Euskararen erabileraren kale neurketa

hirinet 2012ko uzt. 11a, 16:50

Kale neurketaSoziolinguistika klusterrak 2011ko Euskal Herriko Hizkuntza Erabileraren Kale Neurketaren emaitzak aurkeztu berri ditu. Zenbat erabiltzen da euskara kalean? Galderari erantzuteko asmoz aurrera eraman den ikerketa honen arabera, azken 10 urteetan euskararen erabilera kalean “trabatuta” dago “geldiune” batean.

Kale Neurketa 2Izan ere, erabilera-indizean ia ez da aldaketarik antzeman 1993az gero. Hortaz, “ez atzera ez aurrera dago euskararen erabilera”. Arabari dagokionez, ez da «aldaketa esanguratsurik» gertatu azken hamarkadetan eta %4koa da euskararen erabilera gure lurraldean. Gasteizko joera antzekoa izan da; 2006a bitarte goranzko joera apala izan du erabilerak, eta azken bost urtean zertxobait behera egin du. Euskararen  ezagutza gure hirian %25 ingurukoa da , ikerketak jaso duen erabilera, berriz, % 3 ingurukoa.

Halarik ere, hizkuntza-aniztasuna gure kaleetan gero eta presenteago dagoela agerian utzi du ikerketa honek eta Gasteizen (baita Bilbon eta Irunean ere), beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira.  Beste hizkuntza horiek, euskarari ez ezik, gaztelaniari ere eragin diote. Horrela, gure kaleetan entzuten diren elkarrizketen %3,1 dira euskaraz, %4,7, aldiz, beste hizkuntzetan.

Adin-taldeei erreparatuz, Araban, helduetan erabilera egonkor dagoela nabarmendu du ikerketak. Beste irudipen bat ere berretsi du neurketak: haurrekin maizago egiten dela euskaraz. Araban datu esanguratsua utzi du kale neurketak: haurrek beren artean eginiko elkarrizketen %2,1 dira euskaraz; helduen artekoetan, %2,4 dira; orain, haurrak eta helduak nahasten diren elkarrizketetan, euskarazkoak dira %7,6.

Azkenik, emakumezkoek gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoek baino adin-talde guztietan, adinekoetan izan ezik.

Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterrekoak, Xabier Isasi EHUko irakasleak, Iñaki Iurrebaso soziologoak, Iñaki Martinez de Luna EHUko irakasleak eta Rosa Ramos Berriozarko euskara teknikariak osatu dute ikerketa hau aurrera eraman duen Batzorde Zientifikoa.

Ikerketaren emaitza guztiak HEMEN

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide