Ignacio Funes, ESK sindikatua: “Gizartean ematen ari garen eredua ez da batere ona, ez baikara ados jartzeko gai izan”

hirinet 2012ko aza. 12a, 18:21

P1040343Datorren azaroaren 14an, asteazkena, Greba Orokorrera deitu dute CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek, besteak beste. Izan ere, CES Europako Sindikatuen Konfederazioak antolatuta, mobilizazio eguna izango da Europako Batasunean eta Portugal, Italia, Frantzia eta Grezia bezalako herrialdeetara zabalduko dira protestak.

Irailaren 26ko greba orokorrerako deialdia egin zuten sindikatu guztiak, ordea, ez dira oraingoan kalera aterako eta LAB, ELA eta STEEI sindikatuek, besteak beste, ez dute deialdiarekin bat egin. Hirinet-ek irailaren 26an bezala, berriro ere asteazkenean mobilizazioak egingo dituen ESK sindikatuaren bozeramailea den Ignacio Funesekin hitz egin du.


 

Aurreko irailaren 26an egin zenuten moduan, eta LAB, ELA edo STEE-EILAS sindikatuek ez bezala, datorren azaroaren 14an grebarako deialdia egin duzue, CNT eta CGT-rekin batera. Zergatik?

Grebarako deialdia egin eta egin ez duten sindikatu guztiak ados daude eta grebarako arrazoiak egon badaudela diote eta horrek pozten gaitu. Hortaz, greba orokor honetan suertatu den arazoa ez da arrazoiak falta direnik, krisi hau konpontzeko botereak hartu duen jarrera baizik. Zehazki, aurrera eraman dituen eskubideen eta askatasunen murrizketak eta murrizketa ekonomikoak salatu nahi ditugu, zeinaren bitartez, gizarte-talde boteretsuenei, bankuei eta enpresariei mesede egin zaien, langileria, klase ertainak eta merkatari txikiak kaltetuz. Krisiari aurre egiteko hartu diren neurri guztiek eragin zuzena dute defendatzeko baliabide gutxien dituztenengan eta kapitalari, ordea, mesede egiten diote. Bankuei ematen ari zaien diru guztia da gizartean oihartzun handiena izan duena, baina hor badaude lan-erreforma,  administrazioek zerbitzu publikoetan egiten ari diren murrizketak, esaterako. Horrez gain, 2013rako aurrekontuak eta pentsioen inguruko erreformak ere hortxe daude. Hortaz, hauek guztiak dira grebara ateratzeko dauzkagun arrazoiak.


Zein da hortaz, azaroaren 14an kaleratuko duzuen leloa?

Egoera honen aurrean borrokatu behar dugula aldarrikatu nahi dugu eta azpimarratu nahi dugun ideia hauxe da; ez badugu borrokatzen, esklabotasuna berragertuko da. Orain ez dugu greba arazo batean bakarrik oinarritu nahi, 2013rako aurrekontuetan edo pentsioen murrizketetan, esaterako. Aitzitik, egoera honek guztiak behintzat mobilizazio bat eskatzen duela eman nahi dugu aditzera, gure aburuz gainera, mobilizazio hori etengabekoa izan beharko luke. Izan ere, erakunde sindikalekin kritikoak gara, baita gurearekin ere, ez baikara jasaten ditugun erasoen kontrako erantzun bateratu bat emateko gai. Greba orokor ezberdinak egin dira, batzuetan bateratuak, beste askotan bananduak. Eta hortaz, oso kritikoak gara  erakunde sindikalekin eta erantzukizun horren zati txiki bat geurea dela jakin badakigu. Bulkadaz funtzionatzen dugu, ez diogu honi guztiari jarraikortasun sendo bat eman eta ez ditugu, modu bateratuan, gobernuen politiken kontra borrokatu.


esk-grebaHortaz, zer iruditu zaizue LAB, ELA eta STEEI-EILAS bezalako sindikatuen jarrera azaroaren 14ko greba orokorraren aurrean?

Hartu duten erabakia errespetatzen dugu baina ez gara iritzi berekoak. Gure ustez, gizarteak ez du erabaki hori ulertuko. Izan ere, norgehiagoka gainontzeko erakunde sindikalekin eta hauen atzean daudenekin dela ematen du. Gure aburuz, erakunde sindikal hauen atzetik (nahiz eta gure sindikatuak UGT eta CCOO erakundeek diotenarekin ados ez egon) badaude afiliazio oinarri batzuk eta mobilizaziorako irekitzen diren bide hauek aprobetxatu behar direla uste dugu.

Gainera, mobilizazioak modu etengabean mantendu behar ditugu, are gehiago, esparru zabalago bat izango duen aldarrikapen egun honetan, zeinetan greba Europako beste hainbat herrialdeetan ospatuko den.  Hortaz, gure edukiek UGT eta CCOO sindikatuen edukiekin bat ez egin arren, lanean jarduteko eta langileria mobilizazioetan batzeko aprobetxatuko dugu eguna.  Jakin badakigu sindikatuen garrantzia handia dela jendea grebarekin bat egiterako orduan eta gure ustez, ematen ari garen eredua ez da batere ona, ez baikara ados jartzeko gai izan.


ESK-k gizarte eredu berri bat aldarrikatzen du baina horretarako, asko dira aldatu beharrekoak; kontzientzia eta baloreen aldaketa sakona, jarrera indibidualistatik “denok elkarrekin ahal dugu” ikuspegirako saltoa eta kontsumo beste era batzuen kontzientzia hartzea, besteak beste. Aldaketa eta erronka handia egungo gizartearentzat, ezta?

Guk gauza hauek esaten ditugu benetan sinesten ditugulako eta gainera, gure ustez, egoera honen inguruan ez badugu hausnarketarik egiten ez dugu konponbiderik aurkituko. Ez dugu pentsatu behar orain dela sei urteko egoerara bueltatzeko borrokatzen gaudela. Izan ere, aipatutako egoera edo eredu hori ez zitzaigun batere gustatzen, ezta gehiegizko kontsumoaren eredua edo energia-eralketa izugarri hori. Eta bistakoa da gaur egun astintzen gaituen krisiak horrekin zerikusia baduela, baita beti egin den kapitalaren aldeko etekinen banaketarekin ere. Garai horretan behintzat, gutxi bazen ere, kapitalak klase sozial ertainekin eta langileriarekin banatzen zituen etekinak, egun ordea, etekinak murriztu dira eta horrekin langileen etekinak.

Horregatik, gizarte-eredu berri honen inguruan hitz egiten dugu, izan ere, zalantzan jartzen duguna ez dira soilik hartu diren neurriak, sistema bera baizik. Gure helburua, beraz, eredu ezberdin bat ezartzea izango litzateke. Eskubideak berreskuratu nahi ditugu, ez gehiago kontsumitzeko, baizik eta gutxiago lan egiteko, lana banatzeko, etxeko lanak bateratzeko eta gizonezkoen eta emakumezkoen artean banatzeko, afektibotasuna indartzeko… Hauek guztiak funtsezkoak dira eta gure aburuz, gakoa ez dago gehiago irabaztean, eskubidez beteriko bizitza orekatu eta duinean baizik. Jakina, hau ideia bat da eta egungo egoerari aurre egiteko gauza zehatzak behar ditugu eta horretarako, dirua nondik ateratzen den berrorekatu behar da, erreforma fiskalak eginez eta fraudea kontrolatuz.

Ezkerretik, kendu nahi digutenaren kontrako mezuak zabaldu behar dira baina horrez gain, gizarteari etorkizunean eraiki nahi dugun ereduaren inguruko proposamenak bidali behar dizkiogu. Hortaz, ez gaude borrokatzen krisia aurretiko egoerara itzultzeko.


Zein izango da gasteiztarren erantzuna?

Lantokiei dagokienez, egongo den erantzuna mugatua izango dela argi daukagu, desadostasuna dagoenean erantzuna beti mugatua izaten delako. Batasunaren faktoreak, soilik datan ematen bada ere, erantzun maila altuagoak ahalbidetzen ditu.


Azken datuen arabera, langabeziak gora egin du Araban berriro ere eta 26.000 inguru langabetu daude, iazko urrian baino %20 gehiago. Noiz geldituko da gorakada hau?

Krisia hasi zenetik, eta abian jarri dituzten politikak direla eta, langabeziak gora egiten jarraituko du. Deigarria egiten zaigu lan-erreforma ezarri eta gero EAJ-ko Olabarria bezalako politikoek esan zutenean euskal enpresarien jokaera ezberdina izango zela eta hemen erreforma hori ez zela fundamenturik gabe erabiliko. Datuek aditzera eman dute hemen inon baino gehiago erabiltzen ari direla eta oso ondo etorri zaiela enpresariari garbiketa moduko bat egiteko. Hortaz, gure aurreikuspenen arabera, gorakada ez da geldituko eta etorkizuna latza izango da, horregatik, 14an kalera ateratzeko aukera galtzea ausartegia dela iruditzen zaigu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide