Mendialdea eta Añana, euskara teknikaririk gabe

hirinet 2013ko urt. 25a, 14:56
aldundiaArabako Foru Aldundiak 2013ko aurrekontu proiektuan euskara sustatzera bideratutako egitasmotan murrizketa handiak egin eta 2012ko aurrekontuetan kuadrilletako euskara teknikarientzako 233.000 euroak kendu zituen. Gauzak horrela, kuadrillek ez dute jaso euskarazko teknikariak mantentzeko diru saila eskatzeko deialdia eta horren eraginez, Añanako eta Mendialdeko kuadrillek euskara teknikariak kendu dituzte. Aguraingo, Zuiako, Arabar Errioxako eta Aiarako kuadrillek, aldiz, teknikariak mantenduko dituzte, lanpostu horren gastua bere gain hartuz. Dena den, Arabako Aldundiari eskatu diote zerbitzuari eusteko.

Añanako kuadrillako iturri batek azaldu duen moduan, kuadrillek ez dute aurrekontu propiorik eta herrien artean ordaindu beharko lukete teknikaria.

Bilduren ordezkariek azaldu dutenez, teknikari hauen lana ezinbestekoa da. "Euskararen erabileraren normalizazioan kuadrillek paper garrantzitsu bat jokatzen dute, udal ezberdinetako ahaleginak koordinatu eta bitartekoak konpartitzen dituztelako. Udalek, bestela, ezin dute bakarrik eta beraien kabuz programa batzuk garatu edota teknikari batzuk izan", argitu dute.

Mendialdean, esatareko, euskararen erabilera murritzagoa da beste eskualdeekin konparatzen baldin bada. Izan ere, hogeita bost urteetan (1981-2006) elebidunen multzoa goranzko joera nabarmenean dago. Hizkuntza-gaitasunaren bilakaeran hazkunde izugarria gertatu da Araban, izan ere, 25 urtetan elebidunen portzentajea % 4 izatetik % 25 izatera pasatu da.

2008an Arabako kuadrilla guztietan euskara teknikari bat egoteko erronka finkatu zuen Arabako Foru Aldundiak euskararen erabilera bultzatu ahal izateko. 1998an abian jarri zen programa hau baina PPk Arabako Foru Aldundian agindu zuen garaian kendu egin zuten. Ondoren garai batean izan zuen egitura berreskuratu zuen berriro Arabak baina PPk, berriro ere, egitura hau desegin nahi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide