LOMCE Hezkuntza erreformaren aurkako mobilizazioak. Endika Rodriguez STEE-EILAS-eko Arabako arduradunari elkarrizketa

hirinet 2013ko mar. 1a, 13:05
martxoaren 2an LOMCEren aurkako manifestazioakMartxoaren 2an ELA, LAB eta STEE- EILAS sindikatuek hezkuntza erreformaren aurkako mobilizaziora deitu dute, Euskal Herriarentzako erasotzat jo baitute Espainiako Gobernuak egin asmo duen hezkuntza erreforma. Gasteizko manifestazioa Bilbo plazatik abiatuko da 19.00etan. Bitartean, LOMCE aurreproiektua hezkuntzan izango dituen eraginak argitzeko, Endika Rodriguez STEE-EILAS-eko Arabako arduradunarekin hitz egin dugu.

Martxoaren 2an, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzue manifestazioak, hain zuzen, LOMCEri aurre egiteko. Zertan datza, bada, Wert Hezkuntza Ministroak aurkeztu duen hezkuntza lege aurreproiektua?  

Merkantilista da PPk horrela definitu duelako: hezkuntza-sistema merkatu-ekonomiaren zerbitzura jartzen du lehiakortasun ekonomikoa eta nazioarteko merkatua behin eta berriro aipatuz.               
Uniformatu eta zentralizatu egiten du, Madrilgo Gobernuak aukeratzen duen curriculumaren, ebaluatzeko irizpideen eta ikasgaien ordutegiaren ehunekoa handitzen delako eta Madrilgo Gobernuak berak ebaluazio-probetarako irizpide komunak ezartzen dituelako errebalida komunak inposatuz. Publikoaren kalterako irakaskuntza pribatua sustatzen du.


Doktrinamendua
sustatzen duena: derrigorrezkoak eta ebaluagarriak dira bai erlijioa bai bere hautazkoa (ikasgai sendoa Madrildik zehaztutakoa). Honekin batera Hiritartasunerako Heziketa desagertzen da.

Sexista da. Testu osoan maskulinoa besterik ez da erabiltzen, hezkidetza behin ere ez da aipatzen eta sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeen kontzertuak blindatu egiten dira.
Desberdintasunak sustatzen ditu. Ikasleen emaitzetan oinarrituriko rankinak ondorio zuzenak izango dituzte bai eskolak jasoko duen diruetan bai irakasleen lan baldintzetan. Sistema honek txirotasunera eramango ditu arazoak dauzkaten ikasleak biltzen dituzten eskolak.
Irakasleen lana gutxiesten ditu: irakasleek ezingo diete titulu akademikorik eman ikasleei.
Autoritarismoaren bidean, ikastetxeko zuzendaria (gizona maskulinoa bakarrik erabiltzen baita) ahalguztidun bihurtzen da eskola-komunitateko gainerako kideek erabakiak hartzerakoan duten parte-hartzea mugatuz.

Antidemokratikoa da. Hezkuntza komunitatearekin (familiak, ikasleak, sindikatuak) kontsulta ere ez da egin eta haien emendakinak ez dira kontuan hartu.

Horrez gain, euskara kaltetuen artean aurkitzen da eta gure hizkuntzaren aurkako erasoa egiten duela diozue. Nola gauzatu nahi dute eraso hau? 

Agertutako azken aurreproiektuan, hau da lege-biltzarrera doanean, honen inguruko aldaketak agertu dira. Orain arte hizkuntz koofizialen  statusa zen arazo horietakoa, 3.mailako ikasgaia baitzen. Sakonki aztertu ez badugu ere, orain desberdin izendatu dute, "asignatura de libre configuración autonómica" hain zuzen ere, eta ematen du Gaztelania ikasgaiarekin parekatzen dutela hainbat eremutan. Halere, orain etapa guztietan  hizkuntza koofizialaren exenzioaren aukera aipatzen da etengabe.

Bestetik, zerbitzu publikoak, kasu honetan ikastetxeak, pribatizatzeko aukera areagotzen du aurreproiektu honek. Zeintzuk dira hezkuntza publikoa defendatzeko argudioak, hau da, zergatik hezkuntza publikoa? 

Orain arte eskola publikoa gizartearen egituratzearen eta desberdintasunak orekatzearen aldeko motorra izan da. Doako, laiko eta kalitatezko eskola publikoa behar dugu helburu horiek lortzeko. Eskola publikoak ikasle guztiak onartzen ditu eta haietako bakoitzaren arrakasta bilatzen du. Eskola pribatuak eta kontzertatuak hartuko du erantzukizuna? Ez, argi dago. Administrazioak ez du konpromisorik nahikoa plaza eskaintzeko ikastetxe publikoetan. Aldi berean, hezkuntza publikoan inbertsioak murriztea justifikatzen dute, kalitatea galduz horren ondorioz. Bitartean, ikastetxe kontzertatuen itunak berriztatzeko epea 4 urtetik 6 urteetara pasatzen da "eskaera soziala" dagoela aitzakia jarriz. Sistemaren plangintza bera dago kolokan, demandaren esku geratzen delako dena.


Honen aurrean, zein da Hego Euskal Herriko gobernuek, Nafarroako Gobernuak nahiz Eusko Jaurlaritzak jokatu beharko luketen papera?

Adostasunak lortzeko aukera guztiak landu direnean aurre egiteko irtenbide gutxi geratzen da. Hau dela eta, inposaketa honen aurrean desobedientzia besterik ez da geratzen. Hezkuntza eskuduntza zertarako nahi dugu Madrildik Hezkuntzari buruzko erabaki guztiak hartzen badira?  Euskal hezkuntza sistema babestu behar dute EAEko eta Nafarroako Gobernuek, bai berezko arautegia garatuz, bai LOMCE ez aplikatzeko konpromiso irmoarekin.


Erasoak eta murrizketak jasan beharrean, hezkuntza sistema baliabide eta inbertsio handiagoa behar dituela aldarrikatzen duzue, baita euskal hezkuntza eragileek eta euskal jendarteak nolako hezkuntza behar eta nahi duen erabaki behar duela ere. Norantz jo behar du euskal hezkuntzaren ereduak?

Garbi dago  gure hezkuntza sistemaren emaitzak onak izan arren, hobetzeko bide luzea duela. Hasteko, inbertsio aldetik nahiko urrun gaude Europako bataz bestekotik  eta nazioarteko erakundeen gomendioetatik (BPGren %6a)  Inbertsio gehiago dugu kalitatezko eskola bultzatu nahi dugulako, baina betiere erreferentzia galdu gabe: eskola integratzailea nahi dugu, aukera berdintasuna bultzatzailea eta pertsonaren formazio integrala helburu duena. Bide horretatik, ezinbestekoa da bai indarrean dagoen hizkuntz ereduaren sistema aldatzea euskara ezaguera minimoak bermatzeko, bai ditugun eskuduntza mailak blindatu kanpoko inposaketen aurrean.

Krisia, murrizketak, LOMCEren mehatxua… Egun, osasuntsu al dago gure hezkuntza?

Euskal hezkuntza eredua kolokan jarri dute murrizketak eta inposizioen bidez. Garai beltzak bizitzen ari gara zerbitzu publikoa bera eta bertan lan egiten dugunon baldintzak erasotzen dituztelako. Bestaldetik,  esparru ezberdinetan orain arte bildutakoa oso aberatsa da. Emaitzak ezin dira termino akademikoetan soilik neurtu eta gure profesionalen jarduerak (administrazioak gaizki tratatzen baditu ere) itxaropenerako atea irekitzen du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide