Asisko Urmeneta, ‘Gartxot’ pelikularen zuzendariarekin solasean

hirinet 2012ko mai. 22a, 20:32

urmeneta_3Asisko Urmeneta, ‘Gartxot’ filmaren zuzendariarekin hitz egin du Hirinet-ek. Nafarroako irudigile honek eta Juanjo Elordik, Arturo Campionen lanetik abiatuta, ikuslea XII.mendeko Nafarroara eramaten duen film hunkigarria sortu dute. Maiatzaren 24ra bitartean, Florida Zinema Aretoetan ikusgai izango duzu euskara hutsez eta helduentzako eginiko animazio proiektu interesgarri hau.

‘Gartxot’ 2011ko azaroan estreinatu zen eta egunotan ikusgai dago Gasteizen. Denbora honetan, nolakoa izan da publikoaren harrera?

Orokorrean, jendea hunkitua atera da gure filmatik, egiazki, Arturo Campionek eskaini zigun narrazioa horrelakoa baita eta gu berak transmititu zigun emozioa eskaintzen saiatu gara. Askok komentatu digute istorio gogorra dela, hala baita. Izan ere, gu ez genuen Campionen bertsioa eztitu edo gozotu nahi izan eta istorioaren gordintasunagatik jendea hunkitua atera da aretoetatik.


Oraindik pelikula ikusi ez dutenek, zer aurkituko dute?

 

Marrazki bizidunen pelikula egiteak abantaila handiak ditu, besteak beste, dena sortzeko dagoela. Horrela, bai marrazkiaren bidez, bai euskara beraren bidez, XII.mendeko bizitza kontatu dugu. Garai horretan, inbasio baten ondorioz, Nafarroan nafarrek ez zuten agintzen; Aragoikoek eta Gaztelakoek baizik. Aragoiko erregea aldi berean ari da borroka betean Al-Andalus-en kontra eta egoera horren aurrean, asko dira kanpotik joaten direnak. Testuinguru horretan, istorioak Gartxot Itzaltzuko bardoaren bizipenak kontatzen ditu, fraideek Orreagako Monastegitik kanporatzen dutenean.

 

Zer nolako garrantzia dute euskarak eta euskal kulturak istorioan?urmeneta_6

 

Tronkala da, barneko hezurra hori da, hain zuzen ere. Oso mintzo modernoa da. Aldi berean, XII.mendeko jende ilustratatuen ustezko horren lekukotasunak doitzen baldin baditugu, ikusiko dugu nola mespretxatzen gintuzten, kakaren azpikoa ginen. Baina beste aldetik, momentu honetan DVDrako azpitituluak egiteko itzulpenak ekoizten ari gara, ‘Gartxot’ euskaraz entzuteko baina azpituluak galegoz, bretoieraz, bereberez, kurdueraz edo laponieraz. Horrez gain, lagun batek japonierara ere egiten ari da itzulpena eta honek komentatu zidan harritzeko dela zein berdintsuak garen euskaldunok eta japoniarrak eta beraz, antzerki tradizionaletan aita batek Gartxoten erreakzio berbera izanen zukeela. Honekin esan nahi dut gurea ez dela gertaera lokala, kontatzen ari garena injustizia bat da eta injustizia horretan parte tronkala baduela herri bateko partaide izatea. Gartxot ez da noble bat, ez da historia liburutan agertzen den zalduna, Orreagan fraideen menpeko morroia baizik. Hortaz, bere bizitza ez da Arturo Erregea edo Mio Cid bezalakoen mito nazionala, jende oinezkoa da eta bidegabekeria handi baten aurrean, duintasuna errepresentatzen du. Eta duintasun honen barnean agertuko zaizkigu, dudadik gabe, euskal zibilizazioaren berezko ezaugarriak, hala nola, komunitarismoa, sorkuntza, ongi pasatzearen gogoa...

 

Nolakoa izan da Arturo Campionek idatzitako XII.mendeko istorioa marrazkietan irudikatzeko lana?

 

Pribilejio bat da marrazki bizidun bat egin ahal izatea, are gehiago, beste garai batekoa. Hori egiteko erabateko askatasuna izan dugu alde guztietatik, ekoiztetxearen aldetik ere ederra izan da. Orduan, dena berez marraztu behar izan dugunez, ez dugu lotu behar izan ez disziplina historikoari, ez arkitektonikoari, ezta anatomiari ere. Fondoetarako, berriz, Mikel Louvelli artistaren gidaritzapean egon den artista taldeak lan ikaragarria egin du eta testurekin lan egin du, oso atmosfera mediebala eta Pirineo aldekoa lortuz. Pertsonaiak egiterakoan, ez gara lotuak aktoreekin, ez ditugu zertan gauza errealistak egin behar eta beraz, pertsonai karikaturalak agertzen dira. Erronka handia izan da ikustea ea pertsonai hauek ondo funtzionatuko zuten animazioan eta  baita jende jakin batzuen gainean ere. Azken emaitza, nire ustez, oso ona izan da, alde zein kontra daudenen artean. Polita izan da jendeari aukeraketa estetiko horiek erakustea.

 

Marrazki bizidunak izan arren, dramatismoa da nagusi. Ez da, beraz, haurrentzako pelikula, ezta?

 

Ez, inondik ere. Ni komikiaren mundutik heldu naiz eta Estatu Espainolean ikusi dugu komikia dela beti haurrentzako erosten den produktua eta nagusitzen den heinean, liburuak, gauza serioagoa izan balitza bezala, komikia ordezkatu behar duela. Estatu frantsesean, adibidez, kulturalagoa da eta badira komiki erotikoak, belikoak, intimistak, etab. luze bat. Komikietan bezala, animazioa ere erotikoa (manga bezala) edo oso bestelakoa izan daiteke. Hortaz, jendeak animazioa, eta gainera euskarazkoa, entzutzen duenean berehala haurrentzako dela uste du, euskara banalizatu eta infatilizatzen delako. Guk kalifikazioa 10 urtetik gorakoentzako eskatu genuen baina ez ziguten onartu.

 

Besteak beste, Benito Lertxundik eta beste askok lagundu dute ekoizpen honetan.  Zeintzuk eta nolakoak izan dira kolaborazioak ?

 

Benito Lertxundirena eta Olatz Zugastirena, esaterako, ez dira soilik kantagintzara mugatu. Hau da, askoz sakonagoak izan diraa, ideologikoak, esango nuke. Nahitaezko kolaborazioak izan direla uste dut eta kolaborazioa baino partaidetza izan da, euren aportazioak oso inportanteak izan baitira. Alde horretatik, asko aberastu da pelikula. Izan ere, hasiera batean Benitori Gartxot-en rola eskaini genion baina oso errespetagarriak diren arrazoiengatik ezetz esan zuen eta azkenean, erregearen pertsonaia egin zuen. Hala ere, Gartxoterako Mixel Etxekoparren izena proposatu zen eta honek onartu zuen. Bestetik, bikoizketa egiten duten aktore gehienak zuberotarrak dira. Zuberoan eta Itzaltzun mugitu gara. Aktore profesionalak ez diren batzuk ere parte hartu dute bikoizketa lanetan eta honek aktore profesionalek transmituko ez luketen sinesgarritasuna eta freskotasuna transmititu dute.

Bestetik, Campionen narrazioa hartu genuenean ikusi genuen Campion oso erromantikoa eta katolikoa zela eta orain dela mende bat idatzi zuen idazki horretan ez ziren emakumeak agertzen. Horregatik, pertsonai batzuk asmatu genituen, modu honetan, istorioak beste dimentsio bat hartzen du. Pertsonai horien izenak asmatu eta bilatu behar izan genituen eta asmatu ditugunen artean, Xune izena dago. June badago dokumentatua Erdi Aroko Nafarroan eta euskarari keinu bat egin nahian Xune jarri genion. Harrezkero, jakin badakigu, jaio berri diren bi neska Xune izena jartzea lortu dutela.

 

Zure anaia Kukuxumuxuren sortzailea den Mikel Urmeneta duzu. Nondik datorkizue komikirako eta marrazkirako zaletasuna?

 

Gure aita zena oso marrazkilari ona zen eta txikitatik bultzatu izan du marrazkigintza gure artean.

 

Zein da zure hurrengo proiektua?

 

Momentu honetan, peña batek San Ferminetarako pankarta batean Nafarroako konkistaren inguruko marrazkia egitea enkargatu dit. Horrez gain, beste film bat egiteko proiektua gauzatzen ari naiz eta kasu honetan, asmoa nazio artean euskaldunon hainbat alderdi azaltzea izango litzateke.

 

Egilea: Saioa Fdz. de Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide