Dorreak goian behean

hirinet 2012ko mai. 10a, 12:28

Salburuko-dorreak

Jose Mari Segurola

2012/05/10

Berrikuntzaren aroak ezartzen duen ildotik, hasi da zabaltzen Gasteizen skyline berrituaren irudia. Orain arte hiriaren ikur izan diren alde zaharreko lau elizdorreei Salburuko dorre berrietako lauren irudia hasi zaie gaina hartzen: Salburuko parkean kometekin jolasean dabiltzanen atzean lau eraikin luze, Central Parken berdetasunaren gainean altxatzen diren etxe-orratzen irudira egindako postala. Lehen lau dorre, orain beste lau. Lehen tradizionalak, orain modernoak.

Hiri batek lehiakor izateko goraka zenbat hazi den erakutsi behar duen garai honetan, ez da erraza hiri handien martxari segitzea. Zaila dago dorreen kontu honetan Bilbori irabaztea, goraka eraikitako metrotan behintzat, eta zer esanik ez Championsen jokatzen duten hiri aurreratuenei. Baina ahaleginaren faltan ez dadila geratu autoestimuarekin zorrik. Gorago eta harroago, beherago eta eskasago. Beti bezala, gutxi gorabehera.

Eta mundua gora begira bizi den sasoi honetan, azpialdeetan zer ote dabilen begiratzeko gogoa piztu zitzaidan lehengo batean. Zubi azpietan begiratzen hasteko asko ibili behar denez, estoldaren batean muturra sartu edo ez pentsatzen ari nintzela, bururatu zitzaidan ezer ez dagoela beherago lurpekoa baino. Eta foruen plazako bolatokian sartzea erabaki nuen aspaldiko partez.

Urte batzuk pasa dira azkenekoz han sartu nintzenetik. Orduan espero nuena ikusi nuen, jende edadetua bola jokoan, eta oraingoan ere orduko mugimendua eta jardun ozena aurkitzea espero nuen. Lur azpiko mundurako eskailerak jaitsi nituenean, ordea, ateak itxita aurkitu nituen, paperak eta plastikoak lurrean, eta bazterrean txiza parrastadaz bustitako horma. Ate bati bultza egin nion baina itxita zegoen; bestearekin probatu nuen eta berdin. Jiratu eta eskailerak igotzen ari nintzela hots bat entzun nuen. Atzera begiratu eta atean zabaldu zen zirrikitutik gizonezko baten burua ikusi nuen:

―Zer nahi zenuke?

―Bolatokiak nola jarraitzen duen ikusi.

Nire moztasunean ez zitzaidan aitzakia hoberik bururatu. Handik uxatuko ninduela uste nuen, baina atea zabaldu zidan, eta barrura sartu nintzen. Ez zegoen beste inor.

―Gaur bezalako egunetan ez da inor egoten.

Apirileko azken eguna zen, astelehena, eta ez nekien egun horrek zer berezitasun zuen, baina ez nion ezer galdetu.

Bazter batetik egin genuen bolatokiaren barreneraino. Txoko batean zegoen paper mordoxka baten ondoan eseri zen lurrean, eta neu ere eseri egin nintzen, harengandik pare bat metrora. Txirloak jartzen dituzten tokira begiratu nuen eta lau ikusi nituen zutik elkarren ondoan, ondo lerrokatuta, dorre harroak balira bezala tente.

―Etor zaitez hona lasai―urruti samar eseri nintzelako harrituta-edo.

Ondoan jarri nintzaionean, paperen artetik karta sorta bat atera zuen. Esku trebez nahastu eta banaka ateratzen hasi zen. Lau karta jarri zizkidan aurrean. Lehenari buelta eman zion, eta taroteko arkanoetako bat azaldu zen: gudagizon batek gidatutako orga bat, aurrean bi zaldi zituena, zuria bata, beltza bestea.

―Hau zu zara. Gerran bizi zara zeure buruarekin eta inguruarekin, baina buruak agintzen du zure bizitzan.

Baliteke, pentsatu nuen. Begira geratu nintzaion, baina ez nion ezer esan. Bigarren kartari buelta eman zionean, neska bat agertu zen biluzik, ur ertzean belauniko, eskuetan txarro bana zuela, bateko ura lurrera isurtzen eta bestekoa ibaira botatzen; neskaren gaineko zeruan izar distiratsu handi bat ageri zen.

―Hau zure iragana da. Izarra. Itxaropena, baikortasuna, etorkizun oparoa. Hori da gazte denboran zeneukan panorama bikaina, etorkizunerako aukera ederrez betea. Orain ikusiko dugu izan zitekeena zertan geratu den.

Hirugarren karta agerian jarri zuenean, agure zahar konkortu bat atera zen, esku batean bastoi bat zuena eta bestean bidean argi egiteko farola.

―Hau da orain zarena. Eremutarra. Zeure baitan bilduta bizi zara, asko aurreratu duzu zeure burua ezagutzeko bidean, baina mundutik aparte ibiltzeak isolatuta geratzeko arriskua dakar.

Urduri jartzen hasi nintzen, baina ezer esateko betarik eman gabe laugarren karta jiratu zuen.

―Eta hau zure etorkizuna.

Bihotzak jauzi egin zidan dorrea ikusi nuenean, tximista batek bete-betean jo eta goiko alde guztia lehertutako dorre ilun bat. Bi gizon ageri ziren buruz behera airean, sutan zeuden leihoetatik salto egin balute bezala.

―Dorrea. Tximistak zauritutako dorrea. Suntsipen seinale garbia, gainbehera eta hondamena iragartzen dituena.

Patu gaizto hori iragartzean atsegin hartuko balu bezala hitz egin zidan.

―Eta egoaren porrota. Erabatekoa―gaineratu zuen irribarre maltzur batekin.

Ez naiz gogoratzen eskerrak eman nizkion edo zer esan nion, baina segituan atera nintzen handik, behar ez nuen tokian muturra sartu nuelako-edo gizonak eskarmentuan sartu nahi izan ote ninduen susmoarekin.

Eta etxerako bidea hartu nuen zuzenean. Gorbeia kalean nindoala, zaparradak harrapatu ninduen. Denda bateko erakusleihoaren aurrean geratu nintzen euri jasa hartatik babesteko. Trumoi beldurgarri batek dardara batean jarri zituen dendako erakusleihoko kristalak. Euria goian behean ari zuen, eta tximista zorrotz baten eztanda ozenaren ondoren txingorraren erasoa etorri zen, kale bazterrak zuritzerainokoa.

Etxera iritsitakoan arropa bustiak aldatu eta sofan etzan nintzen. Zigarro bat piztu nuen lasaitzeko. Bihar maiatza hasten da behintzat, egin nuen nire artean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide