KOMUNIKAZIOA IZENEKO IRATXO BAT

hirinet 2012ko mai. 15a, 10:58

Bart gauean amets bat narabilen buruan, jirabiran.iratxo
Iratxo bat etorri zitzaidan bisitan. Eta... hara! Iratxo horrek Komunikazioa izena zuen. Komunikazioa, bai!

Nahigabetua zegoen gure iratxoa. Eta hauxe esan zidan, xuxurlaka:

-"Aizu: giltzapetuta naute. Gatibu".



-"Nola gatibu?!", galdetu nion nik, nahastuta.

-"Bai, bai. Esklabo. Merkatuaren esklabo naute".

-"Azalduidazu, azalduidazu", eskatu nion, jakinguran.

-"Beitu -hasi zitzaidan kontatzen-. Informazioaren gizartean bizi gara. Eta horrek zer esan nahi du? Ni neu, komunikazioa, gizartearen bihotzean nagoela, eta bere taupaden osagaietako bat naizela. Ni kontrolatzen nauenak botere jakin bat du. Hori da gakoa!".

-"Jarraitu, jarraitu!" -nik, txundituta.

"Entzun: enpresa oso handi batzuk, gutxi batzuk, ni kontrolatzen saiatzen dira.




Enpresa horiek Mendebaldeko hiritar dirudun batzuen aginduetara daude.

Eta ez zait batere gustatzen nagusi horiek nola tratatzen nauten: Hegoaldeko herrialde txirotuetara bere mezua eraman behar izaten dut behin eta berriz. Hortaz, herrialde pobreetako hiritarrek, Mendebaldeko aberatsek ekoiztutako mezuak jasotzen dituzte, etengabean.

Ez hori bakarrik: herrialde aberastuetan ere, hemen, nagusi horien interesen araberako mezuak helarazi behar dizkizuet herritarrei, oro har.

Esan dizut: nire nagusiak enpresariak dira: komunikabideak baino, enpresa-mediatikoak dituzte. Eta zein da, ba, enpresa baten helburua? Dirua irabaztea. Horregatik, ni, Komunikazioa izeneko iratxoa, merkantzia bezala tratatzen naute.

Libre-merkatuaren gizartean, haiek ni "libreki" erabiltzen naute.

Haiek dira "libre", komunikazioarekiko.

Baina zuek? Zein askatasun duzue zuek? Esan nahi duzuena esan dezakezue printzipioz, bai: baina ez duzue non esan.

Ez duzue  apenas megafonorik, zuen talde, elkarte, kolektibo edo familiako ahotsa beste herritarrekin konpartitzeko.

Egia da ere, zuetako asko ni askatzen saiatzen zaretela:  irrati komunitarioak sortzen; irizpide ekonomikoen menpe egongo ez den komunikazioa eraikitzen; herritarron parte-hartzea eta ahotsa bermatuko dituzten egitasmoak abiatzen; aldizkari propioei bizia emanez; komunikabide publikoak publikoarenak izan daitezela aldarrikatzen...

Baina, hala ere, oraindik gatibu nago.

Orain azaldutakoa baino konplexuagoa da nire egoera, egia da, baina denbora gutxi daukat eta zerbait eskatzera etorri naiz.

Zuek bataila-fronte asko dituzue. Ekologismoa, sexu-askapenerako mugimendua, garapenerako lankidetza, eta abar. Zer dela eta ez duzue Komunikazioaren alde ere borroka egiten?

Komunikazioa askatu! Zuen eskubidea da..."

Eta, hori esanda, nire ametsen zurrunbiloan desagertu zen iratxoa.



Itsasne Elizondo
2012/05/13

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide