Gasteizko erdialdeko zenbait kaletan bizikleta erabiltzea debekatuko du Udalak

hirinet 2013ko ots. 5a, 18:32

bizikletaren-erabilera-gastUdal gobernua bizikletaren erabilera arautzeko ordenantza berritzen ari da eta oraindik udal talde guztiekin eztabaidatu ez duen arren, arautegi berriaren ildo orokorrak aurkeztu ditu. Zirriborro honen arabera, bizikletaren erabilera debekatuta egongo da  erdialdeko kale eta gune nagusietan, hala nola, Jesusen Zerbitzariak, Posta, Dato, San Prudentzio eta Diputazio kaleetan, Plaza Berrian eta Andre Mari Zuriaren enparantzan.

Hori dela eta, Udalak ibilbide alternatiboak proposatzen dizkie txirrindulariei: San Antonio, Foru eta Araba Generala kaleak. Horrez gain, Alde Zaharra ere erabiltzeko aukera izango dute mugitzeko bizikleta aukeratzen dutenek. Izan ere, 14 urte baino gutxiago dituzten umeei ez zaie aipatutako debekua ezarriko. Horrela, orokorrean bizikletak errepidetik, egin berri diren zirkulazio lasaituko bideetatik eta  bide-gorritik joan behar dutela zehazten du arautegi honek.

Arau berrien artean, bizikletak aparkatzeko tokien gaineko zehaztapenak ere ezarri dituzte. Txirrindulariek bizikletak aparkatzeko gailuak erabili beharko dituzte eta denak okupatuta badaude faroletara edo hiriko hornigarrietara, beti ere oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa oztopatu gabe. Baina guztiz debekatuta egongo da zuhaitzetara edo bankuetara lotzea, hori egiten dutenek isuna jaso dezakete.

Azkenik, gainontzeko ibilgailuekin gertatzen den moduan, Udaltzaingoak abandonatuta edo gaizki aparkatuta dauden bizikletak eraman ditzake, esaterako, bizikleta zazpi egun baino gehiagotan modu desegokian aparkatuta baldin badago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide