ARTIUM, hamarkada bat arte garaikidearen mesedetan

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Martinez de Luna 2012ko mar. 6a, 12:25


Artium

Picassoren “Gernika” obraren sormen-prozesuan sakontzen duen erakusketa da urteurrenaren ospakizunen ardatza


Hamar urte igaro dira jada Gasteizek Arte Garaikideko berezko espazio publikoa duenetik. Hamar urte igaro dira jada, egungo artea bildu, sortu, zabaldu eta bertako zein nazioarte mailako lanak transmititzeko helburuarekin jaio zenetik. Baina ez hori bakarrik. Hamarkada bat igaro da jada kultur jardueretarako museo eta zentro honek honako konpromisoa hartu zuenetik: gizartearen kontzientzia kritikoa suspertzea eta Arabako lurraldea artea eta kulturarekin konprometitua dagoela ezagutaraztea, alegia.

 Bide luze honetan, Arte Garaikideko bilduma zabala eta koherentea, aldi baterako erakusketen asmo handiko programa, kultur jarduera anitz eta txikienei (eta nagusiei ere) egungo artea hurbiltzeko Hezkuntza programa interesgarria izan dira Artium zentroko ildo nagusiak. Izan ere, aurten programazio berezia prestatu du urteurrena behar bezala ospatzeko.

 

Urteurrena, murrizketa urtea


Paradoxikoki, 2012an erakundeak murrizketak jasan ditu eta aurrekontuak %10 egin du behera. Horrek ez du, ordea, eskaintzaren kalitatea murriztuko eta urteurrenaren ospakizunean Pablo Picassoren “Gernika” obra ardatz nagusia bilakatu da. Hala, Jose Ramon Amondarain artista donostiarrak malagarraren obra ospetsuaren sormen-prozesuaren une desberdinak irudikatu ditu zortzi mihisetan, Picassoren musa izan zeneko Dora Maar argazkilariak hartutako irudietan oinarrituz.

Aldi berean,  Cristina Lucas, Pepo Salazar, Daniel Garcia Andujar eta  Pilar Albarracin artistek mugak gainditu dituen obraren inguruko ikuspegi berria eta eguneratua aurkeztuko dute proiektu honetan.

Bigarren seihilekoan, aldiz, soilik Artium Bildumaren artelanek osatuko dituzte  zentroko areto guztietan ikusgai egongo diren erakusketa guztiak.

 

2012/03/06

Egilea: Saioa Fdz de Aranguiz

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide