Norberto Mujika, martxoak 3ko sarraskietan zauritua: “Indemnizazioekin eta dominekin isilarazi nahi gaituztela dirudi”

hirinet 2013ko mar. 2a, 12:18

Martxoak-3-Norberto-MujikaMartxoak 3 ditu… zer datorkizu burura?

Hainbat gauza, dagoeneko, “martxoak 3” asko pasa dira. 1976ra atzera eginez gero, oroimen guztiak nahiko txarrak dira. Hala ere, sarraskia gertatu baino lehen, ilusioa zen nagusi, langileon arteko elkartasuna oso handia zen eta hori kaleetan nabaritzen zen. Lantegietan, greban zeuden kideen egoeraren berri emateko asanbladak egiten ziren. Aurrera eramaten ari zen borrokak bere fruituak ematen zituela ikusten genuen. Hilabetez luzatu zen grebak iraun bitartean ikasleen, langileen eta etxeetan lanean aritzen ziren emakumeen elkartasuna nabarmenduko nuke.

Eta okerrena… bada, albisteak jasotzen genituen uneak. Romualdoren aita lankide nuen, Ocio Jesus Obrero-tik ezagutzen nuen, bere neba ikaskide izan bainuen. Momentu latzak bizi nituen, amorru handiarekin, gainera. Egun horretara arte errepresioaren gordintasun hori ez nuen ezagutzen.

Nola bizi izan zenuen zuk egun latz hori?

Borrokan zeuden enpresek greba orokorra deitu zuten egun horretan. Nik Esmaltaciones San Ignacio enpresan egiten nuen lan eta lehen orduan egindako batzar batean greba orokorrarekin bat egitea erabaki zen. Jarraian, lantegitik irten eta lankide gehienak El Pilar elizan elkartu ginen. Ordu horretarako, dagoeneko, zenbait istilu jazo ziren auzoan zein gertuko inguruetan ere.

Arratsaldeko 17:00etan informazioa partekatzeko asanblada deitu zen San Frantzisko elizan, bertan, enpresa bakoitzaren egoeraren berri ematea zen helburua. Bostak jo baino lehenago iritsi ginenok elizan sartzeko aukera izan genuen; poliziak, aldiz, beranduago etorri zirenei ez zien utzi. Hala ere, jendez lepo zegoen eliza. Handik gutxira, alboko ate batetik polizia talde txiki bat hasi zen sartzen, joateko oihukatu genien eta kasu egin ziguten. Ostean, aldiz, inoiz bizi izan dudan basakeriarik ankerrena hasi zen. Gas poteak botatzen hasi ziren, eliza barruan egotea ezinezkoa bihurtu zen arte.

Alboko ate horretarik irten ginen lagun andana eta abereen plazako harresia saltatu izan behar genuen. Norbaitek komentatu zigun Fermin Lasuen kaletik ateratzen zirenei oso gogor jotzen ari zietela. Harriak hartu eta ate nagusirantz abiatu ginen. 15 minutu-edo igaro ziren ukondoan kalanbre moduko bat sentitu nuen arte. Gertu bizi zen izeba baten etxera joan nintzen, odola neukan eta bertan ohartu ginen tiro bat jo zidatela. Anbulantzia batek Arana erresidentziara eraman ninduen. Hurrengo eguneko albisteak oso txarrak izan ziren, hildakoen berri izan genuen orduan.

Martxoak-3_Norberto-Mujika-Instituzioen aldetik jaso duzuen babesa nahikoa izan al da?

Betidanik esan dugu guretzat benetan garrantzitsua dena gertatu zenaren egia osoa ezagutzea dela. Gure ustez, instituzioek ez dituzte nondik norakoak argitu nahi, ezkutatzeko zerbait edo norbait dutela ematen du. Nik, errepresaliatu moduan, eskubidea daukat sarraskiaren erantzuleak zeintzuk diren jakiteko eta egindakoagatik ordain dezaten. Beti ateratzen dira aitzakia berdinarekin, haien ustez, gertakizun hauek “amnistiatuak” daude… Instituzioetan biktima moduan izan gara aitortuak, baina hori ez da nahikoa. Indemnizazioekin eta dominekin isilarazi nahi gaituztela dirudi.

Eliza ondoan jarritako muralak kendu eta aste berean Fragari oroitarri bat jarri zioten Madrilgo Senatuan… gustu txarreko albiste bat izan zitekeen, baina ez…

Muralak 2011n jarri zituzten Zaramagako auzokideek, auzoko jaietan, hain zuzen ere. Gertakizunek 35 urte bete behar zituzten eta elizaren albo batean zintzilikatu ziren, eskerrak eman nahi dizkiet erakutsi ziguten elkartasunagatik. Apaizek, aldiz, bi alditan kendu dituzte, horren zergatirik eman gabe. Aurten, gainera, urte berri modu honetan zoriondu ziguten: “urte berri on, muralak kendu ditugu”.

Martxoaren 3ko gertaeren biktima bezala, zein litzateke errekonozimendurik onena zuretzat?

Niretzako, errekonozimendurik handiena, urtetik urtera, gazteek errepresaliatuei erakusten dieten elkartasuna ikustea da, beren eskubideen alde borrokatzen jarraitzen dutela ikustea, alegia. Manifestazioan geroz eta lagun gehiago gara eta horrek esan nahi du ez dugula ahazten eta muralan jartzen zuen bezala… oroimena, egia eta justizia lortuko dugula.

5 hildako eta dozenaka zauritu, inoiz norbaitek eragindako kaltea ordainduko duen esperantzarik ba al duzu?

Justizia egiteko garaia da erahil zituzten bost lagunekin, Tarragonan eta Basaurin gertatu zena ahaztu gabe ere.

Nola definituko zenuke M3 elkarteak egiten duen lana?

Konpromiso handia hartu duten lagunak daude elkartean eta haien lanari esker asko aurreratu da eta jazotako sarraskiaren hedapena egitea posible egin dute. Dibulgazio lan garrantzitsua eraman da aurrera: institutuetan erakusketak egin dira, beste elkarte batzuekin ere kolaborazioak egin dira… Euskal Herritik kanpo ere elkartasuna helarazi digute. Bestalde, beti eskatu zaie instituzioei aurrera egiteko laguntza eta bitartekoak, baina normalean halokoak ez doaz hitzetatik haratago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide