Puntu beltzak aire trafikoan

hirinet 2013ko urt. 21a, 14:27
Apo-hontzaAsko zabaldu dira, azken urteotan, ispilu-erako beiratez edo besterik gabe kristal hutsez kanpoaldea egina duten eraikinak. Argiagoak, epelagoak, efizienteagoak izango dira, akaso, energia kontsumoaren aldetik, edo modernoagoak. Baina hegaztientzat tranpa hilgarriak dira.

 Txinboa

Txinbo kaskabeltza, Jose Erbina kalean


Goiko hori txinbo kaskabeltza da (edo zen). Jose Erbina kalean dago, eta toki horretan bertan beste batzuetan ere ikusi izan ditut beste “kamikaze” batzuk lurrean zerraldo. Puntu beltz bat da.

Lakuako Jaurlaritzaren egoitza beste puntu beltz bat da. Bertako kristalen kontra txori ugarik egiten dute talka, batez ere migrazio garaian. Nik txio ugari ikusi izan ditut, eta handiagoak ere bai, esaterako argazkiko apo-hontza. Lehengoan, gainera, oilagor batek leihoa jo eta bertan hil zela esan zidaten.

 

Apo-hontza

Apo-hontza, Lakuan


Beste puntu bat bizikleten aparkaleku hau izan daiteke. Nola pegatinarik ez daukan kristalean, zartako galanta hartzen dute txantxangorriek, kaxkabeltzek, zozoek, txioek…, denetarik ikusi dut.


Bizikletak2

Beste puntu beltz bat


Horren moduko kristal gardenek konponbide erraza dute: ikusmira “apurtzen” duen edozer jartzea, dela hegaztien itzal bat, dela apaingarri bat, edozer gauza. Ispilu tankerakoek zailagoa dute, efektu ezberdina islatzen baitute.

Nolanahi ere, ez legoke batere gaizki Gasteizko puntu beltzen mapa osatzea, gauzak zertan diren jakiteko, eta informazioa zabaltzea konponbide erraza duten kasuetan esku hartzeko (itsasgarriak jartzea aholkatuz, adibidez). Green-aren lorratza aprobetxatuz, nolabait ere, eta ospakizunen erresaka azkarregi desagertu baino lehen. Dinot nik.


Martin Rezola 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide