'Gazta zati bat' dokumentalaren zuzendariari, Jon Maiari, elkarrizketa

hirinet 2012ko mai. 24a, 11:27

gazta-kartelaDatorren ekainaren 4an 'Gazta zati bat' dokumentala ikusteko bigarren aukera izango dute gasteiztarrek Guridi Zinema Aretoetan. Nazioen Mundua herri ekimenak filmazio batean bere ibilbidea kontatu eta gizarteratzeko enkargua egin zion Jon Maiari. Horrela egin zuen eta Idiazabal abiapuntutzat duen ekoizpena, ustekabean, nazio baten aldaketa historikoa kontatzen duen dokumentala bilakatu zen. Jon Maia dokumentalaren zuzendariak Hirinet-ekin hitz egin du.

Zergatik gazta?

Guk esaten duguna da mundua gazta bat dela eta guk euskaldunok gure zatiaren jabe izateko eskubidea izan behar dugula. Metaforaren ideia Idiazabaldik asmatu genuen, han hasten delako istorioa.


Zer kontatzen digu dokumental honek?

Ideologia desberdina duen herritar batzuk nola diren gai adostasun batera iristeko, aurre iritziak eta errezeloak gaindituz: erabakitze eskubidearen ideiaren bueltan egiten dute bat. Herri kirolekin hasten dira adostasun mezu hori zabaltzen, lehendabizi herrian eta ondoren Goierri osoan. Gero eta handiagoa egingo da beraien elur bola. Jende horren ilusioa, ametsa, ahaleginak, joko garbia, arima erakusten du dokumentalak. Kaleko jendearen lidergoaren eredu bat da eta bidean, barreak eta malkoak daude, oztopoak... baina beraiek beti aurrera egiten dute.


Zer garrantzia du Eskoziak lan honetan? Zergatik Eskozia?

Nazioen Munduak kasualki Eskoziara jotzen du eta ondoren Eskozian mugimendu historikoak gertatzen hasten dira. Eskozia hartzen dute demokrazia gehiagoren eredu eta hori Euskal Herrira ekarri nahi dute. Eskozian independentziaren aurka daudenek ere onartzen dute erabakitze eskubidea, hori hemen ez da gertatzen. Demokrazia helduagoa da Eskozia Espainiar estatuarena baino, zalantzarik gabe. Guk ere prest egon behar dugu Eskoziatik 2014ko erreferenduma dela eta etorriko den olatua hartzeko eta dokumentalak horretan laguntzen du. Demokrazia garatzea da gakoa.


Nortzuk parte hartu dute bertan?

Dokumentaleko protagonistak Nazioen Munduko kideak dira, kaleko jendea. Herritar arduratsuak, gizarte sanoago bat nahi dutenak eta helburu garbi bat dutenak: mundu honetan zer izan erabaki ahal izatea. Ba al dago ezer oinarrizkoagorik?


gazta-zati-bat-maiaNazioen Munduak herri mugimenduak dokumentala egiteko enkargua egin zizun orain dela hainbat urte. Zein izan zen abiapuntua?

Abiapuntua eta helburua Nazioen Munduaren ibilbidea kontatu eta gizarteratzea izan da beti. Eta erabakitze eskubidearen gaia gatazka politikoaren lokatzetatik atera, garbitu eta gizarteratzea ere bai. Nazioen Munduarentzat eskubide hori ez da eztabaida politikoan sartu behar, ez da aldarrikapen abertzale bat ez holako ezer. Egoera pre-politiko bat da, denak abiapuntu berean eskubide berdinekin jarriko gaituen oinarri demokratiko bat. Guk hori naturalizatu nahi dugu, kontakizun benetako eta hurbil baten bidez, garen bezalaxe agertuz ez betiko diskurtsoekin baizik eta era natural batean. Dokumentalean umorea dago, -euskal gatazkaren oinarria izanik ez da erreza- herri alai bat garelako. Arriskatu egin gara eta uste dut dokumental berezia eta desberdina egin dugula. Aldi berean etorkizunari begira jartzen gaitu, eta ez atzera. Aro berri batean sartu nahi duen gizartea da gurea eta guk hori nahi dugu bultza. Ilusioa elikatu nahi dugu eta jendeari beren indarrengan sinestarazi. Ez gara talde politikoen atzetik joan behar beti. Gizarte heldu baten seinalea da herritarrak gertatzen denaz eta etorkizunaz arduratzea, eta hori erakutsi nahi dugu, positiboki eta baikor. Jendeak mezu positiboak entzun nahi ditu, jendeak aurrera egin nahi du eta guk esaten diegu posible dela, gure esku dagoela.


Denbora honetan eman diren gertakizunek nola aldatu dute dokumentalaren izaera?

Izugarria izan da ze gertatu den guztia gure ideiaren eta helburuen alde gertatu da, bai Eskozian eta bai Euskal Herrian. Istorioa egoera blokeatu eta gatazkatsu batean hasten da eta esperantza garai batean bukatu. Guk hori grabatzeko aukera izan dugu, zuzenean, eta Nazioen Munduaren kontakizunean txertatu dugu. Zalantzarik gabe balio erantsi bat ematen dio dokumentalari eta denborarekin hor geratuko den artxibo historikoa izango da. Bide horretan gertakizunen hainbat aktore elkarrizketatu ditugu: Brian Currin, Paul Rios, Rufi Etxeberria, Juan Jose Ibarretxe..


Pelikula Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian apirilaren 21ean estreinatu zen. Horrez geroztik, nolakoa izan da publikoaren zein kritikaren harrera?

Hunkigarria izaten ari da dena. Egon garen leku guztietan jendearen erreakzioa ezin hobea izan da. Jende asko etortzen zaigu hunkituta eta gu ere hunkitu egiten gara. Jendea indartuta ateratzen da dokumentaletik, gauzak lortzea posible dela erakusten duen istorio bat ikusi duelako. Egunkarietan eta komunikabideetan kritika batzuk oso onak izan dira. Iritzi emaile gehienek ere horrela juzkatu dute. Prentsa espainiarra eta konstituzionalistarena bitxia izan da, ze denak antzekoak izan dira, alegia: kontakizun politikoa partziala dela esan digute eta abertzaleak eta bere ikuspuntua baino ez direla agertzen, baina aldi berean denek esan dute pelikula oso ondo dagoela. Oso pozik gaude. Gainera, kritika horien aurrean guk esan nahi dugu guk ahalegin guztiak egin ditugula PSOE eta PPko ordezkariak dokumentalean erabakitze eskubideari buruz hitz egiten ager zitezen baina ez dute nahi izan. Hala ere hau ez doa inoren aurka, etorkizun demokratikoago baten alde baizik. Oso dokumental irekia eta garbia da.

Zoritxarrez, urte askoren inertziagatik edo datorrenari aurre egiteko ez daudelako prest, posizio asko (prentsan, talde politiko batzuetan..) guda lubakietan daude oraindik baina hori laster aldatuko da, urte gutxitan. Gu, guda zelaia topagune bihurtzen ari gara.


Ez da zuzendari lana egiten duzun estreinako aldia.  Eroso sentitzen al zara kameraren atzean?

Oso ondo pasatzen dut bai. Bestela ez nuke egingo, ez baita nire diziplina edo ogibidea ere. Motibatzen nauten proiektuak egiten ditut soilik, bestela ez naiz gai. Gizartean eragin bat izan nahi duten lanak dira: Lehenengoa ‘Bidaia intimoak’ izan zen, Korrikarentzat egindako dokumental luzea. Euskararen garrantzia intimoa azpimarratzen nuen. Oso pozik geratu ginen harrerarekin. Bigarrena, ‘Apaizac Obeto, azken balea txaluparen kondaira’ izan zen, gure itsas ondarearen eta historiaren kontzientzia gizarteratzeko egina. Eta hau azkena, momentuz. Ikusiko dugu inoiz beste bat egingo dudan edo ez, ni bertsolaria naiz!

 

Trailerra:

 

 

{vimeo}40230513{/vimeo}

 

 

 

 

 

Egilea: Saioa Fdz. De Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide