HALA Komunikazioa BEDI Konponbidea jardunaldiak

hirinet 2012ko mai. 17a, 11:36

HALA BEDI irratiak 'HALA Komunikazioa BEDI Konponbidea' jardunaldiak antolatu ditu. "El relato y las victimas" lehenengo saio arrakastatsuaren ostean euskarazko mahainguruaren ordua heldu da. "Burujabetzarako euskal bide orria" izenpean Floren Aoiz idazlea, Mario Zubiaga Zientzia Politikoetan Doktorea eta Ramon Zallo EHU-ko Katedraduna izango dira eztabaidatzen, Edurne Begiristain kazetaria moderatzailea dutelarik.

Euskal Herrian  bizi dugun egoera politiko, sozial eta ekonomikoa ulertzeko eta etorkizunari heltzeko gakoak mahai gainean izango dira maiatzaren 21ean, 19.30ean, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean (Florida parkeko liburutegian).

Hala bedi!!

 

 

HALA BEDIREN MEZUA

Kontakizuna, biktimak eta burujabetza Hala Bedi Irratiaren jardunaldien ardatz.

● Rosa Rodero, ETAren biktima eta Carmen Galdeano, GAL-ena

mahai inguruan, Jose Mari Kortaren Bidetik eta Euskal Memoria fundazioetako ordezkariekin batera.

● Euskal Herriko erronka politiko eta ekonomikoek osatzen dituzte jardunaldiak eta, besteak beste, Maite Aristegi edo Floren Aoiz izango dira gonbidatu.

2012ko maiatzaren 8a. Kontakizuna, biktimak eta burujabetza politiko eta ekonomikoa dira Hala Komunikazioa Bedi Konponbidea jardunaldien ardatz. Aurtengo edizioan ere, "euskal gizartearentzat garai historikoak bizitzen ari garen honetan, politika kalera ateratzea da gure asmoa". Lehen mahai ingurua maiatzaren 14an izango da eta bertan euskal gatazka politikoaren konponbidean biktimek jokatu beharreko papera izango da mintzagai, baita garaile – galtzaile dialektika aproposa ote den ere.

Carmen Galdeano, GAL-ek hildako Xabier Galdeano Egineko kazetariaren alaba; Rosa Rodero, Ertzantzako Sarjentu buru zen Joseba Goikoetxearen alarguna; eta Jose Mari Kortaren Bidetik zein Euskal Memoria fundazioetako ordezkariak daude gonbidatu, Oskar Bañuelos kazetaria moderatzaile.

Floren Aoiz, historialari zein idazlea eta EHU-ko Ramon Zallo eta Mario Zubiaga irakasleak Burujabetzarako euskal bide orriaz jardungo dira, erabakitze eskubidea lortze bidean eman beharreko pausoak edota lurraldearen auzia nola bideratu aztertu asmoz. Berria egunkariko Edurne Begiristain izango da mahai inguru honetan moderatzaile.

Krisi garai hauetan, burujabetza politikoaz gain ekonomikoa ere zalantzan dagoenean, Hala Bedi Irratiak gai honi ere heldu nahi izan dio. Erabakigune ekonomikoak estatuez gaindiko esparruetan daudenean burujabetza ekonomikoa lortzea gauzagarria al den, abantaila eta arriskuak zeintzuk diren aztertuko dugu, maiatzaren 28an. Maite Aristegi, Amaiurreko parlamentari eta EHNE sindikatuko idazkari ohia; Jakue Pascual, soziologo eta jendarte ekintzailea; Anton Borja, EHU-ko ekonomia doktorea; eta, azkenik, Pedro Mari Olaeta, enpresaria (INGEINNOVA) izango ditugu Garako Iñaki Iriondok gidatutako mahai inguru honetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide