Aurrekontu akordioa Gasteizko Udalean

hirinet 2013ko urt. 23a, 18:16
maroto_urtaranPPk eta EAJk akordio bat lortu zuten atzo eta azkenean aurtengo aurrekontua adostu dute. Javier Maroto alkateak eta Gorka Urtaran bozeramaile jeltzaleak prentsaurrekoan adierazi bezala,  2013ko udal aurrekontua 342 milioi ingurukoa izango da, iaz baino 40 milioi gutxiago. Horrez gain, Urtaranek azaldu duen moduan, “ez da aurrekonturik onena baina ez du zorrik sortuko eta hortaz, aurrekontuen egonkortasuna bermatu egingo da aurten”.

Antza denez, euskararen aldeko politikak sustatuko dira eta euskara plan berria prestatuko da Gasteizko udalean. Gasteizko Kafe Antzokia Montehermoson eraikitzeko asmoa bere horretan jarraitzen duela azaldu dute.


Orokorrean, enplegua mantentzea eta zerbitzu publikoak dira aurkeztu berri duten aurrekontuaren oinarri. Izan ere, 2013an enplegu publikoa mantendu egingo da eta ez da langile publikorik kaleratuko. 010eko langileek, beraz, ez dute lanpostua galduko (ez behintzat, abenduaren 31ra arte). Halaber, Udalak jarduera ekonomikoa sustatu egingo duela adierazi du. Honekin batera, gizarte politiketara bideratutako diru-partida indartuko du Udalak eta iraganean desagertu ziren hainbat zerbitzu publiko berreskuratuko dira. Besteak beste, hiriko puntu beltzak identifikatzeko programak jasoko du aurten diru-partida eta kooperazio politiketarako bideratuko dena indartu egingo da, 350.000 eurotik bi milioira handituko da, hain zuzen.


Horrez gain, Marotok eta Urtaranek esandakoaren arabera aurreikusita dauden lanak mantendu egingo dira eta Zabalganako eta Salburuako gizarte etxeak legegintzaldi honetan egingo dira, Mariturrik haur-eskola izango du eta ortu ekologikoak martxan jarriko dira. Gainera, Euskaltzaindiako autobus geltokiaren lanak ez dira geldituko eta 2014ko udan amaitzea espero da. Gasteiz Hiribidean gauzatzen ari diren lanek ere aurrera jarraituko dute, baina gastuak %10 murriztea adostu dute. Aurretik zeuden akordioek 2013ko aurrekontuetan mantenduko direla esan dute Marotok eta Urtaranek, horren kasu, Landatxo kiroldegia eta Ramon Bajo ikastetxea, besteak beste.

 

Erreakzioak

 

PPk eta EAJk  Gasteizko Udalaren 2013ko aurrekontuak adostu ondoren, berehala agertu dira hartutako erabakiaren gaineko erantzunak, horien artean, Bildu eta PSE udal talde politikoenak, hain zuzen. Bilduren ustez, aurrekontu honek ez du bat egiten hiriaren interesekin eta “kromo aldaketa” bat izan dela dio. PSEk, bere aldetik, aurrekontua eztabaidatzeko debatean parte hartuko duela ziurtatu du, Bildurekin batera negoziaketatik kanpo geratu diren arren.

010eko langileen artean, berriz, poztasuna da nagusi baina abenduaren 31tik aurrera euren lan egoera zein izango den eztabaidatzeko elkarrizketak mantenduko dituztela adierazi dute.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide