Krisialdiaren bukaeran, beste bat zerumugan?

hirinet 2012ko mai. 21a, 11:15
javi-lopezJavi Lopez

Egunen batean gaur bizi izaten ari garen krisialdi ekonomikoa amaituko da. Dena den, oraingo ekonomia, eta etorkizunekoa, ahula da, faktore ezberdinen menpe baitago, energiaren menpe, esate baterako.

Gizartea erregai fosilen inguruan antolatu da, horrela hazi da. Hala ere energia sortzeko beharrezkoak diren erregaiak egunen batean bukatuko dira. Horregatik energia garbiak gero eta garrantzitsuagoak dira.

Azken bolada honetan ikusi dugu nola enpresa ezberdinak hasi diren auto elektrikoak saltzen, eta duela gutxi hori pentsaezina zen. Dena den, autoak mugi daitezen beharrezkoa den elektrizitatea hala edo nola sortu behar da. Egia esan, elektrizitate hori sortzeko erregai fosilak erabiltzen badira ez da asko irabazten.

Momentuz energia garbiak ezin dira erabili denetarako, sortzen den kopurua ez baita nahikoa gure behar guztiak betetzeko. Baina hori izan beharko litzateke asmoa: behar dugun energia guztia era garbiaz sortzea.

Eguzki energia erabilgarria da ura berotzeko eta elektrizitatea sortzeko. Eraikin berrietan eguzki energia termikoa erabiltzen da komunitatearen uraren ehuneko bat berotzeko. Beste instalazio batzuetan eguzki energia fotovoltaikoa erabiltzen da elektrizitatea sortzeko. Energia mota hauek garbiak dira. Egia da fabrikatzeko prozesuan kutsatzen dela, baina ezin da konparatu erregai fosilek sortzen duten kutsadurarekin.

Haize energiaz hitz egiten badugu, guztiok ezagutzen ditugun haize errotak aipatu behar dira. Haizea hor dago, beti egon da eta elektrizitatea sortzeko era garbi bat da. Dena den, neurri hauekin beti sortzen da polemika, mendi lerroetan kokatzean paisaia hondatzen da, hegaztiak hiltzen dira...

Orduan, non dago muga? Argi dago ez dagoela energia mota bat perfektua denik. Energia iturri guztiekin kutsatzen da, kontua da batzuekin askoz gehiago egiten dela. Gizarteak ez du atzera egingo. Lortu dituen aurrerapen guztiak ez ditu orain ukatuko planeta garbiago batean bizitzeko. Benetan bizi izango gara betiko hiri "green" batean edo benetako energia arazoak sortzen direnean guztiak bezalakoak izango gara?

Hurrengo krisialdia energiaren eskutik etorriko da. Galdera da ea prest egongo garen bakarrik energia garbiekin bizitzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide