Hiri garraiorako ikasle txartela berreskuratzearen alde

hirinet 2012ko ira. 12a, 12:49
tuvisaUdaleko oposizioko talde guztiek bat egin dute Javier Maroto alkatearen erabakia bertan behera gera dadin. Igaro den abuztuan, PPk bere kabuz hiri garraiorako ikasle txartela kentzea erabaki zuen eta ikasleak zerbitzu publiko hau erabiltzeagatik jasotzen zituzten laguntzarik gabe utzi dituzte.

“Azpikeriaz eta ezkutuan” hartutako erabakia zela eta, Bilduko zinegotzia eta Tuvisako kontseilaria den David Pinak iraila hasieran salatu zuenez, Administrazio Kontseiluak ez du erabaki hori hartu, eta ondorioz, “legearen kontrakoa da”. Hortaz, lehen Kontseiluan Gerentziak erabaki hori atzera bota zezala eskatuko zutela adierazi zuen koalizioak. “Udal gobernuari maila goreneko erantzunkizunak eskatuko dizkiogu; izan ere, bozkatu genuen bakarra 2012ko prezioak izan ziren, ez besterik”, argitu zuen Pinak.

Aurreratu zuten bezala, aste honetan izandako Tuvisako ez-ohiko kontseiluan oposizioko alderdi guztiak (EAJ, PSE eta Bildu) ados jarri dira PPk hartutako erabakia bertan behera gera dadin, hau da, ikasle txartelak eskaintzen zituen deskontuak berreskuratzearen alde bozkatu zuten.

PPk hartutako erabakiaren nondik norakoak azaltzen saiatu zen Garraio zinegotzia den Marian Castellanos eta honen aburuz, “zenbait ikaslek asteburutan iruzur egiteko asmoarekin erabiltzen zutela” litzateke txartela kentzearen arrazoietako bat. Oposizioak aho batez aurreko hau arbuiatu zuen. Bestalde, Castellanosek ere aipatu zuen orain arteko funtzionamenduak zenbait ikasle “baztertzen” zituela Abetxuko, Lakua, Ibaiondo edo Arriagako gazteek ezin zutelako zerbitzu hau eskuratu auzo hauetara tranbia heltzen delako eta ez zitzaiela deskontua ezartzen. PPren asmoa tranbia zein autobuserako txartel bakarraren zerbitzua eskaintzea zela azaldu zuen zinegotziak.

Hala ere, PSEk, EAJ-k ezta Bilduk ere hartutako neurria baztertuta geratzen ziren ikasleen afera konpontzeko denik ez dute sinesten eta murrizketen politikarekin lotzen dute PPk abuztuan hartutako erabakia. Gainera, Bilduren ustetan, “herritarrekiko begirune falta ikaragarria da erabiltzaileek txartela desagertu izanaren berri autobusean bertan izatea, are gehiago eros-ahalmen oso txikia duen kolektiboaz ari garelako”.

Aste honetan, Tuvisako kontseiluan txartela berreskuratzean aldeko erabakia atera bazen ere, oraindik, Ogasun batzordean eta plenoan baiezkoa lortu behar da.

 

Zuriñe Etxeberria

@zurinetxeberria

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide