ARTIUMek erakusketak, kontzertuak eta bisita gidatuak antolatu ditu maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko

hirinet 2012ko mai. 17a, 14:27

concierto-performance-HospiMaiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan eta Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa ez da atzean geratuko. Izan ere, hamargarren urtez jarraian, ICOMek (International Council of Museums) sustatutako ekimenarekin bat egin du erakundeak. “Museoak mundu aldakor batean.

Erronka berriak, inspirazio berriak” goiburuarekin, museoko bisitariek esperientzia pertsonal eta esanguratsua izango dute eta museoa etorkizunaz nola arduratzen den jakingo dute. Kontzertuak, bisitaldi gidatuak, haurrentzako lantegia, performanceak eta bi erakusketa prestatu dira egun berezi honek merezi duen ospakizuna gauzatzeko.


ArtiumJardunaldiari hasiera emateko bi erakusketa inauguratuko ditu Frantzia kaleko museoak. Batetik, Alfredo Álvarez Plágaro arabarraren ‘Plágaro’ lana, ikuslearen begirada harrapatzen dituen «margolan berdinak» serieaz osatua. Bestetik, ‘Premiaren garaia’ erakusketa kolektiboa zabalduko da, zehazki, Picasso-ren une honetan ibilbide interesgarrienetakoa duten lau artista garaikidek – Cristina Lucas, Pepo Salazar, Daniel García Andújar eta Pilar Albarracín – Guernica-ren inguruan aukera honetarako propio egindako lanen bidez ikuspegi berezi eta berritzailea eman nahi duena. Inaugurazioaren ondoren, 21:00etan, Pepo Salazar-ek 3rd WWRequiem piezaren kontzertua eskainiko du.

Eguna bukatzeko, Telephunken eta Radiofunkens taldeek erritmo elektroniko eta pop doinuak dituzten beren lanak aurkeztuko dituzte 21:30ean. Telephunken musika elektroniko independentearen talderik garrantzitsuenetako bat da eta funk, jazz, raggamuffin, breakfeat edota latindar erritmoak nahasten ditu.

Radiofunkens talde nafarra, 2010. urtean bere lehenengo diskoa grabatu ondoren, Nafarroako Gobernuko Artista Gazteen eta Campus Music txapelketak irabazi zituzten. Radiofunkens abiarazlea izango da, eta rock alternatiboa eta pop kutsu handiko doinuak eskainiko ditu.

Maiatzaren 19an ospakizuna jarraituko du

Baina ostiralean ez da Museoen Nazioarteko Eguneko ospakizuna amaituko, maiatzaren 19rako hainbat ekintza gorde baitira. Horrela, 12:30ean eta 18:00etan erakusketen bisitaldi gidatuak izango dira. Horrez gain, txikienek ere txoko berezia izango dute Artium-en. Horrela, 6 eta 11 urte bitarteko haurrek lantegi irekia izango dute arratsaldean.

13:30etik aurrera eta hiru emanalditan ‘Denbora eta premia (Guernica)’ erakusketa oinarri harturik, Horman Poster kolektiboak ‘After you performancea’ egingo du. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra dantzariek leku honetarako bereziki sortu duten lan artistikoekin, erakusketan barrena eramango dituzte parte hartzaileak bazter guztiak ezagutzera.

Egunari agur esango diote Menpekotasunen Eguneko Erietxeko lagunek sortutako Band in a box taldearen kontzertu-performance batekin. Taldea 10 astez aritu da ARTIUMen lanean Gernika bonbardatu zeneko 75. urteurrenaren inguruko proiektu bat burutzeko. Zentro-Museoak gizarteratzeko lankidetza programak ditu erakunde batzuekin eta besteekin, lantegi-bisitaldien bidez arte garaikidea jende guztiarengana hurbiltzeko asmoz.

Museoen eguneko egitarau osoa HEMEN 

 

Egilea: Saioa Fdz. de Arangiz


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide