Desazkunde eta trantsizio bigarren topaketa Gasteizen

hirinet 2012ko urr. 10a, 13:21

 

DESAZKUNDEA

 

Hurrengo egunetan, urriaren 11tik 14ra bitartean, 'Desazkunde eta trantsizio bigarren topaketa' izango da Gasteizen. 'Desazkundea' taldeak antolatu dituen jardunaldi hauek green hiriburuaren testuinguruan gauzatuko dira, antolatzaileen esanetan, "leku aproposa baita Gasteiz; azken urtean greentasunaren eredu bilakatu da, atzean fracking-a eta Garoña bezalako auziak dituelarik". Baina, zer da bada desazkundea? Kontzeptua argitzeko Hirinet-ek taldeko kidea den Iñigo Antepararekin hitz egin du.

 

 

 

 

 

Desazkundea eta trantsizio hiria kontzeptu ezezagunak dira gero. Zein da euren esanahia?

Biak berdintsuak dira, nahiz eta jatorri ezberdinak izan. Bi mugimendu hauentzat mundua borobila da, eta hau dela eta, mugatua. Bai ekonomialari marxistek zein neoliberalek mundua laua dela uste dute; hau da, mundua infinitua dela, ekonomia etengabe hazi daitekeela, alegia.

70. hamarkadan, petrolio krisiarekin, ekonomia ekologista hasi zen. 2005ean Frantziako unibertsitatetan ideia horiek berreskuratu  ziren (Serge Latouchke batez ere), eta desazkunde mugimendua sortu zen. Gaur egun alderdi politikoa ere badaukate.

Ingalaterrako trantsizio mugimendua, aldiz, permakulturatik dator. Petrolioaren gailurra eta aldaketa klimatikoari irtenbide praktikoak bilatu nahian lanean jarri ziren; auzoko baratzak, tokian tokiko txanponak, etab. Beti ere komunitatea oinarri, “the power of community” delakoa oinarritzat hartuz.


Beraz, zein eredu proposatzen duzue?

Asko dira uste dutenak ezin dela pairatzen dugun krisi dimentsioanitzaren aurrean zer gertatuko den besterik gabe itxaroten geratzea; hori baino, natura babestuko duen eta pertsona (eta ez ekonomia) ardatz duen gizartea eratzera daramatzaten bestelako aukerak eratu behar direla sinesten dutenak. Horretarako, aldaketa klimatikoa, erregai fosil merkeen agortzea (petrolioaren gailurra) eta gaurko eredu sozioekonomikoaren gainbehera bezalako erronkei aurre egiteko asmoz, antolatzeko erabakia hartzen duten herriek gidatuko duten trantsizioa da beharrezkoa.

Desazkunde ekonomikoa errealitate nabaria eta beharrezkoa dela onarturik, desazkunde desiratu eta lasaiaren hautua egin nahi da gizarte gisa, bizitza ardatz izango duena, ekofaxismoa saihestuz; kontsumoa, lana eta ekoizpena gutxituz; tokiko gizarte autogestionatuaren alde eginez; harreman sozialetan eta elkarlanean gehiago oinarrituko dena; demokrazia berreskuratuz. Hau da, mundu hobea sortuz.


Hurrengo egunetan gai honen inguruan hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituzue Gasteizen. Zein izango da programazioa?

Egitaraua urriaren 11tik garatzen hasiko da, “Surgere” dokumentalaren estreinaldiarekin, 12an esperientzia praktikoak proposatzeko asmoz tailer desberdinak izango dira, 13an hitzaldi irekia eta 14an, egitarauaren itxiera-eguna izango da, koordinaketa lan-taldeekin.


Zeintzuk dira topaketa hauen helburuak?

Estatu mailan lanean diren elkarteen berri ematea, nola ulertzen duen bakoitzak Desazkundea, bakoitzaren antolatzeko era eta zein motatako jarduerak eramaten dituzten aurrera. Horrez gain, sarea sortzeko asmoa dago, kontaktuak eskuratu eta elkarlanean jarraitu ahal izateko komunikazio bideak sortu, beste lurraldeetan elkarte berriak sortu daitezen laguntza emateaz ahaztu gabe.

Formakuntzarako denbora ere izango dugu, edo hobeto esanda, ‘ekonomia feminista eta ekonomia ekologikoaren arteko elkarrizketarako’. Joan Martínez Alier eta Amaia Pérez Orozko hizlariak izango dira, ekonomia feminista eta ekologistaren arteko antzak eta ezberdintasunak ateratzen saiatuko gara.


Zergatik Gasteiz jardunaldi hauek ospatzeko?

Aurten Gasteiz Green Capital delarik, guk beste ikuspuntu bat eman nahi dugu. Beste hiri asko baino askoz hobeto egon gaitezke, baina gauza asko hobetu daitezke ere; fracking-a eta Garoña hor daude, gure aztarna ekologikoa jasangaitza da, etb. Horrez gain, Gasteizen desazkunde talde aktibo bat dago, txikia, baina idei hau zabaltzen saiatzen eta saiatuko gara.

‘Desazkunde eta trantsizio bigarren topaketaren egitarau osoa HEMEN

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide