Sumision City Blues, herri otzan honetako intsumisoen blues-a

hirinet 2012ko mai. 8a, 09:39

sumision-diskoaren-azalaGogoan dut Sumision City Blues ikusi nuen lehenengo aldia. Sentsazio arraroa eduki nuen. Sailkatzen ez dakizun zerbaitek eragiten dizuna, ezezagun edo berria denak sortzen duena. Ez nekien taldea gustuko nuen ala ez.

Ez nuen nire unibertso musikalean ahots hura, hizkera hura, musika harekin lotzen. Gitarra dema gehiegizkoa zelakoan nengoen. Eskerrak pauso ziurreko oinarri erritmikoa zuten.

Baina hurrena jo zutenean joan egin nintzen ikustera, eta ez laguntasun hutsagatik. Beste aukera bat emateko prest nengoen. Bigarren aldiz ikusten ari nintzela, konturatu nintzen abesti batzuen melodia eta hitzak iltzatuta neuzkala buruan.

Poliki-poliki euren mundura eraman ninduten, hasieran arraro egiten zitzaidana erakargarri zait orain. Honi guztiari eszenatoki gaineko jarrera  eta frontman bikaina gehitu behar zaizkio gainera.

Berriki argitara eman dute ‘El odio, la demacración y la ternura humana’, lau abestiz osaturiko disko laburra; Rock&roll-a kaleko poesiaz bustirik, gitarra garbiak eta hitz zikinak, lelo gogoangarriak akatsik gabeko erritmoen gainean.

Lau kanta, lau ereserki. Entzun ezazue pare bat aldiz eta Amoniaco impuro zuen dutxarako doinu bilakatuko da, garagardoa eskuan lagunekin batera kantatzeko eguna noiz iritsiko itxaroten duzuen bitartean. El efecto demacracion-en lehenengo akordeekin errepikaren zain aurkituko duzue zeuen burua. Saihestezina egingo zaizue El odio que guardas para mi eta La ternura humana-rekin hatzez kriskitin egitea, oinekin groove-a jarraitzea.

Intsumisoen blues-a, herri otzan honetan sortua. Hiriburu berdearen kale garbiegiek sortzen duten goragalea aldarrikatuz.


Egilea: Jon Basaguren  @jonbasaguren

2012/05/08

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide