Koldo Zubizarreta eta Ainhoa Perez de Nanclares: “Garen bezalakoak izaten laguntzen gaitu bidaiatzeak”

hirinet 2013ko urt. 29a, 11:51

bizikletaz munduan7Koldo Zubizarreta eta Ainhoa Perez de Nanclaresen abentura 2012ko udan hasi zen. Izan ere, Asiako txoko ezberdinetara eramango dituen bidaia egiten ari dira, bizikletaz eta patxadaz, herrialde bakoitza gertutik den bezala ezagutzeko. India, Nepal eta Myanmar zeharkatu dute dagoeneko gasteiztarrek eta elkarrizketa hau egiteko Bangkok-en harrapatu ditugu merezitako atsedena hartzen; baina laburra, Cambodia, Laos edo Txina.. zain dituzte eta. Bitartean, Koldo eta Ainhoaren bidaia ‘Mundua bizikletaz’ blogean jarraitu dezakezu.

 

Urte bete inguru emango duzue Asia bizikletaz ezagutzen. Alabaina, bidaia hau 2002ko abuztuan gauzatzen hasi zela diozue zuen blogean, orduan Kubara egin baitzenuten bidaia. Nola sortu zitzaizuen, bada, mundua bizikleta gainean ezagutzeko grina?

Bidaiatzen hasi ginenean Gasteizen unibertsitatean Shee-Ivef ikasten nengoen (Koldo) eta bertan sortutako lagun taldetik batzuk bizikletaz elkarrekin bidaiatzeri ekin genion. Gauzak gehiegi pentsatu gabe egin genituen hasiera hartan. Baten bati bururatu zitzaion, bururatu eta egin. Gerora eginiko bidaia bakoitzak bizikletaz bidaiatzeko grina areagotu besterik ez dute egin.



Ondoren etorri ziren Guatemala, Laos, Sulawesi, Tanzania, Kirgizistan, Mozambike eta  Sri Lanka bezalako herrialdeak. Orain egiten ari zareten bidaiarako entrenamendu, akaso?

Aurretik eginiko bidaia guztietan, pixkanaka, urtez urte, gaur egun egiten ari garen urte beteko bidaia gauzatzen joan dela uste dugu. Aurretik egin ditugun bidaiak ez bagenituen egin, ziur gaude gaur egun ez ginatekeela hemen egongo. Bidaia hau beste guztien jarraipen bat da.



Zein da  orain arte egin duzuen ibilbidea…

bizikletaz munduan3Koldo uztailean Pakistanen hasi zen Aitor, Ramon, Mikel eta Josebarekin batera bidaiatzen. Lau lagunak abuztuaren bukaeran Euskal Herrira bueltatu ziren eta Delhin, Indian, elkartu ginen gu biok elkarrekin ekiteko gure bidaiari. India iparraldean hasi ginen elkarrekin bizikletaz eta lehenengo Kashmirren egon ginen  Ladakhera joateko. Handik Manalirako ibilbidea egin eta Nepaleruntz jo genuen. Kathmandura bizikletaz iritsi ginen eta han bizikletak utzi eta hiru astez oinezko ibilbide bat egin genuen Everest mendiaren inguruan. Berriz bizikletak hartu eta Nepaleko ekialdetik Indiara pasatu ginen. Kolkatatik hegazkinez Myanmarrera joan gara eta han pasatu dugu azken hilabetea. Orain Bangkoken gaude atsedentxo bat hartzen eta hemendik Cambodiara, Laosera, Txinara… ea non bukatzen dugun.



Zer da orain arte bidean topatu duzuena?

Gauza asko topatu ditugu, nola ez. Lehenengo gauza jendea. Egon garen toki guztietan oso jende atsegina, irekia eta interes handikoa topatu dugu. Hurbildu zaizkigun gehienetan guri buruz jakin nahi izan dute, nongoak garen, zertan gabiltzan, zein iritzi dugun beraien herrialdeaz… asko gustatzen zaigu herrialde bat ezagutzera joan eta beraiek gu ezagutzeko gogoak dituztela ikustea, jasotzeaz gain zer edo zer ematen ari garela sentitzen dugu.

Bigarren gauza natura. Mota guzietako paisaiak eta txokoak zeharkatu ditugu bizikletaz eta asko gozatzen ari gara. Mendate garaietatik lautada amaigabeetara, mendi elurtuetatik oihan berdeetara, ibaiak, landak, kontraste asko eta aberastasun ugari.

Eta azkenik lagunak. Bidaiatzen duzunean zu bezala bidaiatzen ari den jende asko ezagutzen duzu eta batzuekin harreman berezia sortzen da. Elkarren arteko konexioa dago eta hasierako harreman hori luzatu egiten da internetez, beste herrialde edo toki baterako hitzordua eginez…Orain adibidez Dave eta Mireiaren etxean gaude Bangkoken. Beraiek hemen daude lanean eta primeran hartu gaituzte beren etxean. Lagun asko egin ditugu.



Nola moldatzen zarete jateko, lo egiteko, komunikatzeko…

bizkletaz munduan 10Gehienetan bertakoek jaten dutena jaten dugu. Bizikletak turismo guneetatik at geratzea behartzen gaitu eta toki horietan dagoena jan behar dugu. Arroza ia toki guztietan dago eta hortaz, ez zaigu inoiz jatekorik falta. Bada ez bada ere beti ematen dugu zer edo zer alforjetan gordeta. Hori bai, turismo guneetara iristen garenean pasta, pizza eta horrelako kontuak oso gustura hartzen ditugu, dagoenean bonbon eta ez dagoenean…

Berdina gertatzen da lo egiteko tokiekin. Toki askotan inolako erosotasunik gabeko geletan lo egin behar dugu. Gela zikinak, komunak kiratsarekin, ur hotza… baina kanpin denda gainean daramagu beti. Eta komunikatzeko ingelesarekin konpontzen gara batzuetan, bertako herrialdeko hitz gutxirekin bestetan eta keinuekin gehienetan. Gogoa baldin badago azkenean komunikazioa lortzen da.



Bizikletaz bidaiatzearena nolakoa da? Hau da, ez da erraza izango klima horiekin pedalei eragitea edota herrialde horietako errepideak zeharkatzea, ezta?

Bizikletak herrialdea gertutik den bezala ezagutzeko aukera ematen dizu, onerako eta txarrerako. Herrialde beroa bada bero hori bizikleta gainean pairatzen duzu. Maldatsua baldin bada maldan gora jo eta su ibiliko zara eta maldan behera gozatuz. Herrialdea txiroa bada zure larrutan biziko duzu txirotasuna, janarian, lotarako tokitan... Herrialdean errepide onak baldin badira primeran eta txarrak baldin badira... herrialdea benetan nolakoa den ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dizu bizikletak. Hori bai, prestatuak dauden tokiek duten erosotasunik ere ez duzu aurkituko.



Zaila bada ere, zein izan da orain arte gehien hunkitu zaituzten lekua?

Gehien hunkitu gaituen tokietako bat Ladakh ingurua da, Indiako iparraldean. Lehtik Manalirako bidean 5.000m inguruko lau mendate pasa behar dituzu eta hauek pasatzen dituzunean sentitzen duzun pozak benetan hunkitu gintuen. Baralacha La mendatea gogoan dugu bereziki, Himalaya mendikatea gurutzatu genuen eta inguruko edertasunak, mendi erraldoi elurtuak, horra bizikletaz iritsi zarela pentsatzeak… izugarria izan zen.



bizikletaz munduan2Eta ahaztu egingo zenuketen hori?

Egia esan momentu txarrak ere badaude, baina horiek azkar ahazten dira zorionez. Bidaiaren hasieran, biok elkartu eta bizikletaz hiru egun egin genituenean diarreak jota pasa genituen bi egun. Sukarra, beherakoa… momentu horietan etxera bueltatzeko gogo izugarria sartzen zaizu baina osatzen zaren heinean berriz ere aurrera egiteko gogoa gailentzen da.



Asko eta anitzak dira ezagutu dituzuen herrialdeak, baina elkarren arteko ezaugarririk sumatu al dituzue?

Antzekotasun asko daude. Guk askotan pentsatzen dugu gu bezala bizi dela jende gehiena eta gutxi batzuk oinarrizkoenarekin bakarrik bizi direla, baina kontua ez da horrela. Jende gehiena oinarrizkoenarekin bizi da eta gutxi batzuk bizi gara oparotasunean. Herrialde gehienetan, adibidez, gehiengo zabala nekazaria da, soro eta landetan lan egiten du. Toki askotan aisialdirik, guk ezagutzen dugun bezala, ez dago. Dendan, jatetxean, soroan ematen dute egun osoa goizetik gauera astelehenetik igandera. Herrialde askotan egunero arroza daukate gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko. Zaharrekiko begiruneak ere ez du zer ikusirik. Toki gehienetan zaharrak asko zaindu eta errespetatzen dituzte, gure gizartean ordea…



Mundua bi gurpilen gainean ezagutzeak ikuspegi ezberdina ematen al du?

Baietz uste dugu. Bizikletaz bidaiatzeak toki turistiko eta ezagunetatik at ibiltzeko aukera ematen dizu eta horretara behartzen zaitu. Autobusez egun batean egiten duzuna bizikletaz hiru, lau edo auskalo zenbat egunean egin behar duzun. Horrek gida-liburuetatik kanpo dauden hainbat eta hainbat herri eta txokotan geratzea behartzen zaitu, gehienetan beste atzerritarrik eta turistarik geratzen ez diren tokiak. Toki horiek turismoaren eraginpetik kanpo herrialdea benetan nolako den hobe ikus dezakezu.

Honekin guztiarekin lotuta askatasuna dago. Guk nahi bezala antolatzen duzu bidaia, beste inolako garraioren menpe egon gabe. Autobusez edo trenez ezin zara edozein momentutan geratu argazkia ateratzera, nekazariarekin hitz egitera, haur bat agurtzera...


bizikletaz munduan4Zerk eramaten du pertsona bat horrelako abentura bat aurrera eramatera?

Lagunak ezinbestekoak dira eta asko bultzatu gaituzte. Gasteizen bizikletaz bidaiatzen duen jendea badago eta gure kasuan, Ruben, Aurora, Iñigo eta Aitor garrantzitsuak izan dira, jarraitu ditugun ereduak. Asko animatu eta lagundu gaituzte.


Gero eta gehiago dira bidaiatzeko bizikleta erabiltzen duten pertsonak; zuek bezalako bidari asko topatu al dituzue bidean? Eta bertakoek, berriz, zer jarrera izaten dute?

Bai, bizikletaz bidaiatzen jende dezente topatu dugu. Suitzarrak, katalanak, poloniarrak, txekiarrak, greziarrak, holandesak, alemaniarrak…

Jendearen harrera ere beroagoa dela esango genuke. Herrixka batetara izerditan eta zikin iristea edo auto edo autobusetik jaisten iristea oso desberdina da. Jendeak baloratu egiten du egiten ari zaren esfortzua. Askotan harritu egiten dira, jakin-mina pizten zaie eta galdezka hasten zaizkizu.

 


Horrelako abentura bizi ostean, mundua ikusteko ikuspegia zertxobait aldatuko da, ezta?

Egin ditugun bidaia guztien ostean munduarekiko ikuspegia zabaldu egin da. Mundua geroz eta handiago egin den heinean gu are eta txikiagoak egin gara. Dauzkagun hainbat eta hainbat gauza, ezinbestekotzat ditugunak hain garrantzitsuak ez direla ikusi dugu. Arazoak erlatibizatzen, eguneroko gauza txikiak baloratzen. Asko aberastu gaitu bidaia bakoitzak eta garen bezalakoak izaten lagundu.



bizikletaz munduanumeakGauzak hemen nola daude ikusita, agian bidaia luzatzeko aukera pasa zaizue burutik…

Printzipioz abuztuan bueltatuko gara Euskal Herrira baina batek daki kar, kar, kar batzuetan luzatzeko gogoak sentitzen ditugu, baina han asko maite dugun jende asko dago eta horrek pisu handia dauka. Ikusiko da.

 

Koldo eta Ainhoaren bidaia jarraitzeko Mundua Bizikletaz bloga




 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide