Bere prezioa New Yorkeko eta Londreseko burtsetan ezartzen da, eta aldakortasun handiaren mende egoten da. Antolatzaileen esanetan, larunbateko jaialdian aldarrikatuko den Bidezko Merkataritzak prezio egonkorra bermatzen die talde ekoizleei eta haurren lan-esplotazioa gerta ez dadin ahalbidetzen du. Era berean, lan-soldata eta baldintzak bidezkoak dira emakume eta gizonentzat eta bultzatu egiten da emakumeen partaidetza erabakitzeko organoetan. Ekoizpen-teknikei dagokienez, ekologikoak direla aldarrikatzen du eredu honek. Ez dira substantzia sintetikoak erabiltzen, ezta transgenikoak ere eta lurraren zikloak eta ingurunearen iraunkortasuna errespetatu egiten dira.
Kafe-ehogailu tradizionala eta pintxoen ibilbidea maiatzaren 12an
Larunbateko ospakizunari hasiera emateko, 12:00etan Probintzia plazan kafe-ehogailu tradizionalekin ehotzen ariko diren pertsonen kontzentrazioa egongo da. Aldi berean, munduko ehun bat herritan izango dira kafea ehotzen ariko diren pertsonen kontzentrazioak. Plaza horretan bertan hainbat espazio eta jarduera izango dira Bidezko Merkataritzaren errealitate eta proposamenetara hurbiltzeko: ekojolasak eta haurrentzako lantegiak, musika emanaldiak, kale antzerkia, trukea, ipuin kontalariak, bidezko merkataritzako produktuen salmenta eta dastatzea, informazio gunea, bidezko txokolate jana eta Kale Gorrian taldearen kontzertua amaitzeko.Horrez gain, Truke Gunea egongo da bertan, kirol ekipamendu, arropa, liburu edo materiala trukatzea helburu duen ekimena.
Ostalaritza establezimendu batzuek ere bat egin dute ospakizunarekin eta, horri esker, herritarrek Bidezko Merkataritzako osagaiz landutako bidezko pintxoen ibilbidea ere egin ahalko dute. Honako tabernek osatzen dute ibilbidea: El 7, Arrantza, Zabala, Virgen Blanca, Baztertxo, Victoria, La Unión, El Mentirón, Txapela, Rabia y Miel eta Hungaria. Taberna horietara hurbildu eta pintxoak dastatzen dituztenek bidezko merkataritzako produktuz osaturiko saski baten zozketan parte hartuko dute.
Informazio gehiago HEMEN
Saioa Fdz. de Arangiz
2012/05/09