Autobus geltoki berria, geroz eta gertuago

hirinet 2012ko urr. 15a, 09:25

autobus geltokiaEuskaltzaindia plazak hartuko du Gasteizko autobus geltoki berria. Besteak beste, trenbidearen lurperatzea edota Arriaga parkearen biziraupena zela, urte luzeetan zehar desadostasuna izan da nagusi hiriburuko proiektu estrategiko honen gainean; haatik, aurreko astean izandako udal batzarrean PPk eta Bilduk bozak batu eta Herrandarren kalean behin-behinerako eraikia izan zen geltokiari agur esateko aurrerapausoa eman zuten. PSEko eta EAJko udal taldeak kontra agertu diren arren, ez dute gehiengorik proiektuari buelta emateko.

Azken orduko ezustekorik egon ezean, Gasteizko Udalak ohar baten bitartez aditzera eman duenez, autobus geltoki berria 2014rako egongo da eraikita. Obra egiteko azken izapideak onartu ditu Marotoren gobernuak eta beraz, eraikitze lanak urte amaieran hasiko dituztela iragarri du.

Aurreko alkate izandako Patxi Lazcozek Bai Center eraikina altxatu nahi zuen plazan bertan kokatuko da autobus geltoki berria. Eraikitze lanak Vias y Construcciones, Opakua eta Balgorza enpresek gidatuko dituzte eta, orotara, 18,5 milioi euroko kostua izango dute. Hasieran espero zena baino %41 merkeago. Aurkeztutako aurrekontutik, Eusko Jaurlaritzak 14 milioi euro jarriko ditu, 2,5 milioi Arabako Aldundiak eta gainontzeko bi milioiak Udalak.

Bidalitako oharrean zehaztu zutenez, azpiegiturak 15.600 metro karratuko azalera izango du eta azkenean ez da lurperatuko. Guztira, 25 nasa erabilgarri izango ditu geltoki berriak eta autobusek Donostia kaletik egingo dute geltokira sartu-irtena, errei berezi bat izango dute horretarako. Bidaiariek, aldiz, Rafael Alberti kaletik izango dute sarbidea, bertan ere taxientzako gunea izango da. Lurpean, 307 autoentzako aparkalekua zabalduko da, aparkaleku honetan motorrak eta bizikletak uzteko ere leku propioa izango da.

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide