Juanan ‘Konpa’ pilotari arabarrak ez du momentuz zesta-punta profesionala utziko

hirinet 2012ko urr. 16a, 16:34

KONPA-txiki20 urte igaro dira Juan Antonio Compañon ‘Konpa’-k Mendizorrotzako Olabe pilotalekuan debuta egin zuenetik. Hasiera batean, zesta-punta profesionalari agur esatea erabaki zuen arren, oraindik eutsi egingo diola erabaki berri du. Hirinet-ek berarekin hitz egin du, bere ibilbide profesionalari errepaso egiteko asmoz.



Txikitatik hasi zitzaizun pilotarako grina. Oker ez banago Bernedo herrian izan zen. Baina nola hasi zen kirol honekiko betirako sendotu duzun harremana?

Lehen sarrera pilotaleku batean nire amaren sabelean izan zen. Aita "Txikito de Bernedo" da eta esku pilotan 17 urte eman zuen profesional mailan. Ni eskuz lau urterekin hasi nintzen baina garai horretan zesta-puntak arrakasta handia zeukan eta aitak erabaki zuen modalitatea aldatzea. Hortik aurrera 33 urte pasatu dira. Nire anaiak eta biok bizitza eman dugu zesta-puntaren munduan, nik Euskal Herrian eta anaiak 13 urte AEBetan.


Zer sentitu zenuen profesional moduan jokatu zenuen lehenengo partidan?

Poza handia. Gainera lau egun lehenago, Atainek eta biok Bartzelonako Olinpiadetan urrezko domina irabazi genuen (1992ko abuztuaren 4an) eta elkarrekin debuta egin genuen Mendizorrotzako Olabe pilotalekuan. Katxin Uriarte- Andonegi bikotearen kontra jokatu genuen eta erraz galdu genuen.


80. eta 90.hamarkadetan pilotari asko AEBtara joan ziren, zu barne. Gaztetxo joan zinen. Zer oroitzapen gordetzen dituzu?

Hango esperientzia oso motza izan zen. Urte horietan jendea oso gazte joaten zen baina nire kasuan, 20 urterekin joan nintzen, Olinpiadak jokatu eta gero. Zorte handia izan genuen ADO programan sartzeagatik eta afizionatuen mailan lau urtez egon ginen Olinpiadak eta Munduko Txapelketak prestatzen, aipatutako programa horri esker. Hemen debuta egin nuen eta lau hilabete pasa eta gero AEBko Dania Jai-Alai pilotalekura joan nintzen. Hango intendenteak kontratua eskaini zidan baina nik uko egin nion. Zergatik? Soin Hezkuntzako lizentziatura ikasi nahi nuelako. Seguruenik, hauxe izan da nire bizitzako erabakirik garrantzitsuena. Intendenteari ikasketak bukatu eta gero bueltatuko nintzela esan nion, baina hori ez zen inoiz gertatu.


KONPA-GERTUTIKIzan ere, bidaiatzeko aukera paregabea eskaini dizu zesta-puntak. Zein leku oroitzen duzu bereziki?

Kuba, batez ere. Han 1990ko Munduko Txapelketa irabazi genuen ‘Palacio de los Gritos’ pilotalekuan eta hango jendearekin harreman handia egin nuen. Gainera urte horretan hiru aldiz joan ginen txapelketak jokatzera eta asko gustatu zitzaidan.


20 urte hauetan, nola aldatu da pilotaren mundua?

Zesta-puntan asko. Orain dela 20 urte AEBetan hamalau pilotaleku ziren, Mexikon, Filipinasen eta Bartzelonan, esaterako. Orain hiru bakarrik geratzen dira AEBetan eta aurreikuspenak ez dira oso onak. Beste modalitatetan, esku pilotak indar asko hartu zuen baina oraingo egoerarekin oso zaila da jarduera mantentzea.


Kantxatik kanpo, etengabe ikasi duzu. Soin Hezkuntza lizentziaturaz gain, hainbat master ikasi dituzu, horien artean, ‘Kirol Erakundeen Zuzendaritza’ eta zure enpresa propioa, Konpa Kirol Kudeaketa Enpresa’ sortu zenuen. Non mugitzen zara erosoago, kantxan edo enpresa munduan?

Bietan oso ondo. Betidanik niretzat hezkuntza oso garrantzitsua izan da eta beti ikasten egon behar garela pentsatzen dut. Orain Madrilen  "Coaching y liderazgo deportivo" masterra ikasten nabil eta buru belarri nago "coach" izateko.


KONPA-2Aldi berean, eskola kirola kudeatzen duzu Arabako Aldundian….

Bai, hau da nire gaur egungo lana. Lau urte daramat Arabako Foru Aldundian eta gustura nago. Lehen pilota mundua zen nire lana, baina orain 35 federazio ezberdinekin eta 40 modalitaterekin lan egiten dut. Honek beste ikuspuntu batzuk ematen dizkit.


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide