XI. Bizikletaren astea, maiatzaren 14tik 26ra Gasteizen

hirinet 2012ko mai. 11a, 11:36

bizikletarena-asteaGasteizko udala, hiriko hainbat elkarteekin batera, bizikletariaren, oinezkoaren eta gidariaren arteko bizikidetza bultzatzeko lanean dabil. Erronka nagusia mugikortasun iraunkorra lortzea da baina horretarako herritar guztiek prest egon behar dute erronkari aurre egiteko. Hori lortzeko bidean, maiatzaren 14tik 26ra, Bizikletaren Astea antolatu dute Gasteizko Bizikleteroak elkarteak eta Udalak. Urtero antolatzen den ekimena izan arren, aurten berezitasun bat izango du: Aldabe eta El Campillo gizarte etxeetatik at eramango da ekimena eta auzoetan ere hainbat ekintza egingo dira, bide batez, 'Green Capital'-a ospatzeko.

Jardunaldi hauen xedea Gasteizko gidariek, oinezkoek eta bizikletariek elkarrekin bizitzen ikastea da. Besteak beste, datozen 15 egunetarako ekitaldiekin hiritarrek garraio publikoa erabiltzeak duen garrantzia ezagutuko dute eta batez ere, bizikletaren ezaugarriak eta onurak zeintzuk diren jakiteko parada izango dute. Programazioa zabala izango da eta helduei zein umeei zuzendutako hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, lehiaketak edo erakusketak antolatuko dira hiriko gizarte etxeetan eta kiroldegietan.

Datuei erreparatuz, eta mugikortasunari dagokionez, Gasteizko udalaren helburua da 2020 urtean hirian egiten diren joan-etorri guztien %15etan bizikleta erabiltzea. Horretarako elkarlanean dabiltza Udala eta Gasteizko Bizikleteroak elkartea, gure hirian bizikletaren erabilpena sustatzeko eta bizikleta erabiltzaileen eskaerak eta interesak defendatzeko sortua. 

Elkarte honek esan bezala, azken ikerketen arabera, lanera joateko egiten diren ibilbideen bataz besteko luzera 3,5 kilometrokoa da (15 minutu bizikletaz). Ikastegietara edo erosketak egiteko egiten direnak, aldiz, 2,5 kilometrokoak (10 minutu). Hortaz, joan-etorriak motzak direla dio elkarteak eta horrelako distantziak egiteko bizikleta ibilgailurik azkarrena dela gaineratzen du. Horrez gain, bizikleta erabiltzearen onuren artean, osasungarria dela aipatzen du elkarteak, izan ere, egunero pedalei 10 minututan eragiteak muskulatura eta artikulazioak indartzen ditu eta zirkulazio sistema bizkortzen du.

Bizikletaren Asteko programazioa osoa HEMEN.


Egilea: Bego Martin

2012/05/11

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide