Araban ere txotx!

hirinet 2013ko urt. 15a, 13:46

txotxUrtearen hasierarekin, sagardotegiak txotx garaiari hasiera ematen hasi dira poliki-poliki. Gipuzkoakoak dira tradizioz edari fresko hau dastatzeko milaka pertsona erakartzen dituztenak. Baina Araban ere bertako sagarrez egindako sagardoaz gozatzeko parada dugu aspaldi. Izan ere, aurtengo uzta oparoa izan da eta komertzializatzeko zein etxean kontsumitzeko, 80.000-100.000 litro inguru ekoiztu dira probintzia osoan. Hori dela eta, Arabako sagardogileek urtarrilaren 17an, ostegunean, Arabako Sagardo Berriaren Eguna ospatuko dute Aramaioko Iturrieta Sagardotegian. Gose musika taldeak kupelak zabaldu eta lehen txotxa egingo du. Honetaz guztiaz mintzatzeko, Juanjo Peciña Arabako Sagar eta sagardorgileen elkarteko kidea eta Aramaioko Iturrieta Sagardotegiko arduraduna izan dugu solaskide.

Uste daitekeenaren kontra, eta batez ere Araba beti ardoarekin lotua izan delako, gure probintzian ere sagardoa ekoizten da. Non aurkitu dezakegu bertako sagardoarekin txotx egiteko aukera? 

Edari (ardoa/sagar-ardoa) desberdinak dira, ez dira lehian sartu behar, sagardoak badu bere lekua, eta bereziki sagardotegian sortzen den giroarekin, kupelen aurrean, jendearen nahasketarekin, abestiak, dantza… beste kontu bat da. Momentu honetan bi dira Araban dauden sagardotegiak; Trebiñu Sagardotegia Askartzan eta Iturrieta Sagardotegia Aramaion. Horrez gain, sagardotegirik ez baina ekoizlea den Borobia sagardoa aurki dezakegu Ozaetan. Azkenik, ezin ditugu ahaztu ‘sasisagardotegiak’, hots, sagardoa eskaini baina ekoizten ez dituztenak eta zoritxarrez sagarrarekin lotura ez dutenak. Desberdintzea garrantzitsua da oso.


sagardoaarabaIzan ere, orain dela 4 urte inguru Arabako Sagar eta Sagardogileen elkartea (ASSE) sortu zenuten. Zergatik? Zein da, bada, elkarte honen egitekoa?

ASSE elkartea Araban frutikultura bultzatzeko sortu genuen orain dela lau urte inguru lurraldeko frutikultor eta sagardo ekoizleek, hain zuzen. Esan beharra dago, Araban gauden sagardogileak produktore eta ekoizleak garela. ASSE frutikultura eta bertatik eratorritako (sagardo, zuku, marmelada, jelea, ...) produktuen tratamenduan interesa duen elkartea da eta gure helburu nagusia Araban frutikulturaren garapena eta produktuon eraldaketa sustatzea da. Horrez gain, informazioa eta formazioa ematea da gure xedea,  adibidez, inausketa, izurri eta gaitz-kontrola, txertatze eta abarri buruzko hitzaldi eta ikastaroak antolatuz. Bestetik, fruta-arbola landatze berrien ezarpena bideratzeko laguntza eskaintzen dugu, gure lurraldeari hobeto egokituriko mota onenak berreskuratu eta garatzeko lehentasunez. Horrez gain, laborantza eta jardute berriak ikertzen ditugu. Azkenik, frutikultore, sagardogile eta gainontzeko ekoizleen interesak ordezkatu, sustatu eta defendatzea aurkitzen da gure zereginen artean, baita instituzioekin elkarlanean, elkartearen helburuen defentsa ahalik eta gehien garatzeko, eta Euskal Herriko antzeko elkarteekin elkarlanean aritzea ere.


Halarik ere, saltzeko ez ezik, asko dira sagardoa etxerako egiten dutenen kopurua, ezta?  

Garai batean Araban baserri askotan egiten zen edari natural hau eta apurka-apurka berpizten ari da ohitura hau. Gero eta jende gehiago animatzen ari da etxean sagardoa egitera, horrela landaketa berri asko jartzen ari dira eta hemendik gutxira produkzio eder bat izango dugu. Izan ere, Arabak badu sagar propioak ekoizteko potentzial ona, lurra eta klima kontuan hartuta, eta adibidez, Gipuzkoako sagardotegiei saltzeko.


Beraz, sagardoa Araban oinarri sendoak dituela esan daiteke? 

Duda barik! Elkartean lan egiten ari gara horren inguruan (ikerketak, landaketak, landaren errekuperatzea,...)  eta adibide onena da interesa duen jende asko hurbiltzen dela. Baina falta dena erakundeak honetaz jabetzea eta laguntza ematea da. Gure herrialdeko nekazarientzat alternatiba bat izan daiteke.


Gipuzkoakoa ospe handiko sagardoa da, erreferente bat, alegia. Arabarra gipuzkoarra bezain sagardo ona dela erakustea zaila izango da, ezta?  

Egia esan, sagardoa egiteko prozesua berdina da. Lehenengo eta behin produktu on bat atera behar da (sagarra sagardorako aproposena) eta hurrengo pausoa errazena da. Sagardoa euskal sagarrarekin egiten da, beraz, ez dago alde handirik. Ikerketak egiten ari gara Arabako sagarrak katalogatzeko eta aproposenak landatu ostean (bertakoak dira klimara hobeto egokitzen direnak) sagardo on bat ateratzeko.


Arabako sagardogileek sagardogintzaren inguruko ohiturak erakutsi nahi dizkiezue bertara hurbiltzen diren arabarrei, baina ba al dakite arabarrek euren lurraldean sagardoa ekoizten denik? 

Oraindik asko dago egiteko, eta bereziki, jendeari non gauden erakutsi behar diogu. Gasteizen, esaterako, ez dago benetako sagardotegirik. Sagardoa edatea oso ongi dago, baina ez edozein modutan, horregatik, nola ekoizten den, nola edan behar den, zeintzuk diren berezitasunak, etab. erakustea garrantzitsua dela uste dugu. Momentuz  gutxi gaude eta  gure lurraldean  badaude sasisagardotegiak eta zoritxarrez ez dute asko laguntzen sagardoaren kultura zabaltzen.


arabasagardoa2Urtarrilaren 17an Arabako Sagardo Berriaren Eguna ospatuko duzue, denboraldiari hasiera emanez. Nolakoa izan da aurtengo uzta?

Uzta txikiagoa izan arren (loraldian euri asko egin baitu) sagardo oso ona atera da (uda beroa, prentsara bere neurrian ongi ailegatu da). Edangarria guztiendako, errez edateko, alkohol graduak bere neurrian… Arabako bi sagardotegiek eta beste ekoizle batek (sagardotegirik ez duena baina komertzializatzeko ekologikoki botilaratzen duena, 40.000 litro gutxi gorabehera atera ditugu. Gero ekoizle txikiek etxerako edo azoketarako egiten dutena kontuan hartzen badugu, Araban 80.000 -100.000 litro inguru ekoiztu direla esan daiteke.


Okasiorako gonbidatu bereziak izango dituzue Iturrieta Sagardotegian, izan ere, Gose taldekoek zabalduko dituzte kupelak. Zer antolatu duzue egun horretarako? 

Gose musika taldekoek zabalduko dituzte kupelak, eta ostean sagardo dastatzearekin trikitixa, txalaparta eta bertsoak izango dugu noski. Urtarrilaren 17an, ostegunean, arratsaldeko 20.00etan izango da Aramaioko Iturrieta sagardotegian.


Nola animatuko zenukete jendea Arabako sagardoa kontsumitzera? 

Produktu naturala da, osasungarria, eta oso momentu onak pasatzen ditugu kupelen aurrean. Horrez gain, Arabako produktu bat edaten badugu, gure baserriak berpizten lagunduko dugu.



ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide