Ivan Fernandez lasterkaria: “Lasterka egitea gogorra da, baina ilusioa da nire motibazio nagusia"

hirinet 2013ko ots. 18a, 11:45
ivan-fernandez-txikiaEguerdiko hamabietan hitzartu genuen zita Gasteizko lasterkarien toki sakratua den “El Prado” izeneko parkean. Halaber, ordua baino lehen etorri da Ivan Fernandez lasterkari gasteiztarra bere maisu den Martin Fiz handiarekin batera. Goizeko entrenamendu saioa amaituta, berarekin solas egin nahi izan dugu bertatik bertara ezagutzeko.

Nola deskribatuko zenuke zeure burua?

Pertsona langilea eta diziplina handikoa naiz, nire kirolean bi ezaugarri horiek ezinbestekoak direlarik. Bestetik, lagunen laguna naiz eta eurekin ahalik eta denbora gehiena igarotzen saiatzen naiz.


ivan-fernandez2Esaera batek dio, lasterka egitea izutien gauza dela. Zer da zuretzat korri egitea?

Orain dela gutxi egin zidaten beste elkarrizketa batean, deigarria zitzaidan esaldi bat esatea eskatu zidaten, eta hain zuzen korri egitea izutien kontua ez dela esan nuen. Lasterka egitea kirol gogorra da, konstantzia eta entrenamendu ordu asko eskatzen ditu, halaber, nire motibazio iturri nagusia ilusioa da: hemendik urte batzuetara Joko Olinpikoetara joatea, mundu mailan onenekin lehiatzea…


Goi mailako kirolariek, asko zaintzen dituzue elikadura, lo orduak, entrenamenduak… Zer sentitzen duzu esaterako zure lagunak parrandara joaten direnean? 24 orduko lana al da?

Gutxi gora behera 16 urterekin, apur bat sakrifikatu behar izan nintzen egun nagoen tokian egoteko, dena den, niretzat ez da esfortzu handia izan ez ateratzea, ez baitut oso gogoko. Aldiz lagunekin ordu gehiago egon ez izanak amorru apur bat sortzen dit, hala ere, kirol ibilbidea amaituta izango dut horretarako astirik. Bestetik, deskonektatzeko orduan nire neskalaguna euskarri handia dut, kirolarekin aurrera jarraitzen eta bestelako gauzekin ez distraitzen asko laguntzen baitit.


Ba al duzu ohitura bereziren bat lasterketa hasi aurretik?

Ez, ez dut inolako ohiturarik.


Korri egiteaz gain, ikasi ere egiten duzu. Sentitu al duzu noizbait futbolaria izateko desira?

Bi goi mailako titulu ditut, Mantentze eta Erregulazio eta Kontrolerako Sistemak, eta orain Mekatronika ikasten ari naiz. Argi dago, arlo ekonomikoari begira nahiago dudala futbola esaterako, tamalez gure kirola ez baita asko entzuten, Joko Olinpikoak izan ezean noski. Orokorrean nahiko ahaztuak gaudela esango nuke.


Azkenaldian, kirola doping-ak zikindu du. Zer sentitzen duzu, Burlatako krosseko zure erabakia joko garbiaren eredu jarri izana mundu osoan zehar?

Abel Mutai Keniarra ni baino gehiago izan zen lasterketa osoan zehar eta ondorioz ezin nuen bere akatsa baliatu (helmugara iritsi zela uste zuen), ez zen garaipen etikoa izango. Hasiera batean anekdota bilakatu zen, lehenik Nafarroan eta ondoren ivan-fernandez1estatu mailan, baina denbora gutxian Iberoamerikan barreiatu zen, Txile eta Argentinan batik bat. Segidan baina, Britainia Handiko kazetari ezagun batek, Piers Morgan-ek, bere Twitter-ean tweet bat idatzi zuen eta Lance Armstrong-en antitesis bezala izendatu ninduen. Kontuan izan behar da, txirrindulari amerikarrak egun horietan deklaratu zuela.

Ene ustez, Armstrong kirolean dena izan da eta ezin naiz berarekin konparatu, oso ezberdina da. Nire keinua jendeari asko gustatu zaio, eta bereziki orain, kirolak bizi duen egoera honetan, kiroleko tranpati guztiak ari baitira irteten. Dena den, niretzat ez da ohorea berarekin alderatzea, gauza ezberdinak dira.


Nola eraman duzu oihartzun mediatiko hau?

Gertakizun honen ondorioz, entrenamenduak eta prestakuntza fisikoa apur bat albo batean utzi behar izan nituen, mezu eta komunikabide konpromiso ugari izan baititut, nik neuk eskaera guztiak bete eta denei erantzun nahi izan diedalarik. Izan ere, nirekin hitz egiteko esfortzua eta interesa erakutsi dutenez, nik mesede hori itzuli nahi izan diet, etikoa izaten saiatu naiz.


Ibilbide handia, Martin Fiz handiaren kuttuna, gasteiztarra, itxaropen handiak sortu dituzu… Presiorik sentitzen al duzu?

Ez, ez dut presiorik sentitzen. Martin Fiz txapeldun handia da eta oso zaila da berak lortutako emaitzak eskuratzea, gainera, gaur egun ezinezkoa da munduko txapeldun izatea, eta oso zaila Europako txapelketan gailentzea, afrikarrak maila bat gorago baitaude. Hala eta guztiz ere, orokorrean bide onean noala uste dut, Martinek nire adina zuenean bezalako marka berberak egiten ari bainaiz. Modu honetan, ondo goaz, ea noraino iritsi gaitezkeen.


Zein zita garrantzitsu dituzu aurten?

Orain Espainiako txapelketak ari naiz prestatzen, nahiz eta aurreko astean gripearen ondorioz ohean egon beharra izan nuen. Ondoren Poloniako krosseko mundialean egon nahi dut, martxoaren 24an eta abuztuan Moskuko pistako mundialean.

 

IVAN FERNANDEZ ZIRT EDO ZART

 

Egilea: MIkel Villarrolain

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide