Marc Almovodar 'Kanpora!' dokumentalaren zuzendaria: “Iraultza twitteatuko dela sinestea okerra da”

hirinet 2012ko mai. 8a, 10:53

marc almodovarEkialde Hurbila ez zaio urrun geratzen Marc Almodovar kazetariari. Alexandrian bizi den katalan honek zuzenean bizi du Egiptoko iraultza. Tahrir plaza, “Udaberri Arabiarraren” epizentroa, ondo ezagutzen du Marc-ek bertan eman baitzituen 18 egun testigantza eta irudi hunkigarriak grabatzen. Kamara eskuan grabatutako une historikoak “Kanpora!” dokumentalean bildu ditu. Egipton gertatzen denaren berri ematen jarraitzen du Marc Almodovarrek egiptebarricada.blogspot.com gunean eta twitter @egiptebarricada kontuan.  

'Kanpora!' dokumentalak Tahrir plazan 18 egunetan gertatukoa kontatzen du. Zelan laburtu iraultza egun horiek?

Zaila da lerro gutxitan 18 egun horietan bizi izandakoa laburtzea. Errusiar mendi batean egotearen parekoa izan zen, gora eta behera. Zirrarazko sentimendu multzoa. Filmatzen nengoela bizi izandako momentu asko ezin dira erraz ahaztu.


Historiaren noranzkoa aldatu zuten bi aste horiek zuzenean bizi zenituen… Urte bete beranduago nola baloratzen dituzu “Udaberri Arabiarraren” ondorioak?

Analisiak epe-luzera egitea merezi du; bestela, zuhaitzek ez digute basoa ikusten utziko. Nire ustez, 5-10 urte behar dira arabiar mundua astindu eta ostean haserrealdi globala sustatu zituzten iraultzak baloratzeko. Ez naiz ari Estatu Espainiarrari buruz bakarrik, Grezian gertatutakoa edota Occupy Wall Street mugimendua…  Protesta bost kontinenteetara hedatu da.

Egipton, adibidez, agerikoak dira iraultza bahitzeko saiakerak baina herriak ausardiaz defendatzen ari da iraultza eta ez diete berriro ziria sartuko. Atzera bueltarik ez dago.  Islamisten goraldiak eta boterera heltzeak ahulduko ditu talde hauek. Izan ere, egun ez dira gauza herriaren grinak asetzeko, honenbestez, iraultzaren kontrol militarrak ez du luze iraunduko. Hala ere, ez da erraza izango... 18 egunetan iraultza egin zitekeela uste zuena oker zegoen.


Tarhir plaza iraultzaren epizentro bihurtu zen, baina luze landutako mugimendua zegoen atzean. Agerikoa izan ezpada ere emakumeen papera ezinbestekoa izan da iraultza honetan, ezta?

Tahrir zentro mediatikoa izan zen baina iraultza herri osoa astindu zuen. Mundu osoa. Ezer ezetik ez zen sortu, aspaldi landutako kontua zen. Genero ikuspuntuari dagokionez obsesio puntu bat dagoela esango nuke. Dokumentala ikusi ostean askotan galdetzen didaten kontua da.

2006an Mahala el Kubran izandako grebak emakumeek hasi zituzten. Ordutik mobilizazioen parte izan dira, iraultzaren funtsezko osagaia. Jendeak herri arabiar eta musulmanetan jartzen du horrelakoetan arreta gehien, eta batzutan hurbilen dugun hori ahaztu egiten dugu. Bistan denez, ez dut generoaren auziak Egipton jasaten duen indarkeria txikiagotu nahi. Ostera, patriarkatua  munduko emakumeek pairatzen duten arazoa da, ez dute arabiarrek edo musulmanek sortu, batzuk horrela azaltzen saiatzen badira ere.  Horiek horrela, sare-sozialetan aurki daitezkeen “Emakumeen hitzak egiptoar iraultzan” (*Words of Women from the Egyptian Revolution) dokumentalak ikustera gonbidatzen zaituztet.


Zer nolako garrantzia ematen diezu sare-sozialei eta Interneti orokorrean matxinada arabiarretan? kanpora-tahrir

Galdera konplexua. Hasiera batean erabilgarria izan zen jendea deitu eta biltzeko. Hedabideen zentsura salatzeko eta, batik bat, erregimenek egindako basakeriak eta gezurrak hedatzeko aukera eman du Internetek; honakoan, bideoek eta argazkiek bereziki izan dute garrantzia. Hala ere, handiagotu egin da kontu hau. Ikaragarrizko publizitate kanpaina egin zaio gai honi eta Mubaraken osteko aktibismoa kaltetu du. Batez ere iraultzaileen irudi faltsua sortu delako, goi-mailako ziberaktibista ingelesdun iraultzailearen irudia gailendu da. Askok sinistu dute, baina faltsua da guztiz. Iraultzan denek hartu dute parte, eta gutxien dutenek gehien arriskatu dute.  Iraultza twitteatuko dela sinestea okerra da.


Dokumentalak milaka pertsonek plaza batean bizitakoa kontatzen du, Egiptoko herriaren testigantzak eta irudiak, lider iraultzailerik gabe. Buruzagi eza iraultza honen gakoa izan daiteke?

Batasunak indarra dakarrela uste dut, eta oraingo honetan berriro demostratu da. Buruzagirik, ikurrina alderdikoirik edota talderik ez egoteak bataila irabaztea ekarri duela esango nuke. Baina argi utzi nahi dut oraindik ez dela guztiz irabazi, eta horrelako alderdikeriek prozesua enkistatzea lortu dutela, prozesua luzatzea ekarri dutela.


Bataila bat irabazi zen… Baina urte bete beranduago zer arnasten da Kairon?

Etengabeko aldaketa bizi da. Agian ez dago garai bateko batasuna, baina argi dago gazteek ekarri behar dutela aldaketa. Azken batean, belaunaldien arteko iraultza izango da. Belaunaldi berriek iragan ilunarekin apurtu eta etorkizun oparoa idatzi nahi dute.


Munduak bizi duen egoera ikusita dokumental berrietarako ideiak ez zaizkizu faltako, ezta? Zein da Marc Almodovarren hurrengo proiektua?

Egun Egipton bizi naiz, trantsizio garaia eta iraultza jarraitzen. Istorio txikiak dokumentatzen ditudan bitartean proiektu berriak ditut buruan.

 

Egilea: Naroa Cuesta

2012/05/08

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide