Japonian nuklearrei agur esan dieten bitartean, Garoña 2019ra arte zabalik egongo dela aurreikusten da

hirinet 2012ko mai. 7a, 11:33

garonaogetaArabako jendartea hamaika aldiz agertu da Santa Maria de Garoña zentral nuklearraren kontra, aldiz, Espainiako Gobernuak gorrarena egiten jarraitu du bere bizitza 2019 urtera arte luzatuz. Japonian nuklear guztiak itzali dituztela-eta, gurean honelako erabakiak noiz hartuko diren zain dago jendartea.

Agur esan diote japoniarrek martxan zegoen azken zentral nuklearrari igaro den asteburuan. Tokioko administrazioa egun, dagoeneko, amatatuta dauden hainbat zentral berriro ere funtzionamenduan jartzen saiatu bada ere, herritarren erantzun tinkoak asmo horiek geldiarazi ditu.

Iazko Fukushimako istripu larriaren ondoren, nuklearren kontrako jarrera hedatu zen herritarren artean, izan ere, Txernobilgo ezbeharraren ostean, inoizko larriena izan zen. Eragin zehatza zein izango den jakiteko goiz den arren, zazpi mila bat lagun erradiazioa handiaren eraginpean egon ziren eta, besteak beste, kutsadura garbitzeko lanak 25 urtez luzatuko dira.

Gure herrialdean ere hamaika izan dira Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra ixteko eskariak. Adibide bat jartze aldera, azken aldarria martxoan 24 eman zen Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Araba Garoñarik Gabe plataformak 228 elkarte eta talde batu zituen egindako ekitaldian: enpresa batzordeak, sindikatuak, kultur taldeak, kontzejuak, gizarte mugimenduak… Espainiako Gobernuari Garoña 2019 urtera arte zabalik mantentzeko arrazoi ekonomikorik ez dagoela gogorarazi zioten. Aldi berean, Arabako jendartea haren kontra dagoela adierazi eta luzapenaren kontra egin dezaten eskatu zioten euskal instituzioei.

Garoña zein Fukushima urte berean jarri zituzten martxan, 1971n. Biek teknologia eta sistema bera eta antzeko potentzia zuten komunean. Espainiako Gobernuak, aldiz, Fukushimako istriputik ikasi beharrean, Garoñako zentral nuklearraren bizitza 40 urtetik gora luzatzeko erabakia hartu du, nahiz eta jendartea kontra dagoen badakien. Aurreko legealdian PSOEk zentrala 2013ko ekainean itxi egingo zuela esan bazuen ere, datorren urteko ekainean ez da halakorik emango; PPk 2019 urtera arteko baimena ematearen alde azaldu baitzen hauteskundeak irabazi eta gutxira. Urte luze hauetan, Garoñak hamaika arazo tekniko izan ditu hozte sisteman, suteak eragozteko sisteman eta kontrol sala isolatzeko sisteman, eta egiturazko beste hainbat ere bai. Azken arazoa martxoan eman zen, karga jaisteko maniobra batean akats bat eman eta programatu gabeko beste geldialdi bat izan zuen. 2006tik Espainiako Estatuko zentralik zaharrena da.

 

Egilea: Zuriñe Etxeberria @Zurinetxeberria

Argazkia: Iera Larrabeiti

2012/05/07

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide