Arabako ostalaritzako langileek greba egingo dute otsailaren 6tik 10a arte

hirinet 2013ko ots. 4a, 10:21

arabako ostalaritzako langileen grebaArabako ostalaritzako langileek, datorren asteazkenean hasita, bost eguneko lanuztea hasiko dute, Gasteizen saskibaloi Errege Kopa jokatzen den astean eta Inauteriak ospatzen diren asteburuan.

Lehen egun horretan lanuztea bereziki hoteletako langileen artean zabaldu nahi dute. Ondoren, deialdia sektore osora hedatzeko asmoa dute sindikatuek, otsailaren 10a arte. Herrialdeko ostalaritzan 5.000 langile dira, eta 700 enpresa inguru.

Greba egiteko deialdia ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek aurkeztu zuten aurreko astean eta azaldu zuten moduan, Errege Koparen eta inauterien asteburua bada ere, horren beharra justifikatu dute. “Ez diogu hiriari eta bere irudiari kalte egin nahi. Eseri, eta denontzat balio duen akordioa lortzeko prest gaude”, azaldu zuen Carmen Auñon UGTko kideak, sindikatu guztien izenean.

Negoziazioak etenik daude urtea hasi bezain pronto ostalarien elkarteekin izandako bileratik. Horiei egotzi diete lanuztearen ardura. “Ez dute konponbide bat lortzeko inolako interesik. Uztailaren zain daude lan erreformak eskainiko dizkien baliabide guztiak aprobetxatzeko”.

Langileen kezka nagusia hori da. Uztailerako ez bada akordiorik lortu, lan ituna bertan behera geratuko da, lan erreformaren ondorioz. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dute hurrengo hitzarmenaren iraunaldia amaitzen denean ere indarrean jarraituko duela bermatzea.

Nahiz eta greba deialdia jada ofiziala izan, enpresekin edonoiz biltzeko gertu daudela nabarmendu zuten sindikatuek.


Iturria: Berria

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide