbi dago -beste hizkuntza guztiekin gertatzen den bezala-, euskaraz hitz egiten hasiko badira, ezinbestean “euskañol” maila batetik edo bestetik pasa beharko dute. Ezin baita euskaraz hitz egiten hasi eta “perfekto” egin, akatsik egin gabe. Bestalde, iruditzen zait jende gehiegi dagoela akonplejatuta bere euskararekin, eta esaldi horiek konpleju horiek astintzeko eta euskara erabiltzen hasteko aldarri bat dira.

Gainera, hizkuntza bat lantzeko eta hobetzeko modu bakarra, horixe da, hitz egiten hastea!


Batzuek, aldiz, euskañola “euskara jatorra” ez dela defendatzen dute...

Ez baita! Eta helburua ahalik eta euskararik jatorrenera, aberatsenera eta beregainenera iristea izan behar du, baina hori helburua da, ez abiapuntua!


Euskararen benetako misterioa jatorria baino hizkuntza beraren biziraupena dela aipatu duzu noizbait. Biziraupen hori bermatzen segitzeko iradokizunen bat?

Ideia hori Koldo Mitxelenari eta Xabier Erizeri hartutakoa da. Eta biziraupen hori mantentzeko bidea, gure aurreko belaunaldi guztietako minoria aktibo batek beti egin izan duena egiten jarraitzea da: euskaraz egitea, euskara erabiltzea eta euskararen aldeko dinamikak eta giroak sortzea eta bultzatzea.


Bukatzeko, botila erdi hutsik edo erdi beteta?

Botila betetzen ari gara eta gero eta beteagoa ikusi nahi dugu. Ea tantaka-tantaka denon artean Gasteizen ere betetzen dugun!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide