EUSKALTASUNEAN LAGUN, Verónica Domingo

hirinet 2012ko mai. 23a, 11:31

Veronica-DomingoVerónica Domingo saritua izango da aurtengo MINTZA EGUNEAN, Mintzalaguna egitasmoan izan duen ibilbide eredugarriagatik. Abokatua eta Nazioarteko Harremanetan aditua den arren, langabezian dago orain, baina ez du ezta minutu bat ere galtzen eta bi elkartetan dihardu boluntario moduan, down sindromedun pertsonekin lan egiten duen elkarte batean eta garapenerako lankidetza helburu duen GKE batean. 2009an bere bizilekua bihurtu zen Gasteiz; ez da gutxi izan Mar del Plata hirian sortutako argentinar honek euskalduntze prozesuan jarri duen energia.

Verónica gehiago ezagutzeko asmoz hainbat galdera egin dizkio Hirinet-ek…

 


Noiz eta nola ikasi zenuen euskara?

Argentinan, orain urte piloa; bertan, HABEk abian jarritako programa baten bitartez ikasi nuen. Ikasi bitartean euskara eskolak eman behar nituen euskal etxeetan, orduan nire ikas-prozesuan ikasle-irakasle moduan ibili nintzen. Mar del Platako zein Necocheako euskal etxeetan euskara eskolak ematen aritu nintzen, baita euskararekiko hainbat ekitaldi antolatzen ere, Euskararen Nazioarteko Eguna, jaiak, hitzaldiak, ikastaroak... 2003an Mar del Platako euskara ikasleekin Artaburu Euskaltzale Elkartea sortu genuen aipatutako ekitaldiak kudeatzeko. 2006an Eusko Ikaskuntzak Artaburu Euskaltzale Elkarteari ENE Saria eman zion, urte hartan Euskal Herritik kanpo euskararen alde gehien lan egiten zuen elkartea izateagatik.


Noiz hasi zinen mintzalagunean?

2007an Algortan berba txangoetan eta berbalagunen mendi irteeretan parte hartzen hasi nintzen, 2008an Algortako berba talde batean izena eman nuen. 2009an Gasteizera etorri nintzen, eta handik aurrera Gasteizko mintzalagunean nago.


Zer esango zenuke zure mintzalagunen inguruan?

Poz-pozik nago programarekin, zeren jende jatorra ezagutzeko aukera eman zidan, eta batez ere, euskaraz mintzatzeko aukera. Oso lagun onak ditut mintzalagunean, Gasteizen ezagutzen ditudan ia pertsona guztiak, mintzalagunen bitartez ezagutu nituen.


Duzun biziorik handiena?

Txokolatea.


Bertuterik?

Pertsona langilea eta zintzoa naizela uste dut.


Akatsik?

Tematia naizela esaten didate.


Fisikoki zerk erakartzen zaitu gehien besteengan?

Begirada, pertsonen begiradan euren barnea ikus dezakezulako, gardentasuna zein iluntasuna.


Oporrak non eta zertarako?

Itsasotik gertu dagoen edozein leku, uretan sartzeko eta eguzkia hartzeko, noski.


Egunkari bat?

BERRIA egunkaria.


Liburu bat?

Irakurri dudan azkena, Uxue Alberdiren ‘Aulki-jokoa’.


Film bat?

‘Emaztegaiaren semea’ film argentinarra.


Musika talde bat?

“Ken Zazpi edo Sui Géneris 70. hamarkadako talde argentinarra.


Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian?

Azken hilabetetan euskal taldeen kontzertu eta bertso saio nahikotxoetara joan izan naiz. Gasteizen antolatutako “Euskaraz Bizitzera Goaz!” ekitaldia ere aipatuko nuke, bakarrizketan eta mintzodromoan oso gustura egon nintzen.


Bizikleta, autobusa, tranbia, kotxea ala oinez?

Aukeratzekotan, oinez ibiltzea nahiago dut.


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Alde Zaharra, oro har, eta Judu-kalea bereziki. Betidanik baztertuen auzoa izanik aniztasun handiko lekua da eta horrek erakartzen nauelako. Garai batean judutarren auzoa zen, gero prostitutena, eta orain etorkin asko bizi dira, meskitak ere badaude, sekretu asko gordetzen ditu Judu-kaleak, nire ustez.


Zer da Gasteizek duen onena eta txarrena?

Txarrena: eguraldia, hotzegia da Siberia-Gasteiz; eta onena: euskaldun jendea.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Bai, noski, saiatzen bazara, bizi zaitezke; euskaldun giroa eta mundua bilatu behar duzu, noski.


Amets bat?

Munduan zehar bidaiatzea.

 


Egilea: Gasteizko Mintzalaguna 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide