Fracking edo haustura hidraulikoa: azken mehatxu ekologikoa

hirinet 2012ko mai. 29a, 11:05

frackinezarabatxikiHaustura hidraulikoa, ingeleraz fracking, gas naturala erauzteko teknika berezi bat da, iragazkortasun eta porositate txikiko arroka geruzetan harrapatutako gasa ustiatzeko garatu dena.  

Teknika honetan, zundaketa bideratua egiten da lur azpiko geruza ituan zehar eta ondoren, lehergailuak erabiliz eta nahaste kimiko bat presio handian sartuz arroka zartatzen da.

Honek arrokaren iragazkortasuna handitzen du eta gasa mugiarazi. Ostean gasa zundaketa hodian zehar gainazalera bideratzen da eta azkenik komertzializaziorako prestatzen da.  

Fracking-a teknika aurrerakoi gisa saltzen diguten arren, ez da dioten pagotxa, esaten ez dizkiguten ingurumen kalte andana sortzen baitu. Hasteko, haustura prozesuan zehar erabiltzen den nahaste kimikoan jarriko dugu arreta, bere izaera toxikoa azpimarratuz, besteak beste azido klorhidrikoa, biozida arriskutsu eta gasolina eratorriz osatua dagoelako. Proiektuen ingurumen txostenaren arabera, prozesuan zehar injektatutako nahastearen portzentaje oso handia lur-azpian geratuko da bertako dinamika ezezagunen menpe. Gainera, prozesu osoan zehar gainazalean zein zundaketetan isuriak ere egon daitezke, lurzoruaren eta akuiferoen kutsadura larriagotuz. Erauzitako gasak ere arazo berdinak sor ditzake, eta airearen kutsadura ere eragingo du. Honekin batera, sortzen diren hondakinen izaera ere toxikoa da eta inondik inora ez dute zehazten zein kudeaketa izango duten. Beste alde batetik teknikaren eskakizun bereziak direla eta izugarrizko ur  kontsumoa eta lur galera emango da. Eta azkenik, azpimarragarria da honek guztiak inguruko herritarrengan eragin dezakeen kaltea osasunean batez ere.

Hau azaletik egindako laburpena besterik ez da, baina informazio sakona eta anitza dago fracking-aren eraginen inguruan, batez ere urteetan zehar teknika hau gauzatua izan den herrialdeetan.(1)

Eta hau omen da Eusko Jaurlaritzak eskaini digun azkeneko pastela.

fracking12011ko urrian Patxi Lopezek 180.000 milioi m3 gas eskuragarri ditugula iragarri zuen, EAE 60 urteetan zehar asetzeko haina. Batez ere azken urte honetan zabaldu den berria izan arren, esan beharrekoa da Shesa (Energiaren Euskal Erakundearen baitan dagoen enpresa publikoa) proiektuaren enpresa promotorea, gasa erauzteko ikerketarako baimenak eskatzen 2006an hasi zela. Gaur egun, indarrean dauden baimenek Arabako azaleraren %80a hartzen dute eta momentuz lurralde osoan zehar zazpi putzu daude proiektatuta.

Azpimarratzekoa da, egoera hau posible izateko erraztasunak eman direla legedi eta izapide mailan. Hona hemen hainbat adibide.

Aurrekari gisa “Euskadiko Energia Estrategia 2020” aipatu dezakegu. Dokumentu honetan irakurri daitekeenaren arabera, gobernuaren lehentasuna izan behar du gas naturala esploratzea eta ustiatzea erraztea. Horretarako izapideak arintzea proposatzen du (2).

Ildo berean, Espainiako ministerioak ez du ingurumen eraginen ebaluaziorik eskatu proiektu itzel honen putzuen esplorazio baimenetarako. Putzuen eskaerak banan-banan egin izanak horretan lagundu du, proiektuaren ikuspegi orokorra  galdu eta eragin metatua beharrezko zehaztasunarekin neurtzea eragotziz (3).

Azkenik, salatu beharrekoa da Legebiltzarrean, Euskadiko natura babesteko 16/1994 legea aldatu izana, babestutako naturguneen mugen eta eragin eremuaren baitan meatze-ustiapena debekatzen zuen artikulua ezabatuz. Ez da harritzekoa jokabide hau, ezarri nahi dituzten lehenengo putzuak (Enara 1 eta Enara 2) Gasteizko Mendien naturgune babestuaren eragin eremuan daudela kontuan hartzen badugu. (4)

Hain zuzen ere putzu hauek dira Euskal Herrian izapideetan aurreratuen daudenak, Subillanan daude eta Gasteizko Udalaren baimenak besterik ez zaizkie falta lanei hasiera emateko. Shesak putzu hauek erabili nahi ditu fracking teknika frogatu eta dioenez, bideragarritasun ekonomiko, tekniko eta ekologikoa neurtzeko. Guk argi dugu, ikerketa hau ekoizpenaren lehen urratsa baino ez dela, eta behin esplorazioa burututa ustiapena dela helburu beste edozeren gainetik. Beraz esplorazioa eta ustiapena bat dira. Honen adibide argia dugu, esplorazio fasean erauziko duten gasa sarean sartzeko duten asmoa, ustiapena beraz. Gainera, esplorazio fasea denez zerga gutxiago ordaindu beharko dute, negozio borobila.

Horrez gain, aipatu bai, baina ingurumen bideragarritasuna bermatuko ote duten zalantza dugu. Esan bezala, fracking-aren kasuan ingurumen babeserako neurririk zehaztu ez dela eta azterketa edota ebaluazioak saihestu egin direla aldarrikatzen dugu. Zer nolako ardura ekologikoa da hori? Beraz interes ekonomikoa ardura ekologiko eta sozialei gailentzen zaien beste proiektu txikitzaile baten aurrean gaude.

fracking3AEBko putzuen batez besteko produktibitatea eta hemen iragarri diren gas bolumenak (180 mila milioi m3) kontutan hartzen baditugu, EAEn 2.000 putzu inguru beharko lirateke dena ustiatzeko. Triskantza ederra. Dena den egun, putzu kopuru hori ukatzeko orain Shesak berak zalantzan jartzen du hasieran esandako gas bolumena eta azkenaldian esploraziorako bi putzuez baino ez du hitz egiten. Berriro ere esplorazioa.

Zenbaki dantza honetan, jakin beharrekoa da beste herrialde batzuetan hasieran promesten zen gas kopurua ez dela bat etorri erauzketan topatu izan denarekin. Hainbat kasutan, hala nola AEBko Marcellus ustiapenean edota Polonian, kopurua ikaragarri txikitu da. A ze ziurgabetasuna! Zenbat gas egongo ote da hemen benetan? Zenbat zulatu beharko da guztia ustiatzeko?

Datu hauek ez ditugu ezagutzen, baina badakigu, Shesak 2012ko aurrekontuetan, 50 milioi bideratuko dituela Enara 1 eta Enara 2 putzuen esplorazio fasea hasteko. Murrizketa hitza ohikoa dugun garai hauetan honelako proiektuetan xahutuko dute guztion dirua. EAEko inbertsioari dagokionez, %44a Shesaren esku dago eta gainontzekoa Estatu Batuetako Cambria eta Heyco enpresek jarriko dute. Gauzak horrela, zeinen onurarako izango da proiektu hau? Irabazirik balego, zenbat arabarrek jasoko lukete?

Azkenik, azpimarratu behar dugu hau guztia biztanleoi informaziorik eman gabe eta gure iritziak kontuan hartu gabe egin dela. Non dago gardentasuna? Informazio eza eta ezkutuan eman diren prozesuak onartezinak dira eta oinarri hauetan finkatzen den proiektu bat ez litzateke sekula aurrera eraman behar izango. Bizi dugun garai honetan erregai fosiletan oinarritzen den eredu energetikoa betikotzen duen proiektu bati lehentasuna ematea, akats larria da gutxi batzuen onurarako eta gehiengoaren kalterako.

frackins

 

Honegatik guztiagatik Fracking-ik ez! ez Araban ez inon!

 

Fracking Ez Araba Plataforma,

frackingezaraba@gmail.com

  www.frackingezaraba.org.


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide