Juan Vallejo: “ Inolako kanpoko laguntzarik gabe eta autonomia osoz egin genuen espedizioa”

hirinet 2012ko api. 27a, 12:59
JUAN ANTARTIKA 1 Juan Vallejo mendizale gasteiztarrak, Alberto Iñurrategi eta Mikel Zabalzarekin batera, “Trasantartika 2011” proiektua aurrera eramatea lortu zuen urte hasieran eta oraingoan, aurreko apirilaren 24an, Zuiako Udalan “Trasantartika 2011” hitzaldia eskaini eta gero, berarekin solastu gara. 2011ko azaroaren 15ean hasi zen esperientzia honek Antartika zeharkatzea zuen helburu. Askok lortu duten erronka dirudien arren, honek berezitasun nabaria izan zuen; autonomia osoz egitea, hain zuzen.

Lehenik eta behin, zorionak! Egunotan egin duzuen espedizioa Euskal Herritik zehar erakusten ari zarete. Nola sortu zen ideia eta zer da “Trasantartika 2011”?

Beti izan dugu hau bezalako zeharkaldia egiteko gogoa eta aurten errealitate bihurtzeko aukera izan dugu. Antartida zeharkatzea zen erronka nagusia, guztira 3.500 km, alde batetik hasi eta beste muturrean bukatu, hain zuzen. 57 egun eman genituen lortzeko. Espedizioa prestatzeko Groenlandian ere zeharkaldi handi bat egin genuen; 2.200 km 34 egunetan. Dena den, mendian bezala, guretzat inportanteena gauzak egiteko modua da eta oraingoan ere modu jakin batean jokatu genuen, hau da, inolako kanpoko laguntzarik gabe eta autonomia osoz, hala, hasieratik amaiera bitartean, behar genuen guztia guk geuk eraman genuen. Trineoek 100 kilo inguru pisatzen zuten eta guk geuk eramaten genituen. Haizea jotzen zuenean kometen laguntza izaten genuen, baina hauek ere kontrolatzea ez zen lan makala.

JUAN ANTARTIKA 357 egun. 3 bidai lagun. Momentu zoriontsuak eta latzak, suposatzen dut. Nolakoa izan da zuen arteko harremana?

Egia esan, bizikidetza gogorra izan da, mendian baino gogorragoa. Baina oso lagun onak gara eta primeran ezagutzen dugu elkar, hortaz, ez dugu problema handirik izan eta garrantzitsuena da bueltan, lagunak izaten jarraitzen dugula.

Momenturik zailena, edo behintzat entzutetsuena, zure trineoa 30 metro behera erori zenean izan zen, ezta?

Oso momentu latza izan zen hura, batez ere, ni ere behera erori behar nintzela pentsatu nuelako. Zorionez, nire kideen, eta baita nire erreakzioa ere, oso azkarra izan zen eta dena  ezustekoan besterik ez zen geratu!

Eta momentu barregarririk?

Asko izan dira, bai, umore ona izatea ezinbestekoa zitzaigun, batez ere, egun bakoitzari amaiera ona emateko.

Espedizioaren egun arrunt bat, nolakoa zen?

Egun guztiak ia-ia berdinak izan ziren. Goizean altxatu, denda bildu, kometak prestatu, 10-12 ordu eskien gainean eman eta berriro kanpamendua eraiki, hau da, denda muntatu, afaria prestatu eta berehala ohera. Erabat suntsituta bukatzen genuen eguna. JUAN ANTARTIKA 2

Zure helburuen artean, 14 zortzimila egitea aurkitzen ez dela esan zenuen behin. Zein da beraz, zure grina mendizale bezala?

Oso proiektu polita dela aitortu behar dut baino ez orain jendeak egiten duen moduan, hau da, beti bide normaletatik, zamaketariekin eta soka finkoekin. Beste era batean egin ahalko banu, 14 zortzimilak egiten saiatuko nintzateke, baino momentuz nahiago dut beste gauza batzuk egitea, besteak beste, mendi ezezagunak igo, bide originalak eta teknikoagoak erabiliz. Gauza polit asko dago egiteko eta gehienek ez dauzkate 8.000 metrotako altuera.

Mendizaletasunaren baloreak, lehiakortasunaren aurrean, nolabait galdu direla esango zenuke? Nola ikusten duzu mendizaletasunaren osasuna egunotan? Benetako esentzia galdu dela esango zenuke?

Bakoitzak jakin beharko du zergatik eta zertarako joaten den mendira, bakoitzak bere motibazioak dauzka eta, nola ez, esentzia mota asko dago. Ez dakit, nik behintzat zentzu horretan ideiak argiak dauzkat, baina besteen buruan zer dagoen jakitea zaila da.

Posible egiten al zaizu mendizaletasunetik bizitzea? Krisia ere alor honetan nabaria izango da, ezta?

Inoiz ez da erraza izan, baina nik zorte handia izan dut eta urte batzuk daramatzat mendiaz bizitzen, baino edozein momentutan bukatu daitekeela argi daukat, eta noski momentu hauek zailagoak direla, arlo guztietan bezala.

Zein da Juan Vallejoren hurrengo proiektua?

Oraindik zehazteke dago, baino zer edo zer egingo dugu. Hori bai, hurrengo proiektuak mendiarekin zerikusia izango du zalantzarik gabe.  

 

 

2012/04/27

Saioa Fdz. de Arangiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide