Hamabost urtez munduan barrena

hirinet 2013ko urt. 8a, 10:43
lontxosaharaBizikleta du ondarerik preziatuena Lorenzo Rojo gasteiztarrak; bi gurpilen gainean 182.000 km egin ditu azken hamabost urteetan. Gasteizen dago orain Lontxo baina hilabete gutxiren buruan bere bidaiarekin jarraituko du. Ameriketan du zain bizikleta.

Hamabost urte eman dituzu dagoeneko bizikletaz munduan barrena. Bidaia al da oraindik ala bizimodua?

Bidaia da oraindik eta hala izatea nahi nuke aurrerantzean, ez zerbait finkoa, ez ohitura, baizik egunetik egunera birsortzen dena eta birsortzen nauena.


lontxomissolulaNolakoa ikusten da mundua bi gurpilen gainean?

Mugimenduan, etengabeko aldaketan eta oso gertutik. Mundua bizikleta baten neurrira eginda dago eta bertatik -bizikletatik- ikusten da ondo haren alderik egunerokoena eta xaloena.


Txirrindulari-bidaiari binomioa hedatzen ari den fenomeno dela ematen du, ezta? Zure lehenengo bidaiatik egun arte asko aldatu al dira gauzak?

1987-88an zeharkatu genuen Amerika bizikletaz estreinako aldiz. Ez zegoen blogik orduan, ez zegoen internetik, berriak postaz bidaltzen eta jasotzen genituen. Bidaia oso bitarteko gutxirekin egiten zen, informazio gutxirekin ere bai, eta norberarentzat. Norberarentzat eta inguruko lagunentzat. Hori zen publiko guztia. Exhibizionismo handia dago gaur egun.


Zure blogean (www.munduanbarrena.blogspot.com) irakurri bezala abenduan munduan zehar ezagututako beste hamabost nomadekin elkartu zinen Lizarran. Zer nolako esperientzia izan zen?

Lizarrakoa berezia izan da eta pozgarria oso, ez baita erreza halako antiheroi (ez da nirea definizioa) koadrila elkartuta ikustea. Punta-puntako baldar taldea han bildu zena, euskolabel.


lontxoZure bidaian zehar zein herritan/hiritan pasa duzu denbora gehien? Zenbat? Zergatik? 

Denbora gehiena Ameriketan, zazpi urte eta erdi. Hiriburuei dagokienez Montevideon eta Addis Abeban, hilabete dezente bakoitzean. Arrazoia beti bera: pertsonak.


Ezagutu dituzun herrialdeetatik non moldatu zara hobeto bizikletarekin? Eta okerrago?

  Ondoena moldatzen naiz espazio zabaletan, biztanle eta asfalto gutxiko eremu apartatuetan. Badira salbuespenak, Mexiko adibidez, baina Mexiko berezia da, oso hurbila eta indar handikoa.



Gasteizen ere bizikleta kopurua dezente handitu da azken urteotan. Zure itzulerarako prestatzen ote? 

lontxo1Aldaketa nabarmena da urte hauetan hemen gertatu dena. Hiri zahar honek eman didan sorpresa atsegin bat.

 

 

Egilea: Naroa Cuesta

 

Lontxo Rojori Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketa entzun nahi baduzu sakatu HEMEN

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide