'Biodiskografiak, errezitaldi musikatua' maiatzaren 22an, Parral tabernan

hirinet 2012ko mai. 18a, 12:39

biodiskografiak_kartelaTXIKIban Zaldua: “Ondo iruditzen zitzaidan Kortatuk “Jimmy Jazz” bertsionatzea, baina The Clashen jatorrizkoarekin geratzen nintzen”

 

Iaz argitaratu zen Biodiskografiak liburua, Iban Zalduak bere unibertso musikaletik sortutako ipuin bilduma, alegia.

Liburuak gau-mahaitik salto egin du taula gainera. Ibon Rodriguez musikaria eta Xabier Montoia musikari eta idazlea ditu lagun Zalduak “Biodiskografiak, errezitaldi musikatua” emanaldian.Maiatzaren 22an izango da hirukotea zuzenean ikusteko aukera Gasteizko Parral tabernan, GEU elkartearen eskutik. Hirinet Iban Zalduarekin izan da Biodiskografiak liburua eta emanaldiaren inguruan aritzeko.

 

Biodiskografiak liburuan hainbat diskotan oinarritutako ipuin sorta bildu duzu. Zure biografia musikala paperera ekarria? 

Hein batean bai, baina beste batean ez. Bai, hor agertzen diren guztiak nire bizitzaren parte direlako, modu batean edo bestean: nire diskotekatik atera ditut guztiak, eta norberaren disko-bilduma, biblioteka bezala, norberaren biografiaren atal bat da, azken finean. Eta bai, bestalde, ipuinetan agertzen diren gauza batzuk niri edo hurbilekoei gertatutakoak direlako. Baina ez, bizipen eta oroitzapen horiek guztiak, eta beste batzuk ez direnak batere neureak, fikzioaren filtrotik pasa ditudalako: nire helburua ipuin liburu bat eraikitzea zen, ipuin bakoitzaren oinarria disko jakin bat bazen ere. Narrazio-liburu bat da Biodiskografiak, nire aurreko edozein narrazio-libururen maila eta kategoria berekoa alde horretatik.

 

Talde anglosaxoiak dira nagusi Biodiskografiak liburuan. Zein leku du euskal musikak Iban Zalduaren unibertso musikalean? 

Txikiagoa, dudarik gabe: musika pop espainolak adinakoa, ziurrenik, baina frantsesak edo italiarrak baino handiagoa, adibidez. Ni, nire garaikide asko bezala, Itoiz, Jotakie, Hertzainak, Décima Víctima, El Aviador Dro, Radio Futura eta enparauak entzuten hazi nintzen, baina, dena delakoagatik, pedanteegia nintzen haiekin konformatzeko, eta talde britainiarrak edo estatubatuarrak gustukoagoak nituela erabaki nuen. Ondo iruditzen zitzaidan Kortatuk “Jimmy Jazz” bertsionatzea, baina, zer esanik ez, The Clashen jatorrizkoarekin geratzen nintzen, askoz ere hobea zen. Eta abar. Ez zait kontu miresgarria iruditzen, baina ezta gaitzesgarria ere. Hala suertatu zen eta kito. Lekua badu, beraz, txikia bada ere. Hogeita hemeretzi ipuin/diskoetatik, bat da euskalduna –Itoizen Alkolea– eta beste bat espainola –Los Planetas-en Una semana en el motor de un autobús–: nik uste dut horrek nahiko hurbiletik islatzen duela nire diskotekako proportzioa bera. 

 

Antzokietara ere salto egin du liburuak. Nola sortu zen Biodiskografiak zuzenekora eramateko ideia? 

Bueno, liburua horren lotuta egonda musikarekin, naturala iruditzen zait; azken finean, ipuin bakoitza album batean oinarritzen da. Jada liburuaren aurkezpenean Giorgio Bassmattik bertsio batzuk jo zituen, The Smiths edo Ivy taldeenak adibidez. Eta liburuan bertan musikarekiko harreman hori ezin genuenez zuzenean gauzatu, musikalki alegia, diskoen azalak gehitu genizkien ipuinei. Dena dela, liburua argitaratu aurretik ere banuen ideia: ipuinak laburrak dira, eszenatoki batetik irakurtzeko modukoak, eta bertsioak egiten ausartuko zen norbaiten bila aritu nintzen, zuzenean edo zeharka, prozesu guztian zehar. Azkenean norbait engainatu ahal izan nuen arte: Xabier Montoia kantuan eta Ibon Rodriguez gitarran. 

 

Taula gainean Ibon Rodriguez eta Xabier Montoia dituzu lagun. Zelan sortu zen hirukotea?  

Badira urte batzuk Xabier Montoia ezagutzen dudala, nire idolo literarioetako bat da, eta musikalki ere oso interesgarria iruditu zait beti, hala M-ak-en garaian nola bakarka egin duen ibilbidean; Beti oporretan eta Ni ez naiz Xabier Montoia oso album onak iruditu izan zaizkit beti. Itxaropen handirik gabe proposatu nion ideia, eta, nire pozerako, baietza eman zidan. Suertea izan dut, neurri batean, Xabier bere kantari-ibilbidea berpizten ari zelako justu une horretan, Montoiaren mundu miresgarria diskoa prestatzen ari zelako hain zuzen, Ibon Rodriguez gitarristarekin eta Maite Arroitajauregi txelo-jolearekin, eta berari eta Iboni ideia ona iruditu zitzaien. Liburua irakurri zuten, beraz, eta zein kanten bertsioak egingo zituzten erabaki: informazio horrekin nik testuak moldatu eta hari bat osatu nuen ipuinak lotzeko, eta halaxe eratu genuen irakurraldia; aukera sortu zen Gernikako gaztetxean egiteko, Kafea & Galletak ekimenean, eta halaxe hasi ginen. 

biodiskografiak_kartelahand

 

Eszenatoki ugaritan izan zarete dagoeneko, oraingoan etxetik hurbil… Berezi izaten al dira horrelako emanaldiak? 

Bitxia da, zeren eta emanaldia transformatzen joan baita denborarekin, aldatzen. Tira, nik ez nuen espero hainbestetan eta hainbeste tokitan egingo genuenik, eta aldaketa batzuk sartu ditugu, bai bertsioetan bai testuetan, batez ere emanaldia leku berean bi aldiz dugunetan. Gasteizen, adibidez, joan den azaroan eskaini genuen, unibertsitate kanpusean, eta orain Parral tabernan, eta nahiz eta irakurraldiaren hezurdura eta ipuin batzuk berdinak izan, orduan irakurri ez genituen beste batzuk erabiliko ditugu oraingoan. Izan ere, “biodiskografia” berri bat idatzi dut emanaldi honetarako propio, bertan “estreinatuko” duguna, ea zer moduz…

 

Zer deritzozu GEU elkarteak sortu berri duen HIRINET egitasmo komunikatiboaren inguruan?  

Interesgarria, beharrezkoa eta pozgarria. GEU aldizkariaren desagerpenaz geroztik pixka bat umezurtz geratu ginen Gasteizko euskaldunok, eta ekimen berria, Hala Bedi irratiaren euskarazko adarra bezala, sumatzen ziren hutsune horiek pixka bat betetzera etorri dira. Are pozgarriagoa iruditzen zait komunikabideak, eta batez ere euskarazko komunikabideak pairatzen ari diren krisia kontuan hartuta: are meritu gehiago dauka horrelako ekimen batek testuinguru horretan.

 

Egilea: Naroa Cuesta

Kartelen argazkiak: DosPorDos

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide